• Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako diseinuaren asteak bederatzigarren edizioa amaitu du, egindako 65 ekitaldietara 7.000 pertsona baino gehiago bertaratu eta gero, hogeita hamar gunetan jarduerak antolatu dituzten 43 eragilerekin batera.

  • Artikulazioa izenburupean, BBDW 2023k tokiko sorkuntza-ekosistema garatzen lagundu du, diseinura hurbilduz eta diseinuari buruz gogoeta eginez, hobekuntzatik eta berrikuntzatik abiatuta, eta eragileen eta gizartearen arteko lankidetza-harremanak sustatuz.

  • Zabalguneko eraikinean erakusketa bat egin zen –eguneroko esperientzien emaitza–, astean zehar IED Kuntshaleko adituek eta ikasleek eraikitakoa.

Bilbao Bizkaia Design Week 2023k (BBDW 2023) bederatzigarren edizioa amaitu du, azaroaren 16tik 26ra bitartean 7.129 pertsona bertaratzea eragin duen programa bat osatuta. Guztira, 8.418 jarraitzailek parte hartu dute sare sozialetan, eta 420.000 lagunengana iritsi da, antolatzaileek zenbatetsitako datuen arabera. Guztira, 65 ekitaldi egin dira: 50 jarduera, 11 erakusketa eta 4 jaialdi; 43 eragilek bultzatu dituzte jarduerak, bakoitzak gutxienez jardueraren bat hartu duten hogeita hamar gunetan, Euskadiko sormen- eta diseinu-industrien sektoreko ekitaldirik handienean.

Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatua, hiriaren eta lurraldearen garapen ekonomikorako eta nazioarteko proiekziorako faktore gisa diseinua eta industria sortzaileak sustatzeko, eragile sortzaileei beren aniztasuna eta harremanak balioetsiz, bai sektore sortzaileen artean, bai beste arlo ekonomiko eta sozial batzuekin batera.

Gogoan izan behar da Bilbok eta Bizkaiak 5.881 enpresa dituztela sorkuntza-jardueretan, eta horiek 20.652 pertsonari ematen dietela lana. Guztira, enpresa-sare osoaren % 6,7 dira, eta Hiriko eta Lurraldeko enpleguaren % 4,5. Sorkuntza-sektore horretako enpleguari dagokionez, bideo-jokoen eta softwarearen, publizitatearen, argazkigintzaren eta zinema- eta bideo-industrien hazkundea da nabarmentzekoa.

Bilbao Bizkaia Design Week 2023 Artikuluzioa izenburupean garatu da. Artikulazioa-k diseinuari buruz bi norabidetan hurbiltzea eta hausnartzea proposatu du. Alde batetik, antolatzen garen, ekoizten dugun edo bizi garen moduen hobekuntzarekin eta berrikuntzarekin diseinuak duen erlazioari buruz, gizarte gisa ditugun erronka eta beharrei aurre egiteko. Eta, bestetik, forma horiek nola eragiten dioten diseinuaren ekosistemari berari ere, eta nola hobetu dezaketen, lankidetzako harremanak sustatuz, bai diseinuko eragileen eta azpisektoreen artean, bai beste eremu sortzaile, ekonomiko eta sozial batzuekin.

PROGRAMAZIO ASKOTARIKO ETA BANATUA

BBDW23k era hedatuan antolatu ditu diseinuarekin eta haren praktikekin lotutako jardueren programazio zabal eta askotarikoa, eta, horretarako, ColaBoraBora izan da komisario zereginean. Zabalgune eraikineko ataria, arrezifeari bizia emateaz eta BBDW23ren irekiera- eta itxiera-jarduerak hartzeaz gain, KAIXO!-rekin azaroaren 16an eta OSPATU!-rekin 24an, beste jarduera asko hartu zituen eremua ere izan zen. Gaikako topaketak eta tailerrak, hala nola, Euskal Herriko Kosorkuntza Ekosistemak antolatutakoak, antolakuntza-eredu berriak esperimentatzeari buruzkoak, E-kin komunitatearen topaketa, diseinua ahizpatasunarekin pentsa kutxa barne, Bilbao Ekintzak eta Ihobek antolatutako ekonomia zirkularrari eta ekodiseinuari buruzkoa, T-Factor europar proiektuaren esperientzia trantsizio iraunkorrei buruz, dinamizazioa berrikuntza-ekosistemak aktibatzeko funtsezko pieza gisa, Urbegi Social Impactek antolatua, bizitza-luzera berriari buruz, Bilbao Ekintza-tik; pentsamendu sistemikoari buruz, DiaradesignetikHabitat Inspiration hitzaldiak, Otzarretak antolatuta; eta “Merkatutik mahaira” aurkezpena, Urbanbat jaialdiaren aurrerapen gisa.

Baina programazioa hiriko eta lurraldeko beste leku askotan zabaldu zen. DATA COllectivek jarduera-programa oso bat garatu zuen Artiach fabrikan, “En el pasillo” erakusketaren inguruan. Erakusketa pieza bakarreko enkantearekin eta Spiritus Mundi performancearekin amaitu zen. Besteak beste, tailer hauek egin dira: sorkuntza expressekoa, Javirroyorekin; Shyncricaren sareetarako edukiei buruzkoa; LEINN Artsek proposatutakoa, artistek elkarren artean onura komunerako sareak ehuntzeari buruzkoa; Metamerismena, Objetok Andrea Forapanirekin antolatua, sorkuntza digitalaren eta artisautzaren arteko elkarguneari buruz. Zuzeneko diseinuaren lehiaketa, DUARAk antolatua; Hondakinetik modara moda-desfile inklusiboa, Didi Modelsen eskutik; Estudio Bokashiren ate irekiak ehungintzarako, birsorkuntzarako eta autosufizientziarako alternatibei buruzko proba- eta hutsegite-prozesuak erakusteko. Quarkartek antolatutako Jasangarritasuna abian topaketak Urdaibaiko Ekoetxeraino eraman gaitu. Programazio zabala La Perreran, Basurtu auzoko ekipamendu berrian, batez ere gazteei zuzendua. Eta tximinoen inbasioa ere bai Moyua plazan!

PANORAMA PROFESIONALA, LANARI ETA TALENTUARI LOTUTA

Horrez gain, urtero bezala, EIDE elkarteak hainbat jarduera antolatu zituen, hala nola Begihandi, Open Studio, Portfolio Night eta Talentu Gazteak, diseinuaren panorama profesionala erakusteko, publiko berriei irekitzeko edo belaunaldi arteko harremanak sustatzeko.

Halaber, programazioaren zati handi batean, lana eta azaleratzen ari den talentua izan ziren protagonista, gero eta ugariagoa baita diseinuko eskolen eta unibertsitate-zentroen ekosistema. Horrez gain, sarrera-tailer asko eskaini zituzten, prestakuntza-eskaintzaren erakusgarri gisa. Hainbat hub eta elkarte sektorialek dinamizatutako networking eta polinizazio gurutzatuko topaketak. Eta jakin-mina are gehiago elikatzeko, erakusketak eta jaialdiak, hala nola Bideotikan, FIG Bilbao, Selected’23, Simbiotopía eta This is Basque Design Merkatua.

Azken finean, astebete baino gehiago 65 jarduerarekin, gai eta formatu ugarirekin, eta askotariko 30 kokapenekin, zazpi mila pertsona baino gehiago bertaratuta eta zortzi mila jarraitzaile baino gehiago izanik sare sozialetan; horiek guztiek batera BBDW 2023 honen balantze oso positiboa ematen dute.