185.000 “Bilbao Bonu” baliatuko dira 9 milioi euro sortzeko covid-19ak gehien kaltetu dituen 4 sektoreentzat

Azaroak 12

  • Bilbao Aurrera planeko neurrien artean dago hau ere, eta lehentasunezko xedea du BONUEN bidez laguntzea Covid-19ak gehien kaltetu dituen 4 sektoreei: MERKATARITZA, KULTURA, OSTALARITZA/JATETXEAK ETA TURISMOA (ostatuak eta turismo jarduerak). Berrikuntzen artean, herritarrei parte hartu eragitea gertuko establezimenduetan kontsumi dezaten, geure auzoetan.
  • Juan Mari Aburto alkatearen arabera, uri batek abian jartzen duen bonu-eskaintza handiena eta osatuena da, eta, Bilboko Udalarentzat, lehenengo aldia da horrelako ekimen bat abian jartzen duena. Kalkulatzen da 185.000 bonu banatuko direla 4 sektoretan, eta 9 milioi euroko negozio-eragina izango duela. Gainera, bonu bakoitzaren % 50 Udalak jarriko du. “Programa erraz eta erakargarri bat da, bai erosleentzat, bai establezimenduentzat”.
  • Planaren inbertsioa, guztira, 3 milioi euro da: 2,6 milioi “Bilbao Bonuetarako” eta 400.000 euro erakunde arteko kanpainarako.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Xabier Ochandiano Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako eta Enpleguko Saileko zinegotziarekin eta Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza Saileko zinegotziarekin batera, Udalaren #BONOBILBAO bonuen kanpaina aurkeztu du gaur, COVID-19ak gure urian gehien kaltetu dituen lau sektoeei laguntzeko: merkataritza, kultura, ostalaritza/jatetxeak eta turismoa (ostatuak eta turismo jarduerak).

#BilbaoAurrera Planeko neurririk handienetako bat da, shock-programa bat, Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztiekin adostua eta sektoreekin eurekin landua; sektoreen ordezkariak aurkezpen ekitaldian izan dira gaur.

Juan Mari Aburto alkatearen arabera, uri batek abian jartzen duen bonu-eskaintza handiena eta osatuena da, eta, Bilboko Udalarentzat, lehenengo aldia da horrelako ekimen bat abian jartzen duena.

Hala, 3 milioi euroko inbertsioa egin da guztira, eta, horietatik, 2,6 milioi euro #BONOBILBAO ekimenerako dira, eta gainerako 400.000 euroak Euskadiko erakunde arteko kanpainarako.

2,6 milioi euroko inbertsio honek 9 milioi euroko negozio-bolumena eragingo du urian. Aurrekontu horrekin, 185.000 bonu aterako dira merkatura, 4 sektoreen artean banatuta.

Lehentasunezko xedea da, Juan Mari Aburtok azaldu duenez, ekonomiari eragitea, albait lehen eta iraunkorki, zuzen-zuzen heldu dadin kolektibo profesional horietara, baina “herritarrei eurei ere parte hartu eraginez, bonuak eskura ditzaten barrutietako establezimenduetan eta gertueneko establezimenduetan erosi eta kontsumitzeko. Programa berezi bat da, egungo egoeraren neurrira egina, eta erakargarria izan nahi du, baliagarria eta praktikoa, bai establezimenduentzat, bai erosleentzat”.

KANPAINAREN FASEAK

COVID-19 gaixotasunaren egungo eboluzioa dela-eta, kanpainak zenbait fase izango ditu:

  1. Lehenengo fasean, Merkataritza bonuekin (48.727 bonu) eta Kultura bonuekin (34.261 bonu).
  2. Bigarren fasea, Ostalaritza/Jatetxeak (91.364 bonu).
  3. Eta hirugarrena, Turismoa (10.507 bonu).

4 sektore horietan, kanpainak 2021eko martxoaren 31ra arte iraungo du. Era berean, establezimenduek gaurtik bertatik egin dezakete bat kanpainarekin (azaroaren 12tik), eta kanpainak irauten duen artean noiznahi.

Herritarrak 2020/11/18tik has daitezke bonuak erosten, 2121/03/31ra arte, eta bonuak trukatzeko azken eguna 2021/04/03a izango da.

BERRIKUNTZA NAGUSIAK

Berrikuntzen artean, besteak beste, zuzenean eragiteko kanpaina bat prestatu da, herritarrei eurei parte hartu eraginez, bonuak eros ditzaten eta Bilboko establezimenduetan erosi eta kontsumi dezaten, edo bakoitzaren auzoan, eta, hala, merkataritzako, kulturako, ostalaritzako eta turismoko jarduera suspertzen lagun dezaten.

Horretarako, Merkataritza eta Ostalaritza kategorietako bonuak barruti bakoitzean banatuko dira, establezimendu kopuruaren arabera.

Beste berrikuntza bat da Udalak bonu bakoitzaren erdia ordainduko diela erosleei; bonu horiek, gainera, bateragarriak izango dira eta pilatu ere agin ahal izango dira beste administrazio batzuenekin.

Halaber, plataforma digital bat atondu da, oso erraza (www.bonobilbao.eus), egungo egoerari egokitua, bai establezimenduek bat egin dezaten, bai herritarrek bonuak eros ditzaten

SEKTOREAK KONTSUMITZAILEAREN EKARPENA UDALAREN EKARPENA BONUAREN BALIOA
MERKATARITZA 15€ 15€ 30€
OSTALARITZA/JATETXEAK 10€ 10€ 20€
TURISMOA 1 30€ 30€ 60€
TURISMOA 2 15€ 15€ 30€
KULTURA 1 10€ 10€ 20€
KULTURA 2 20€ 20€ 40€

 

NOLA ESKURATU BONUAK

Bonuak adin nagusiko edozein pertsonak eros ditzake, Bilbon bizi direnek nahiz kanpotik bisitan etorritakoek, eta NAN edo AIZ erakutsi beharko dute erosketa egiteko unean, 2021eko martxoaren 31ra arte.

Bide digitaletik eskura daitezke, www.bonobilbao.eus web plataformaren bidez, edo Kutxabank-en sarrerak saltzeko eta jasotzeko kutxazainetan.

Behin bonua erositakoan, kanpainarekin bat egindako establezimenduetan trukatu beharko dira, paper formatuan nahiz passbook moduan (mugikorrarekin).

Merkataritzako eta ostalaritzako bonuetan, txartela erosteko unean, bonua zein barrutitan kontsumitu nahi den hautatu beharko da, eta barruti horretan baino ezingo da trukatu gero.

NAN bakoitzarekin gehienez ere eskuratu ahal izango den bonu kopurua 20 izango da, eta erosketa tiket bakoitzeko gehienezko bonu kopurua 4 izango da. Era berean, erosketa tiketaren zenbatekoa bonuaren zenbatekoa adinakoa edo handiagoa izan beharko da, halako eran non bonuaren zenbatekoa erosketa eta/edo kontsumizio bakoitzarekin erabat ahituko den.

Bilbao Bonuak bateragarriak izango dira beste administrazio batzuenekin, eta, hala, pilatu ere egin ahalko dira tiket berean ageri den erosketan. Gainera, posta elektroniko bat ireki da kanpainari buruzko kontsultak egiteko: bonobilbao@bilbaoekintza.bilbao.eus.

PROGRAMA OSO IREKIA ESTABLEZIMENDUENTZAT

Bat egin dezakete:

  • Edozein pertsona fisikok edo juridikok, baldin eta haren enpresa jarduera merkataritzako, kulturako, ostalaritzako edo turismoko sektorean gauzatzen bada eta saltegi bat badauka irekita jendearentzat Bilbon.
  • Artisauek, baldin eta Bizkaiko lurralde historikoko Artisautzako Entitateen Erregistroan izena emanda badaude eta Bilbon badute egoitza, eta/edo artisau elkarte profesionalek antolatuta Bilbon gauzatzekoa den azoka batean parte hartzen badute programak irauten duen bitartean.
  • Turismoa: bitartekaritzako turismo enpresak, turismo gidariak eta turismo aktiboko jardueretako enpresak, Bilbon jarduten direnak.
  • Erakunde arteko kanpainarekin bat egiten duten saltegientzat, EZ da beharrezkoa izango izen ematea osorik egitea, baizik eta geratzen diren datuak betetzea.
  • Saltegi batek EJZ bat baino gehiago baditu era bateko eta besteko bonuekin zerikusia dutenak (merkataritza, ostalaritza eta jatetxeak, ostatatze turismoa edo kultura), BONU MOTA BAT BAINO GEHIAGO hautatu ahal izango ditu. Horretarako, nahikoa izango da behin bakarrik izena ematea, hautatu ahal dituen bonu moten artean zeintzuk hautatu nahi dituen adieraziz.
  • IFZ bakarra duten negozioen kasuan, establezimendu bat baino gehiago badauzkate Bilbon, ESTABLEZIMENDU GUZTIEK bat egin ahal izango dute kanpainarekin, banan-banan.
  • Gehienez ere trukatu ahal izango diren bonuak 200 dira.
  • Kulturako bonuen kasuan, gehienezko kopurua 30.000 euro izango da establezimendu bakoitzeko.

#BONOBILBAO
#BILBAOAURRERA