Azaroak 16
-
Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak “Design Week 2023” diseinuaren astearen bederatzigarren edizioa antolatu dute, sormen-industriak sustatzeko, hiriaren eta lurraldearen garapen ekonomikorako eta nazioarteko proiekziorako faktore izan daitezen.
-
Azaroaren 16tik 26ra hirurogei jarduera baino gehiago egingo dira: hitzaldiak, mahai-inguruak, tailerrak, proiektu berriak, bisitak, desfileak, erakusketak, networkingak, hitzaldiak, performanceak…
-
Zabalgunea proiektuaren epizentroa izango da eta gaur arratsaldean “Arrezife moduan artikulatuz” irekiera-ekitaldia egingo da, azpiegitura irekia eta trantsizioan dagoena sortuko duen elkarlaneko ekosistema baterako metafora. Inaugurazio-ekitaldian, diseinua gastronomian aplikatuko da Bokat by Etxanobe lagun duelarik.
-
Beste nobedade batzuen artean, Zabalguneak erakusketa bat izango du – eguneko esperientzien fruitua –, astean zehar Kuntshal AIZko ikasleek eta adituek eraikiko dutena, Gheada estudioaren bitartekotzarekin.
Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak “Bilbao Bizkaia Design Week 2023” astearen beste edizio bat jarriko dute abian, Euskadin diseinuaren munduari buruzko erreferentziazko ekitalditzat hartzen dena. Jarduera-programa zabala izango du astebetez baino gehiagoz.
Erakunde bietako arduradunek, Xabier Ochandiano Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko zinegotziak eta Ainara Basurko Ekonomia Sustapeneko diputatuak aurkeztu dute gaur arratsaldean 18:00etan hasiko den eta azaroaren 26ra arte iraungo duen jaialdia.
Guztira 60 ekitaldi baino gehiago antolatu dira solasaldien, mahai-inguruen, tailerren, proiektu berrien, bisiten, desfilen, erakusketen, networkingen, hitzaldien, performanceen eta abarren artean. Horietako asko, lehen aldiz, Bilboko Zabalgune eraikinean bilduko dira, diseinuaren gune nagusi eta profesionalen, ikasleen eta, oro har, herritarren arteko topagune izan dadin.
Horretarako, eta berrikuntza modura, egun hauetan guztietan, adituen parte-hartzearekin batera, Zorrotzaurreko Kuntshal AIZko ikasleek beren inplikazioa erakutsiko dute edizio honetarako beren beregi egindako erakusketa baten bidez. Egitura batzuetan hainbat objektu jarriko dira, Design Week asteko jardunalgi guztietan Zabalgunean gertatzen diren esperientzien emaitza modura.
Era berean, eta diseinua “leku guztietan” dagoela erakusteko, baita gastronomian ere, arratsaldeko inaugurazio-ekitaldian BOKAT by Etxanobe aurkeztuko da, sukaldaritzako zuzeneko showa, “ogitartekoa” protagonista duena, sukaldaritzaren munduan uztartzeko proposamen gisa, Fernando Canales chef ezagunak asmatua.
UNESCOREN HIRI SORTZAILEAK
Jaialdiaren arrazoia da Bilbo 2015ean sartu zela UNESCOren Hiri Sortzaileen Sarean, Diseinuaren kategorian. Harrezkero, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak topaketa hau antolatu dute EIDE-Euskal Diseinuaren Elkartearen lankidetzarekin eta sektoreko eragileek beraiek proposatutako jardueren etengabeko inplikazioarekin.
Diseinua eta sormen-industriak sustatzea du helburu, uriaren eta lurraldearen garapen ekonomikorako eta nazioarteko proiekziorako faktore modura, sormen-eragileen, haien aniztasunaren eta haien harremanen garrantzia azpimarratuz, bai sormen-sektoreen artean, bai beste esparru ekonomiko eta sozial batzuekin.
Bilbok eta Bizkaiak 5.881 enpresa dauzkate sormen-jardueretan. Enpresa horiek 20.652 pertsona enplegatzen dituzte eta enpresa guztien % 6,7 eta uribilduaren eta lurraldeko enpleguaren % 4,5 osatzen dute. Bilbon eta Bizkaian sormen-sektoreak gora egin du berriz ere 2022an, enpresa-kopuruan (+% 0,6) eta, gehiago, sortzen duten enpleguan (+% 3,0). Sorkuntza-sektore horretako enpleguari dagokionez, nabarmentzekoa da bideojokoen eta softwarearen jardueretan, publizitatean, argazkigintzan eta zinema eta bideoaren industrietan izandako hazkundea.
Xabier Ochandianok eta Ainara Basurkok azaldu dutenez, desafioetako bat da gizarte osoak parte hartzea uriaren eraikuntzan, modu adeitsuagoan, jasangarriagoan eta bizigarriagoan, diseinua leku guztietan baitago. “Gure janzkera, aparatu eta tresna berriak, ekoizpen- edo logistika-sistemak, portaerak eta esperientziak, mota guztietako espazioak, unibertso grafikoak eta ingurune digitalak, politika publikoak eta plan estrategikoak diseinatzen ditugu. Elkarrekin egiten ditugu uria eta lurraldea, eta, horretarako, ondo diseinatu behar ditugu.”
ARREZIFEA BILBON: ARTIKULAZIOA
BBDW23 honen irekiera arrezife batean metaforikoki murgiltzeko gonbidapena da. Arrezifea elkarlaneko ekosistemaren adibidea da, ARTIKULAZIOA programari forma emateko balio izan duena, hori baita edizio honen izen generikoa.
Arrezifea itsas metaketa bat da, bizitzeko egokia den habitat bat osatzen duten material natural edo artifizialak mihiztatuz osatua. Eko-sistema horretan, organismo-aniztasun handiak, elkarren artean lotuta, ingurune horren garapen jasangarria eta erresilientea lortzen laguntzen du. Azpiegitura irekia, beti trantsizioan, lotura, trukea eta lankidetza errazten dituena.
ARTIKULAZIOAk diseinuari buruz hurbiltzea eta hausnartzea proposatzen du, norabide bikoitzean. Alde batetik, diseinuak antolatzen, ekoizten edo bizi garen moduetako hobekuntzarekin eta berrikuntzarekin duen harremanari dagokionez, gizarte modura dauzkagun desafioei eta beharrei aurre egiteko. Eta, bestetik, forma horiek diseinuaren ekosistemari berari ere nola eragiten dioten eta nola hobetu dezaketen, harreman kolaboratiboagoak sustatuz, bai diseinuaren eragileen eta azpisektoreen artean, bai sormen-, ekonomia- eta gizarte-esparruekin.
Hala, BBDW23 Bilbo eta Bizkaiko diseinuaren arrezifean murgiltzeko gonbidapena da. Arrezife hori sinbolikoki gauzatzen da Zabalgune eraikinean, BBDW23ren topagune nagusia baita. Eraikinaren atarian, astean zehar, modu organiko eta interaktiboan, arrezife bat populatuz, artikulatuz eta aberastuz joango da, programazioko protagonistek ekarritako materialen uztarketarekin, parte-hartzaileen inpresioekin, prozesuen arrastoekin eta jardueren erregistroekin osatua.
ERAKUSKETA, MUSIKA…
Arrezifea BBDW23 honetan inplikatuta dauden eragileen arteko artikulazioaren emaitza da, interdependentziaz lan eginda posible izan dadin. ARTIKULAZIOAn esploratu nahi denaren berariazko adibidea. Crisiscreativa-k edizio honen identitate bisuala biziarazteko erabili dituen diatomeetatik abiatuta ColaBoraBorako komisariotzak burutu duen proposamena.
Arrezifeari eusten dion egitura IED Kunsthal-ek sortu du ikasleekin egindako diziplina arteko diseinu-prozesuan. Eta Arrezifean bizi ahal izateko eta Arrezifeari bizia emateko dinamizazioa Gheada-ren proposamena da, bi bitartekaritza-jardueraren bidez bisitarien eta parte-hartzaileen inplikazioa bilatuz, Mikro kontakizunak: Testigantzak mikroskopioan, eta Urpeko laborategia: Ekosistemak diseinatzen.
Bestalde, BOKAT by Etxanobe arduratuko da bertan bizi diren izakiak elikatzeaz, eta ogitartekoa mihiztadura gastronomikoaren proposamen gisa hartzen du. Eta hori guztia, Arketypo musikari esperimentalak ekitaldi honetarako sortutako koral taupakarien soinu-giroan bilduta.
PROGRAMAZIO ASKOTARIKO ETA BANATUA
BBDW23k diseinuarekin eta haren praktikekin lotutako jardueren programazio zabala eta askotarikoa du. Zabalgune eraikineko atarian, arrezifeari bizia emateaz gain eta BBDW23 irekitzeko eta ospatzeko jarduerak jasotzeaz gain (KAIXO!rekin azaroaren 16an eta OSPATU!rekin 24an), beste jarduera asko ere egingo dira.
Gaikako topaketak eta tailerrak, hala nola Euskal Herriko Kosorkuntza Ekosistemak antolatutakoak antolamendu-eredu berriak esperimentatzeari buruz, E-kin komunitatearen topaketa, Sororidad-ekin egindako diseinua (Pentsa kutxa barne), ekonomia zirkularrari eta ekodiseinuari buruz (Bilbao Ekintza eta Ihobe), trantsizio jasangarriei buruzko Europako T-Factor proiektuaren esperientzia, berrikuntza-ekosistemak aktibatzeko funtsezko pieza gisa dinamizatzeari buruz (Urbegi Sozial Impact-ek antolatua), Bilbao Ekintzatik bizitza-luzera berriari buruz, Diaradesign-etik pentsamendu sistemikoari buruz, Otzarreta-k antolatutako Habitat Inspiration konferentziak edo Merkatutik mahaira aurkeztea, Urbanbat jaialdiaren aurrerapen gisa.
PERFORMANCEAK, DESFILEAK…
Baina programazioa uriko eta lurraldeko beste leku askotara zabaltzen da. DATA Collective-ek jarduera-programa osoa proposatzen du Artiach fabrikan, En el pasillo erakusketaren inguruan. Erakusketa amaitzeko, pieza bakarren enkantea eta Spiritus Mundi performancea daude. Hainbat tailer: Javirroyo-ren sormen espresa, Shyncrica-ren sareetarako edukiak edo artisten arteko sareak ehuntzea ondasun komunerako, LEINN Arts-ek proposatua, edo Metamerism-ena, Objeto-k Andrea Forapani-rekin antolatua sorkuntza digitalaren eta artisautzaren arteko elkarguneari buruz.
Aste honetan, gainera, DUARAk antolatutako Del desecho a la moda zuzeneko diseinuaren lehiaketa eta Didi Models-en moda inklusiboko desfilea edo Estudio Bokashi ikusteko aukera ere izango ditu, ehun-alternatibei buruzko proba- eta akats-prozesuak erakusteko, birsortzaileak eta autosufizienteak. Quarkart-ek antolatutako Iraunkortasuna martxan topaketak Urdaibaiko Ekoetxera garamatza. Programazio zabala Perrera eraikinean (ekipamendu berria Basurtu auzoan), batez ere gazteentzat.
Gainera, urtero bezala, EIDE elkarteak hainbat jarduera antolatu ditu, hala nola Begihandi, Open Studio, Portfolio Night edo Talentu Gazteak, diseinuaren panorama profesionala erakusteko, publiko berrietara zabaltzeko edo belaunaldien arteko harremanak sustatzeko.
Halaber, programazioaren zati handi baten progratonista lana eta talentua da, diseinu-eskolen eta unibertsitate-zentroen ekosistema gero eta aberatsagotik ateratzen dena. Horiek sarrera-tailer asko eskaintzen dituzte beren prestakuntza-eskaintzaren erakusgarri. Networking eta polinizazio gurutzatuko topaketak, hub eta elkarte sektorial desberdinek dinamizatuta. Horiekin batera, erakusketak eta jaialdiak, hala nola Bideotikan, FIG Bilbao, Selected’23, Simbiotopía edo This is Basque Design Merkatua.
Programazio guztia webgune honetan aurki daiteke: www.bilbaobizkaiadesignweek.eus