Urriak 15
-
Bilbao Bizkaia Turismo Estrategia 2030-en esparruan, “Bilbao Bizkaia-Match Asia” ekimena gaur hasi eta larunbata bitartean egingo da, nazioarteko turoperadoreek Bilbao Bizkaiaren erakargarritasun turistikoak bisitatu eta lan- eta networking-jardunaldiak partekatu ditzaten.
-
Proiektu horren bidez, Bilbao Bizkaiak sendotu egin du aukera handiko merkatuetan sustapena sakontzeko eta liderra izateko asmoa, besteak beste, Japonian, Hego Korean, Taiwanen, Malaysian, Singapurren, Thailandian, Filipinetan eta Indonesian.
-
Lehen aldia da Asiako nazioarteko eragileak Bilbao Bizkaian biltzen direla, alderantzizko turismo-sustapeneko jardunaldi batzuetan, nazioarteko posizionamendua sendotzeko eta helmugaren irudia indartzeko.
Bilbao Bizkaia Turismo Estrategia 2030-en esparruan antolatutako “Bilbao Bizkaia-Match Asia” proiektuari esker, merkatu asiarreko nazioarteko 42 eragileri zuzendutako jardunaldi batzuk egingo dira gaurtik larunbatera arte, Bilbao Bizkaiak nazioarteko helmuga turistiko gisa duen posizioa indartzeko. Ekimen berritzailea da, eta horri esker Asiako merkatuarekin lankidetzan aritzeko eta elkarrekin lan egiteko bideak aztertuko dira, baita aukera-merkatu horien inguruko erronkak eta beharrizanak partekatu ere.
Alderantzizko turismo-sustapeneko jardunaldi horiek bost egun iraungo dute. Egun horietan, bisita teknikoak egingo dira Bilbon eta Bizkaian, baita topaketa profesionalak eta networking-a ere. Proiektuan parte hartzen duten 42 pertsona horiek Bilbao Bizkaiarentzat interesgarriak eta estrategikoak direlakoan hautatutako merkatuetako profesionalak dira.
Hori dela eta, eta 2022an Europako, AEBetako eta Indiako 54 turoperadorerekin alderantzizko turismo-sustapeneko lehen jardunaldiak egin ondoren, aurten, Bilbao Bizkaiak Japoniako (10 eragile), Hego Koreako (8 eragile), Taiwango (6 eragile), Malaysiako (2 eragile), Singapurreko (6 eragile), Thailandiako (3 eragile), Filipinetako (4 eragile) eta Indonesiako (3 eragile) turismo-sektoreko profesionalak hartuko ditu lehen aldiz.
Bilbao Bizkaian turismoaren nazioartekotzea eta desestazionalizazioa bilatzeko erronkarekin, Asiako merkatuek dute batez besteko egonaldi eta gastu handiena helmugan. Turespañak egindako merkatu-azterketetatik ateratako zenbait daturen arabera, Japonia bigarren merkatua da bisitari-gastuaren munduko rankingean Estatuan (3.371 euro). Bestalde, Hego Korea hirugarren merkatua da bisitari-gastuaren munduko rankingean Estatuan (2.898 euro), eta hazkunde-potentzial handia du Euskadin.
BISITAK, ERAKUSTALDIAK ETA WORKSHOP-A
42 bidaia-antolatzaileen egonaldia gaur bertan, asteartea, hasiko da, eta San Mames futbol estadiora bisita gidatu bat egiteaz gain, Athletic Club-en museora bisita profesional bat ere egingo dute.
Bihar, asteazkena, urriak 16, goizean, hiru taldetan banatuta, Bilboko leku esanguratsuenetako batzuk bisitatuko dituzte: Abandoibarra, Alde Zaharra, Artxanda eta Moyua, besteak beste. Arratsaldean, Getxoko Portu Zaharrean eta Portugaleteko Bizkaia Zubian izango dira.
Urriaren 17an, osteguna, taldeetako batek Urdaibaiko inguruneaz gozatuko du (Omako Basoa, Santimamiñe, Gernika, Gaztelugatxe); bigarren taldeak Loizaga Dorrera eta Balmasedara egingo du bisita, eta hirugarren taldeak Lekeition hasiko du eguna eta, euskal herri-kirolen erakustaldi batez gozatu ondoren, arratsaldean Urkiolara joango dira.
Bilboko eta Bizkaiko erakargarritasun turistikoak ezagutu ondoren, urriaren 18an, ostirala, Euskalduna Jauregiak workshop bat hartuko du, eta, amaitzeko, networking topaketa bat egingo da Bilboko eta Bizkaiko sektoreko eragile nagusiekin.
“Bilbao Bizkaia-Match Asia” programari esker, negozio-harreman berriak sortuko dira Bilbao Bizkaiko turismo-sektoreko enpresen (ostatuak, hartzaile-agentziak eta turismo-zerbitzuen enpresak) eta Asiako bitartekarien artean. Horrela, helmuga aktibatuko da eta tokiko turismo-eskaintza dinamizatuko da.
SARE SOZIALAK: