BBK Bilbao Music Legends Fest jaialdiak baieztatutako lehen artistak iragarri eta salgai jarri ditu bi eguneko bonuak

Urtarrila 13

  • ALAN PARSONS Live Project, LITA FORD, SAMANTHA FISH eta SEX MUSEUM dira baieztatutako lehenbiziko artistak BBK Bilbao Music Legends Festaren zortzigarren ediziorako. Jaialdia Bilbao Arenan egingo da, 2025eko ekainaren 13an eta 14an

BBK Banku Fundazioak eta Bilboko Udalak babesten duten eta Dekker Eventsek antolatzen duen BBK Bilbao Music Legends Fest jaialdiak salgai ditu dagoeneko lehen bonuak. Kaleratze-promozioa urtarrilaren 31ra arte egongo da eskuragarri (egun hori barne), 95 euroko prezioan (+gastuak).

ALAN PARSONS da BBK BILBAO MUSIC LEGENDS FESTaren zortzigarren ediziorako baieztatutako lehenengo kartelburua. Musikaren ikono ospetsu eta rock progresiboaren maisu hori soinu-ingeniari aritu da artista ugarirekin: The Beatles, Pink Floyd, The Hollies, The Wings… Grammy bat irabazi eta 13 izendapen jaso ditu, baita beste sari asko ere. Ia 70 disko argitaratu ondoren, Alan Parsons Live Project delakoarekin etorriko da jaialdira. Hala, Bilboko entzuleek aukera izango dute haren show ikusgarriaz gozatzeko. 2022ko “Legends”-ean, artistaren osasun-arazoak zirela-eta, bertan behera geratu zen emanaldia.

Alan Parsonsen iragarpenari, LITA FORD britainiar-estatubatuarrarena gehitu behar zaio. Metalaren erregina, “Rock Gitarraren Lehen Dama”, Los Angelesko (AEB) The Runaways emakume-talde berritzailearen sortzaileetakoa eta gitarra-jotzaile ohia. Ia 50 urteko ibilbidean, hamaika sari eta aitortza jaso ditu, baita “Emakumezko Rock Abeslaririk Onena” Grammy sarirako 2 izendapen ere. “Legends”-aren agertokira SAMANTHA FISH (Kansas, AEB) ere igoko da bere rock-blues zeharo gordin eta kementsuarekin. Zenbait artista handiri lagundu izan die haien biretan, hala nola Slash (Guns & Roses) eta Rolling Stonesi, eta aurten Grammy saria irabazteko hautagaia izan da, “Death Wish Blues” lanari esker. Azkenik, baieztatutako lehen taldeen multzoaren barne, halaber, SEX MUSEUM madrildarrak daude. Malasañatik datoz, “40 urteurren” bira betean, agertokian ezin indartsuago, betiko hit mordoa eta beren disko berriaren zenbait aurrerapen dituen zuzenekoan.

BILBO, MUSIKAREN EPIZENTROA

Horrela, badator berriro BBK Bilbao Music Legends Fest jaialdia, 2025eko ekainaren 13an eta 14anBilbao Arena musikaren eta entretenimenduaren epizentro bihurtzeko. Jaialdia jadanik ondo finkatuta dago eta hitzordu saihestezina da Bilboko kultur egutegian. Gainera, askotariko entzule grinatsuak biltzen ditu bere programaziori esker: nazioartean, estatuan eta maila lokalean ospea duten artisten konbinazio landuaz.

Legendazko bi egunetan zehar, musika ez ezik hiribilduak kulturaren alde egindako apustua ere ospatuko duen jaialdia hartuko du Bilbok. Adin guztietarako giro egokia duen ekitaldi hau funtsezko bihurtu da hiria kulturalki aberasteko, eta erreferentea da musikaren alorrean. Gainera, belaunaldi guztien parte-hartzea sustatzeko konpromisoari eutsiz, sarrera doakoa izango da 14 urtetik beherakoentzat (baita adin hori dutenentzat ere).

BBK Bilbao Music Legends Fest jaialdiak ingurumenaren iraunkortasunaren aldeko konpromiso irmoa duela erakutsi du, eta, horrenbestez, zenbait ekimen ekolagunkoi inplementatu ditu, hala nola bere karbono-aztarna gutxitzea, material birziklagarriak erabiltzea eta garraiobide jasangarriak sustatzea. Ihobek garatutako Erronka Garbia-Ekitaldi Jasangarria metodologiari jarraituz, jaialdiak lan egiten du, orobat, bertaratzen direnak ingurumena zaintzearen garrantziaz kontzientziatzeko. Konpromiso irmo horri esker, “Ingurumenerako Ekimen Jasangarriaren Ziurtagiria” jaso du.

Antolatzaileek hurrengo edizioaren kartela osatuko duten gainerako izenen berri emanez joango dira, eta, hala, are gehiago sendotuko da jaialdiaren ospea. Izan ere, nazioarteko zenbait mito handi izan dira bertan: Bob Geldof, Chris Isaak, Deep Purple, Graham Nash, Imelda May, Jeff Beck, Jethro Tull, John Cale, Mavis Staples, Nina Hagen, Paul Carrack, Status Quo, Steve Winwood, Steven Van Zandt, The Beach Boys, The Pretenders, The Waterboys eta Van Morrison, beste askoren artean. Era berean, laster jakinaraziko dira esparruaren kanpoaldeko Voodoo Child terrazan joko duten tokiko artisten izenak.

Jaialdira joateko interesa dutenek bi eguneko bonua har dezakete dagoeneko jaialdiaren webgune ofizialean (www.musiclegendsfestival.com), sustapen-promozio berezian (95 € + gastuak), urtarrilaren 31ra arte (egun hori barne).