Bilboko 26 enpresek ‘Mentoring Bilbao’ programan parte hartuko dute, marka guztiak hautsi dituen ekimenaren hamaseigarren edizioan

Urriak 29

  • Bilboko Udalak Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez bultzatutako ekimenaren XVI. edizioa hasi du gaur. Programaren xedea hiriko 26 enpresaren etorkizuna babestea eta hobetzea da, eta aurten merkataritza-sektorearen partaidetza handiagoarekin burutzen da.

  • 26 mentore profesionalek modu altruistan eskainiko diete euren ezagutza eta esperientzia hautatutako beste hainbat enpresari eta, horrela, mentoring bikote gehien lortu dira ekimena martxan jarri zenetik.

Mentoring Bilbao’ programari gaur eman zaio hasiera Zabalgune eraikinean; Bilboko Udalak Bilbao Ekintza udal sozietatearen bidez garatzen duen programa hau hiribilduan enpresak hazi eta hobetzeko duen ekimenetako bat da eta aurtengoa hamaseigarren edizioa da. Izan ere, marka guztiak hautsi dituen edizioa da, programa sortu zenetik mentoring bikote kopuru handiena osatzea lortu baita. Guztira Bilboko 52 enpresaren hautagaitzak jaso ondoren, azkenean 26 izango dira 26 mentore profesionalen laguntza jasotzeko hautatuak.

Aurreko edizioekin alderatuta ‘Mentoring Bilbao’ ekimenak merkataritza-sektorearen partaidetza handiagoa erregistratu du aurten, txikizkako merkataritzaren eremuko sei enpresarekin (2023an baino 3 gehiago) eta handizkako merkataritza-enpresa batekin; beraz, parte-hartzaile guztien % 27 eratzen dute. Era berean, nabarmentzekoak dira zerbitzu profesionalekin lotutako enpresak (8 enpresa, %31), zerbitzu pertsonalak (4 enpresa, % 15), kultura-jarduerak (2 enpresa, %8) eta teknologia (2 enpresa, %8), bai eta ostalaritzaren/ostatuen, diseinu grafikoaren eta turismoaren arloetako konpainiak ere. ‘Mentoring Bilbao’ programan parte hartzeko hautatutako enpresa guztiek 3 urtetik gorako jarduera dute.

Aurtengo edizio honen beste ezaugarri bereizgarrietako bat enpresek mentorizazio-prozesurako planteatu dituzten helburuen argitasuna eta dibertsifikazioa da. Hautatutako 26 enpresetatik 10ek (%38) negozioa hazteko eta zabaltzeko laguntza nahi dute, 7 enpresak (% 27) euren egungo egoera berrikusteko kanpoko ikuspegi profesionala eskatzen dute eta 4 (%15) negozio-ereduan aldaketa estrategikoak egitera bideratzen dira. Gainera, bi enpresaren kasuan euren negozioaren alderdi espezifikoak hobetu nahi dituzte; batek, berriz, enpresa-ondorengotzako prozesuan egin nahi du lan eta beste batek hobetzeko ideiak bideratzeko laguntza behar du. Beharren dibertsifikazio honi esker aukera egon da mentoreak proiektuetara hobeto egokitzeko.

Mentoreei dagokienez 31 hautagaitza jaso ziren, XVI. edizio honetan parte hartzeko prest zeudenak. Azkenik 26 enpresei 26 pertsona esleitu zaizkie (aurreko edizioarekin alderatuta 7 mentore berriak dira) bikoteak osatzeko, eta datu honek argi erakusten du Bilboko profesionalek konpromiso sendoa dutela tokiko enpresa-garapenarekin. Programan modu altruistan parte hartzen duten mentore guztietatik 18 gizonak dira eta 7 emakumeak, eta programaren erronketako bat etorkizuneko edizioetan emakumeen parte-hartzea handitzea da.

HAZTEKO AUKERA

‘Mentoring Bilbao’ programak zortzi hilabeteko iraupena izango du eta hautatutako 26 enpresei hazteko, hausnarketa estrategikoa egiteko edo enpresa-eraldaketari ekiteko prozesuan lagunduko dien mentore baten laguntza izateko aukera ematen zaie. Horretarako, topaketak eta bilerak egingo dituzte esperientziak, aholkuak eta informazioa partekatzeko. Asmoa mentorizatutako pertsonen/enpresen profesionalizazioa hobetzea da, eta hori esperientzian oinarritutako ikaskuntzari, pixkanaka ideia berriak sartzeari eta euren negozio-planak hedatzen lagun dezakeen kontaktu-sarea sortzeari esker lortzen da.

‘Mentoring Bilbao’ programa ekimen aitzindaria da hiriko enpresa- eta ekonomia-garapenaren esparruan. Programak tokiko enpresak profesional eskarmentudunekin harremanetan jartzen ditu, eta profesional hauek, euren borondatez, enpresa horientzat hazteko funtsezkoak diren prozesuetan aholkatzen eta gidatzen dituzte. Ekimena 2008an martxan jarri zenetik ‘Mentoring Bilbao’ programan guztira 103 mentorek eta 222 enpresa eta saltokik parte hartu dute, eta horregatik hiri-apustu gisa sendotu dela baieztatu daiteke.

‘MENTORING BILBAO’-REN XVI. EDIZIOKO PARTE-HARTZAILEAK

Mentoreak:                                       Enpresa mentorizatuak:

Fernando Agos                      Edúcame en Positivo

Cristina Alonso                       La Dolce Vita

Gorka Barrenechea                1000curvasbilbao

Miguel Angel Cervera            Tellmewow

Susana Dávila                        Clínica Veterinaria Karmelo

Jose Luis Fierro                     Meraki Estudio

Bernardo García                     Magna Dea

Fernando García                    Arrikibar Gestión

Aitor Gazteluiturri                    Arduan

Iratze Gurrutxaga                   Bscooter

Javier Gurrutxaga                  Gestoría Asesoría Castaños

Iñaki Hernando                       Bohemian Lane

Javier Innerarity                      Almarza Odontologia

Koldo Lasala                           Ascofi Berria

Javi Lezama                           Marco Topo

Raul Lopez                             Espacio Invisible

Martha Machin                       Enolviz

Iratxe Marian                          Macrama Handmade

Mario Mazaira                        Estudio Matrelle

Gonzalo Mota                         North Bike Tours

Cristina Oñate                        Aferso

Javier Pet                               Apartelier

Jose Ramón Rivero               Custom TPV

Tania Silvestrini                      Centro Estetica Tania Lorenzo

Inma Uzkudun                        Suculenta

Narciso Vaca                          Marta Murguía

 

SARE SOZIALAK: