Bilbon egingo da aste honetan Eurocities sarearen garapen ekonomikoko 2024 Foroa

Urriak 21

  • “Trantsizioan dauden hiriak: etorkizun jasangarri, inklusibo eta oparorantz” izenburupean, Europako hiri nagusietako ordezkariek eta Europar Batasuneko arduradunek hiriek erronka global handiei aurre egiteko duten zereginari buruz hausnartuko dute.

  • Eurocities Europako hirien sareak 38 herrialdetako 200 hiri baino gehiagotako 130 milioi pertsona ordezkatzen ditu, eta edizio honetan Bilbo aukeratu du mundu osoan erreferentziazkoa den foro ekonomiko hau lehen aldiz hartzeko.

  • Juan Mari Aburto Alkateak asteazken arratsaldean Iberdrola Dorrean egingo den harrera ofizialean parte hartuko du. Ekitaldi horrekin hasiera emango zaio Bilboko proiektu estrategikoak bisitatzeko eta lan-saioak egiteko hiru eguneko programari.

Aste honetan gauzatuko den Eurocities Europako hirien sareko Garapen Ekonomikorako 2024 Foroaren epizentroa Bilbo izango da; ekitaldi honetan Europako hiri nagusietako 100 lider baino gehiago eta Europar Batasuneko arduradunak bilduko dira Hiribilduan. “Trantsizioan dauden hiriak: etorkizun jasangarri, inklusibo eta oparorantz” izenburupean, hiru egunetan hiriek erronka global handien aurrean duten eginkizunarekin zerikusia duten gaiak jorratuko dira: hiri-trantsizioen finantzaketa, elkarlaneko gobernantza, berrikuntzako hiri-barrutiak, ekintzailetza, talentua, garapen ekonomiko jasangarria, hirigintza taktikoa, hurbileko ekonomia edo kontratazio publikoa izango dira hausnartuko diren gaietako batzuk.

Aurreko edizioak Helsinkin, Mannheimen, Oulun edo Munichen egin ondoren, Bilbok Eurocities foro bat hartzen duen lehen aldia da; edizio honetan foroa esparru ekonomikoari buruzkoa da, besteak beste, hiri-garapenaren, tokiko politika ekonomikoen, berrikuntzaren eta nazioarteko harreman ekonomikoen arloko ezagutza eta jardunbide egokiak trukatzeko plataforma gisa erabiltzen den urteroko topaketa. Izan ere, Bilbok hogei urte baino gehiago daramatza Eurocities Sareko kide izaten.

Asteazken arratsaldean, urriaren 23an, Juan Mari Aburtok, Bilboko Alkateak, harrera ofiziala egingo die bertaratutako guztiei Iberdrola Dorrean, André Sobczak Eurocities-eko idazkari nagusiarekin batera. Ostegun goizean, urriaren 24an, hainbat osoko bilkura egingo dira Bizkaia Aretoan; Bilboko alkatea izango da bigarren egun horretako lanaldiei ekiteko irekiera ofiziala egingo duena. Arratsaldean Bilboko erreferentziazko hainbat gune bisitatuko dituzte, hala nola BBK Kuna, Zorrotzaurre (Digipen, Open Espazioa eta IED Kunsthal Bilbao) eta BAT dorrea, garapen ekonomikoarekin lotuta hirian bultzatzen ari diren proiektu estrategiko batzuk bertatik bertara ezagutzeko asmoz. Hirugarren eta azken egunean, urriaren 25ean, ostirala, hainbat saio tematiko paralelo egingo dira Bizkaia Aretoan.

EUROCITIES, EUROPAKO HIRI HANDIEN KOMUNITATEA

Eurocities hiriek elkarrekin lan egiten dute egoiliarren bizi-kalitatea hobetzeko. Ezagutza eta esperientziak trukatzen dituzte herritarren ongizatean zuzenean eragiten duten gaiei dagokienez, adibidez klima-aldaketa, energia-egokitzapena, mugikortasun jasangarria, hiri-zahartzea, lankidetza, migrazioa eta integrazioa. Eurocities sareak tokiko gobernuei ere laguntzen die Europar Batasunak aldarrikatzen dituen politikak praktikan jartzen eta Batasunaren finantzaketa-aukerak lantzen ditu.

SARE SOZIALAK: