Hiru ordutan agortu dira kultur sektorea indartzeko Bilbao Bonuak

Urriak 6

  • Guztira 400.000 euroko aurrekontua duten 30.000 bonu baino gehiago horien helburua jarduera ekonomikoa sustatzen eta kultura-sektorea indartzen laguntzea da, bereziki udazken-neguko hilabeteetan.

  • Orain arte, bonuen % 8,55 trukatu da, baina epea 2023ko martxoaren 15era arte egongo da zabalik.

Bilboko Udalak 30.356 kultura-bonu jarri zituen atzo salgai, eta hiru ordu pasatxoan agortu ziren. Ekimen honek 400.000 euroko aurrekontua du, eta honen bitartez, herritarren zuzeneko kontsumoari laguntza publiko garrantzitsua gehituz, Udalak jarduera ekonomikoa sustatzen eta kultura-sektorea indartzen lagundu nahi du, bereziki udazken-neguko hilabeteei eta Eguberriei begira.

Oraingo helburua bonu guztiak kanpainari atxikitako establezimenduetan trukatzea da. Trukea egiteko epea 2023ko martxoaren 15era arte egongo da zabalik. Lehen ordu hauetan bonuen % 8,55 trukatu da.

Aurrekoetan bezalaxe, bonuek bi zenbateko dituzte. 20 euro (bezeroak 10€ ordaintzen ditu eta Udalak beste 10€) eta 40 euro (bezeroak 20€ eta Udalak beste 20€). Trukatzeko unean, 4 bonu ere onartzen dira tiket bakoitzeko, zenbateko berekoak edo handiagokoak.

Establezimenduak atxikitzeko epea (www.bonobilbao.eus, webgunearen bidez) zabalik egongo da kanpaina amaitu arte, hau da, 2023ko martxoaren 15era arte. Bonuen muga establezimenduko 30.000 eurokoa izango da.

Bonu hauekin laguntzak jaso ditzaketenak: aretoetako ikuskizunak, aire zabaleko lokalak eta ikuskizun-enpresak; liburuen, egunkarien eta abarren txikizkako salmenta. Zinema eta bideo-filmen alokairua. Arte-galeriak, liburutegiak eta museoak. Pintoreak, eskultoreak, zeramikariak, artisauak, grabatzaileak eta antzeko artistak. Musika-tresnen eta osagarrien, bildumazaleentzako billeteen, zigiluen, txanponen eta oroipen-dominen, artelanen, antigoaleko gauzen, mineralen eta abarren txikizkako salmenta.

Kulturako Bilbao Bonurik ezin izango da erabili papergintzako artikuluak, informatika eta elektronikako ekipo, software eta kontsumigarriak, joko eta bideojokoak, testuliburuak, ikasketetakoak eta profesionalentzako liburuak erosteko.

Zalantzak eta kontsultak posta elektronikoz (bonobilbao@bilbaoekintza.bilbao.eus) eta telefonoz (94 420 53 95), 09:00etatik 14:00etara, argitu daitezke.

SARE SOZIALAK: