Azaroak 18
-
Diseinuko bost profesionalek —horietatik hiru Bilbokoak dira—, astelehen honetan, azaroaren 18an, ETEen benetako beharrei erantzuten dieten bost prototipo berritzaile garatzeko lana hasi dute; prototipo horiek 2025eko udazkenean aurkeztuko dira.
-
“5X5 Bilbao” lankidetza-proiektuak ekimena abian jartzeko ekitaldia eta baterako lehen lan-saioa egin ditu Bilbon egiten ari den “Bilbao Bizkaia Design Week 2024” ekimenaren esparruan.
-
“5X5 Bilbo” Udalak diseinuaren kultura enpresa-sarean balio erantsi gisa sustatzeko egindako apustuaren adibide garbia da.
Azaroaren 14tik 22ra bitartean hirian egiten ari den “Bilbao Bizkaia Design Week 2024” ekimenaren esparruan eta Bilbo UNESCOren Hiri Sortzaileen Sarean Diseinuaren Hiri izendatu zutenetik hamar urte igarotzen diren honetan, astelehen honetan, azaroak 18, “5X5 Bilbo” proiektuaren baterako lanari hasiera ematen dion workshopa garatu da. Ekimen berritzailea da, Euskadin lehen aldiz egiten dena eta Bilboko Udalak Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez abian jarri duena.
Astelehen goizean egin den tailerra proiektuan parte hartzen duten eragile guztien lehen topaketa izan da: Designregio Kortrijk (DKR) Flandriako irabazi-asmorik gabeko erakundearen ordezkariak, EIDE (Euskal Diseinuaren Elkartea) Elkarteko ordezkariak, eta baita bost diseinu-estudioetako ordezkariak (horietako hiru Bilbokoak) eta “5X5 Bilbao” ekimenean parte hartzeko hautatutako bost euskal enpresak ere. Programaren koordinatzailea Kortrijken, Stan Dewaele, eta Lander Balza, EIDEren ordezkaria, izan dira azaroaren 18an sormen-tailerra zuzendu duten pertsonak.
Azken batean diseinatzaileen eta diseinuaren metodologiak erabiliz produktu/zerbitzu berri bat edo funtsezko berrikuntza bat garatzeko interesa duten ETEen arteko elkarlanari hasiera eman dion jardunaldia izan da. Honen guztiaren xedea erronka bati erantzutea eta produktu edo zerbitzu bat garatzea edo berriz diseinatzea da. Metodologia hau Bilbon lehen aldiz aplikatzen da eta diseinua eta arlo honetako profesionalak enpresen ekoizpen-katean sartzea du helburu eta azken bi hamarkadetan arrakastaz garatu da Kortrijkeko (Belgika) 80 enpresa baino gehiagotan.
5 PAREKATZE 5 PROTOTIPO DISEINATZEKO
Hautaketa-prozesu baten ondoren, hauek izan dira “5X5 Bilbao” proiektuan parte hartzen duten bost diseinu-estudioetako bost enpresa eta profesionalak. Honela parekatu dira eta dagoeneko hasi dira euren erronkak lantzen, hain zuzen ere 2025eko udazkenean programaren amaieran erakusketa batean aurkeztuko diren bost prototipo:
- ASIMOBek Flandriako UXPERTISE diseinu-estudioko Lieven Degrauwe diseinatzailearekin egingo du lan. Erronka: tresna digitaletara ohituta ez dauden profesional teknikoei zuzendutako web aplikazio bat berriz diseinatzea. Helburua: erabiltzailearen erabilgarritasuna eta esperientzia hobetzea, aldaketa estetikoak eta funtzionalak aztertuz eta proposatuz.
- BOBAMAR – Bay Of Biscay Aquaticsek WEETBE diseinu-estudioko Sofia Bernar, Pamela Infante eta Itxaso Domingorekin egingo du lan. Erronka: produktu berri bat diseinatzea akuikulturaren sektoreko irtenbide teknologiko berritzaile batetik abiatuta. Helburua: soluzioaren ekoizpen industrialerako eta hura merkatu profesionalera merkaturatzeko beharrezkoak diren osagaiak eta prozesuak definitzea.
- BROMALGAEk Flandriako PARS PRO TOTO diseinu-estudioko Dimitri De Martelaere eta Claudia Curtiusekin egingo du lan. Erronka: ingurumen-bioteknologiaren sektoreko produktu eko-berritzaile bat berriz diseinatzea. Helburua: hobekuntza estetikoa lortzea hiri-ingurunean integratzeko; jasangarritasuna hobetzea material berriak aukeratuta; eta erabiltzaile-esperientzia erraztea produktua mantentzeko.
- JABONES EL ABRAk BRAND CREATIERS diseinu-estudioko Gotzon Beamonte eta Oihana Alberdirekin egingo du lan. Erronka: marka eta packaginga berriz diseinatzea garbiketa profesionaleko produktu-lerro berri baterako. Helburua: jasangarritasuaren eremuan posizionamendua hobetzea, bilgarri mota berri bat eta abiarazteko estrategia egoki bat erabiliz.
- SUNRISE MEDICALek conceptHACHE diseinu-estudioko Héctor Lezaun Pegenauterekin egingo du lan. Erronka: mugikortasun pertsonalerako laguntza-produktu bat berriz diseinatzea. Helburua: eraginkortasun ekologikoa eta ekonomikoa hobetzea, tokiko ekoizpenerako osagaiak, materialak eta prozesuak optimizatuz.
“5X5 Bilbao” proiektuan, alde batetik, Bilboko zerbitzu aurreratuak sustatzeko estrategia eta, bestetik, espezializazio adimendunaren lehentasun estrategikoak identifikatzen dituen eta zerbitzu aurreratuen bidez euskal industriaren lehiakortasuna eta berrikuntza bultzatzen dituen RIS3 Euskadi estrategia batzen dira. Astelehen honetan, azaroaren 18an, Bilbon egin den lan-tailerra diseinuak enpresetan duen potentzialaren eta balioaren adibide argia da eta mahai gainean jarri ditu diseinuak ETEen lehiakortasun-hobekuntzari ekar diezazkiokeen onurak: hobekuntzak prozesuetan, baliabideen optimizazioan, erabilgarritasunean edo merkaturako sarbidean, besteak beste.
BILBO, 10 URTE DISEINUAREN HIRI GISA
UNESCOk 2004an sortu zuen Hiri Sortzaileen Sarea; sare honen helburua garapen ekonomiko iraunkorrerako funtsezko faktore gisa sormena identifikatzen duten hirien arteko nazioarteko lankidetza sustatzea da. Sarea eratzen duten hiriek elkarrekin egiten dute lan sormena eta kultura-industriak tokiko garapen-planen lehentasunezko ardatz gisa kokatzeko erronka komunarekin.
2014an UNESCOk Bilbo “Hiri Sortzaile” izendatu zuen, “Diseinuaren Hiriaren” kategorian. Integrazio honek besteak beste Berlin, Buenos Aires, Pekin, Montreal, Singapur eta Helsinki biltzen dituen talde hautatu batean parte hartzeko aukera ematen dio Hiribilduari. Kortrijk ere UNESCOren Hiri Sortzaileen Sareko kidea da 2017tik.
Designregio Kortrijk (DKR) irabazi-asmorik gabeko erakundea da, Flandriako (Belgika) Kortrijk eskualdekoa. Erakundeak sormena, berrikuntza eta ekintzailetza sustatzeko proiektuak kudeatzen ditu eta enpresen, diseinatzaileen, hezkuntzaren eta espazio publikoaren sare konektatua osatzen du.
SARE SOZIALAK:
.