Ekainak 29
- Bilboko Udalak 400.000 euro bideratu ditu programan erabiltzeko, eta zati berdinetan banatu ditu bi sektoreen artean, 200.000 euro merkataritzari eta 200.000 euro turismoari.
- Guztira, 966.250 bonu merkaturatuko dira Euskal Autonomi Erkidegoan, 466.250 bonu ostalaritza eta turismorako eta 500.000 bonu merkataritzarako.
- Bonuen bitartez turismoaren, ostalaritzaren eta merkataritzaren sektoreak suspertu nahi dira, bai eta kontsumoa aktibatzen lagundu ere. Bonuekin 5, 10 edo 20 euroko beherapenak eskainiko dira.
Gaur bertan, erakundeen arteko hitzarmen aitzindari bat burutu da, zeinaren bitartez Euskal Autonomi Erkidegoko turismoa, ostalaritza eta merkataritza berraktibatzeko bonuen estrategia bateratu bati ekin zaion.
Guztira, 966.250 bonu kaleratuko dira (466.250 bonu ostalaritzarako eta turismorako eta 500.000 bonu merkataritzarako), eta, horrela, 8,7 milioi euro injektatuko dizkiote merkatuari.
Bilboko Udalak 400.000 eurorekin parte hartuko du programan, eta berdin banatuko ditu bi sektoreen artean.
Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotziak hauxe nabarmendu du aurkezpenean: «xede nagusia jarduera sustatzea da, ekonomia arin eta modu eraginkorrean mugiaraztea, gure hiriko eta auzoetako denda eta lokaletan kontsumitu eta erosi dezagun. Administraziook bertako negozioak bultzatzen lagundu behar dugu, baina herritarrok ere horretan lagundu behar dugu; izan ere, haiek ematen diote bizitza, funtsa eta bihotza gure hiriei. Krisi honetatik apurka-apurka irteten lagunduko digun oxigeno-baloia».
DESKONTU-TXARTELAREN EREDUA
Bonu horien aginduak urriaren 5ean argitaratuko dira, eta hilaren 6tik aurrera egongo dira indarrean. Establezimenduek hiru asteko epea izango dute atxikitzeko. Aldi hori igarotzen denean, urriaren 28an, herritarrek eskuratu ahal izango dituzte bonuak. Euskadin bizi diren edo beste toki batzuetatik bisitatzen gaituzten 18 urtetik gorako pertsona fisikoek erosi ahal izango dituzte bonuak turismo-bonuen kasuan, eta online plataforma urriaren 6tik aurrera egongo da aktibatuta.
Bonuak egiteko deskontu-txartelaren eredu bat hartu da oinarri, eta merkataritzan modalitate bakarra izango du: 10 euroko beherapena, gutxienez, 30 euroko erosketa eginda. Gehienez ere, lau bonu eskuratu ahal izango dira, hau da, 40 euroko gehieneko beherapena. Merkataritzaren alorreko mikroenpresa eta enpresa txikientzako da.
Turismoaren eta ostalaritzaren bonuen kasuan, 3 modalitate egongo dira.
1. eta 2. modalitateak ostalaritza, sukaldaritza eta turismo-intereseko jarduerak egiten dituzten enpresa eta establezimenduetarako dira, eta 5 edo 10 euro arteko beherapenak aplikatuko dira 20 edo 40 euroko gutxieneko erosketetan, hurrenez hurren.
Deskontuaren hirugarren modalitatean 20 euroko beherapenak aplikatuko dira turismo-ostaturako establezimenduetan, gutxieneko 60 euroko erosketetarako. Gehienez ere, bi bonu eskuratu ahal izango dira establezimendu bakoitzeko, hau da, 40 euroko gehieneko beherapena pertsona bakoitzeko. Hiru modalitateak turismoarekin eta ostalaritzarekin zerikusia duten mikroenpresa eta enpresa txiki zein ertainei zuzenduko zaizkie.
Ochandiano zinegotziaz gain, honako hauek hartu dute parte aurkezpenean: Javier Hurtado, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua; Gorka Urtaran, EUDELeko burua eta Gasteizko alkatea; Cristina González, Arabako ahaldun nagusiordea eta Enpleguaren Sustapen, Merkataritza eta Turismoko foru diputatua; Ainara Basurko, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko foru diputatua; Imanol Lasa, Gipuzkoako ahaldun nagusiordea eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko foru diputatua; Maider Echevarría, Gasteizko Udaleko alkateordea eta Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko ordezko zinegotzia; Cristina Lagé, Donostiako Udaleko Turismo Iraunkorreko zinegotzia, eta Jose Ángel Corres, Eusko Ganberetako presidentea eta Bilboko Merkataritza Ganberako presidentea.