Martxoak 21
-
Bilboko Udalak sustatutako jaialdiaren hirugarren edizioak doako kontzertuak programatuko ditu Areatzan uztailaren 25etik 28ra.
-
Artista horiek Martha High & The Soul Cookers, Anson Funderburgh, Mike Morgan eta Shawn Pittmani gehituko zaizkie.
Bilbao Blues Festival jaialdiaren hirugarren edizioak bi artista handi gaineratu ditu bere kartelean: Ana Popovic eta Big Yuyu. Bilboko Udalak bultzatutako musika-ekitaldi garrantzitsu hau uztailaren 25etik 28ra egingo da, eta lehen mailako kontzertuak dituen doako programazioa eskainiko du Areatzan.
Popovic (Belgrado, Serbia, 1976) gitarrista eta abeslari birtuosoa da, eta 25 urteko ibilbide artistiko bikaina egin du. Fender Stratocasterra beti sorbaldatik zintzilik, teknika bikaina erabiltzen du eta presentzia dotore eta indartsua du agertokien gainean. Popovic blueswoman petoa da, eta eroso asko mugitzen da power blues, soul eta rockaren eremuan. Bluesaren emakumezko hirutasunaren kideetako bat da Bonnie Raitt eta Susan Tedeschirekin batera.
Big Yuyu hirukote mallorcarrak estudioko bost lan ditu merkatuan eta hainbat estilo uztartzen ditu: rock klasikoa, soul, boogie, rythm and blues, eta funk. Euren ibilbidean zehar, Alemanian, Holandan, Belgikan, Ingalaterran eta Suitzan jo dute. Soulify Girl estudioko laugarren lanaren kalitate onari esker 2019ko European Blues Challenge-n parte hartu zuten. Jordi Álvarez Big Yuyuko abeslari, gitarra-jotzaile eta liderra gaur egungo blues-rock eszenako musikari ospetsuenetako bat da.
Popovic eta Big Yuyuz gain, beste talde batzuek hemen izango direla berretsi dute: Martha High & The Soul Cookers eta Texas Blues Guitar Summit. Horrela, kontzertu batean bilduko dira Anson Funderburgh, Mike Morgan eta Shawn Pittman, musika-mota honetako hiru ikur AEBko estatu horretan.
Funderburgh, Morgan eta Pittmanek musika-karrera luze eta arrakastatsua partekatzen dute, eta Highek 30 urtez jardun zuen James Brown mitikoarekin; hain zuzen ere, haren emakumezko abeslari beteranoena izan zen.
LURRUNONTZIA ITSASADARREAN ZEHAR
Bilbao Blues Festival 2024ren kartelaren irudia lurrun itsasontzi bat da, Mississippi estilokoa, gure itsasadarra Areatzaren parean zeharkatzen duena, Jaialdiaren zatirik handiena izango den tokian.Ilustrazioa azken 25 urtean Sergio Pérez Berasategik zuzendu duen Moriskette euskal estudioaren lana da. Estudio horrek, era berean, 2022ko eta 2023ko kartelak egin zituen. Lehenengoan, bluesman bat ageri zen Bilboko beste ikono batekin batera: baldosa famatua. Bigarrenean berriz, emakumezkoen ahotsei omenaldia eta carolina pastelei keinu bat egiten zaie.
NAZIOARTEKO AITORPENA DUEN ANTOLATZAILEA
Jaialdia sustatzen duen elkarteak, Crazy Bluesek, nazioarteko sari handienak eskuratu ditu musika-genero hau bultzatzeko egindako lanagatik: BBSA (Blues Behind the Scenes Award) saria sustatzaile onenarentzat, European Blues Union-ek Azoreetan 2019an emandakoa, eta KBA (Keeping the Blues Alive) saria nazioarteko jaialdi bat hobekien antolatzeagatik. Azken sari hori munduko aintzatespenik handiena da, eta Blues Foundationek eman zion Memphisen, 2015ean.