16 herrialdetako 54 touroperadorek Bilbao Bizkaiako turismogunerik erakargarrienak ezagutuko dituzte bihartik ostiralera bitartean

Apirilak 25

  • Bisita hau Match Bilbao Bizkaiaren azken fasearen barruan egiten da. Turismoaren sektoreko enpresen eta profesionalen artean helmuga nazioartean sustatzeko ekimena da, Foru Aldundiak eta hiriburuko Udalak abian jarria, eta aurreko hilabeteetan bi fase birtual izan ditu. Fase horietan tokiko 43 enpresak eta atzerriko 179 enpresak parte hartu zuten, eta 320 bilera egin ziren.

  • Pertsona horiek bisitak egingo dituzte lurraldeko eta hiriko hainbat lekutara, herri kirol eta folklore erakustaldietan parte hartuko dute, turismoaren arloko baliabide ezberdinak ezagutuko dituzte eta workshop batean bilduko dira ostalaritzaren arloko tokiko enpresekin, bidaia-agentzia hartzaileekin eta zerbitzu turistikoetako enpresekin, jatorrizko tokietara itzuli aurretik.

  • Bidaia-agentzia handizkaririk gehienak Europako herrialdeetatik datoz, besteak beste, Italia, Danimarka, Holanda, Finlandia edota Txekiar Errepublikatik; baina badira Estatu Batuetatik eta Indiatik etorritakoak ere.

Bihartik aurrera eta hilaren 29ra arte, hamasei herrialdetatik iritsitako 54 bidaia-agentzia handizkarik eta bidaia-agentzietako ordezkarik osatzen duten taldeak gure lurraldea bisitatuko du, Bilbao Bizkaiako turismogunerik erakargarrienak ezagutzeko, bisita gidatuak egiteko eta lurraldeko sektoreko eragile nagusiekin workshop batean parte hartzeko, lankidetza-bideak eta epe labur eta ertainean elkarrekin lan egiteko aukerak aztertze aldera.

Bisita hau Match Bilbao Bizkaiaren parte da. Foru Aldundiak eta hiriburuko Udalak bultzatzen duten ekimena da, gure helmuga atzerriko enpresen eta sektoreko erakundeen artean sustatzeko asmoz, eta helburu argi batekin: pandemiaren ondorioz jasandako geldialdiaren ondorik, nazioarteko turismoaren suspertzea aprobetxatzea.

Bisita honetan parte hartuko duten pertsonak gure lurraldearentzat interesgarriak eta estrategikoak direlako hautatu diren merkatuetatik iritsitako profesionalak dira. Italiak, Danimarkak, Holandak, Belgikak, Finlandiak, Portugalek, Erresuma Batuak, Norvegiak, Frantziak, Txekiar Errepublikak, Irlandak, Alemaniak, Estatu Batuek eta Indiak osatzen dute profesional horien jatorrizko herrialdeen zerrenda.

Bihar iritsiko dira eta, lau taldetan banatu ondoren, San Mamesera bisita gidatua egingo dute. Hurrengo egunean, Ondarroa eta Lekeitio, Bizkaia Zubia, Gaztelugatxeko San Juan eta Gernika ezagutuko dituzte, eta upeltegi bat bisitatuko dute. Bisita horretan, txakolin dastaketa bat egingo dute, herri kirol eta folklore erakustaldiak ikusiko dituzte eta Bizkaiko gastronomia tradizionalaz gozatzeko aukera izango dute. Arratsaldean, Bilboko hainbat gune zeharkatuko dituzte –Zabalgunea eta Abandoibarra edo Alde Zaharra– eta eguna pintxo batzuk afalduz amaituko dute.

Ostegunean Bilboko eta Bizkaiko natura eta ondarea emango zaie ezagutzera. Ondokoak izango dira bisitatuko dituzten lekuak: Pozalagua, Balmaseda, La Encartada Fabrika Museoa edo Loizaga Dorrea, Nerbioi ibaiaren iturburua, Urduña, Getxoko Portu Zaharra, Bizkaiko Flyscha, Urkiolako eta Gorbeiako Parke Naturalak, artzainen jarduera, Elorrio eta Dima...

Eta ostiralean, Bilboko eta Bizkaiko turismogunerik erakargarrienak ezagutu ondoren, bidaia-agentzia handizkariek eta atzerriko bidaia-agentzien ordezkariek lurraldeko turismo-enpresa garrantzitsuenekin (ostatuak, bidaia-agentzia hartzaileak eta zerbitzu turistikoak ematen dituzten enpresak) lan-topaketak egingo dituzte, eta Bilbo eta Bizkaia MICE helmuga gisa aurkeztuko dituen ekitaldi batean parte hartuko dute, Bilbao Convention Bureauren eskutik.

MATCH BILBAO BIZKAIAREN AURREKO FASEAK

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak azken hilabeteotan sektoreko enpresa eta erakundeei zuzendutako helmugaren sustapenarekin zerikusia duten ekimenak landu dituzte. Izan ere, pandemiak nazioarteko mugikortasunean izan zuen eragin handiaren ondoren, badirudi atzerriko turismoa suspertu egingo dela datozen hilabeteetan, eta beharrezkoa dela prest egotea eta lan egitea aurkezten den aukera bakoitza aprobetxatze aldera.

Egunetik egunera hurbilago dagoen susperraldi hori aurreikusiz, Foru Erakundeak eta Bilboko Udalak Match Bilbao Bizkaia ekimena jarri zuten abian iaz. Ekimen horren helburuen artean gure lurraldeko turismo-sektoreko enpresen eta atzerriko bitartekarien artean negozio-harreman berriak sortzea eta suspertzea dago, eta, horrela, helmugaren aktibazioa sustatzea eta tokiko turismo-eskaintza dinamizatzea, helmugako turismo-produktuak, -baliabideak eta -zerbitzuak merkaturatzea erraztuko duten euskarri digitalak sortuz.

Ekimen hau Europako 15 merkatu baino gehiagoko turismo-sektoreko profesionalentzat xedaturik dago, eta hiru fasetan banatzen da: iaz garatu ziren 2 fase birtual, eta hirugarren fase presentzial bat, bihar hasiko dena.

Lehenengo fasea joan den ekainaren 8an eta 9an egin zen, Match Live jardunaldiekin; jardunaldiotan Bilbok eta Bizkaiak dituzten Europako merkatu nagusien turismo-bitartekaritzara zuzendutako lau telebista-programaren formatuko streaming bidezko aurkezpenak egin ziren, eta lau gai desberdin jorratu ziren: City & Experience, Coast, Nature & Rural eta MICE.

Ekimen horren bigarren fasea, Virtual Match izenekoa, Match Liveren ostean egindako workshop birtuala izan zen. 2021eko ekainaren 8tik 18ra bitartean egin zen, eta tokiko ostalaritzaren arloko enpresek, bidaia-agentzia hartzaileek eta zerbitzu truristikoak eskaintzen dituzten enpresek harreman profesionala ezarri ahal izan zuten Match Livera bertaratu ziren buyer europarrekin.

Bi jardunaldi horietan tokiko 43 enpresak parte hartu zuten, atzerriko 179 enpresak, 881 hitzordu eskatu ziren eta 320 bilera egin ziren, batez ere Frantziako (63), Italiako (55), Erresuma Batuko (39), Alemaniako (31) eta Herbehereetako (30) merkatuekin. Halaber, 208 ikustaldi erregistratu ziren Zoom plataforman eta 566 Youtuben.