Abenduak 27
-
Bilbo aukeratu dute urrian Hiri Adimendunen Sarearen (RECI) biltzarra egiteko.
Datorren urriaren 22ean eta 23an, Hiri Adimendunen Espainiako Sarearen (RECI) biltzarra egingo da Bilbon. Ekitaldi garrantzitsua da eta Udala, Modernizazio taldearen bitartez, lanean ari da urian hainbat jardunaldi egiteko, aurrerapen eta esperientzia nabarmenenak azalduko dituzten hizlariekin.
Euskalduna Jauregia izango da V. Edizio hau egiteko gune nagusia. Espazio handi horrek kide guztien arteko lotura ahalbidetuko du, baita jardunbide egokiak partekatzea eta hiri adimendunek dituzten erronka berriekin inspiratzea ere.
Hiri Adimendunen RECI sarea 2011n hasi zen garatzen, hiriak konektatzen zituen plataforma handi baten antzera, “hirien aurrerapen ekonomiko, sozial eta enpresariala bultzatzeko sare ireki bat sortzeko konpromisoa zuena, berrikuntzaren eta ezagutzaren bidez, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan (IKT) oinarrituta”.Harrezkero modu esponentzialean hazi da eta gaur egun Estatu osoko 144 udalerrik baino gehiagok osatzen dute, ekintzak sortzeko eta “hiri adimendun” bihurtzeko asmo irmoarekin.
Oraingo honetan, biltzarrak RECIren 2024-2029 aldirako plan estrategikoaren ardatz nagusiak jasoko ditu. Ardatz horiek Bilbok jarraitu nahi ditu datozen urteetan erreferentziako smart city gisa mantentzeko eta hazteko. “Aparteko aukera”, Ane Miren Ibañez Zugazaga Bilboko Udaleko Modernizazioko zuzendari azaldu duen moduan, “gure uria esperientziak eta ezagutza teknologikoa partekatzeko inspirazio-gune bihur dadin!”.
BILBO, HIRI ADIMENDUNA
Bilbok gai-ildo hauek proposatzen ditu edizio honetarako:
SMART BUSINESS: zelan bizkortu jarduera ekonomikoa, merkataritzako zerbitzu adimendun berrien aldeko apustua eginez eta ekintzailetza digitala bultzatuz.
SMART LIVING: uri lagunkoia bultzatzea hiri-mugikortasun jasangarriko zerbitzu berriak sortuz, bisitariaren esperientzia hobetzea hiri osasungarria bultzatuz; gizarteratzea zaintzea, urian segurtasunaren alde egitea eta adinekoak integratzea.
SMART PEOPLE: pertsonengan kultura digitala garatzea gaitasun digitalak ikasteko baliabideak emanez, talentu digital espezializatua sustatzea eta gizartearentzat erakargarriak diren kultura- eta sormen-jarduerak proposatzea.
SMART SUSTAINABILITY: baliabide naturalak zaintzea, iraunkortasunaren, efizientzia energetikoaren eta energia berriztagarrien aldeko apustu argia eginez.
SMART GOVERNMENT: gobernu irekia, parte-hartzailea eta efizientea izatea, herritarrei zerbitzu aurreratuak eskainiz eta digitalizaziorako azpiegiturak sortuz.
Gaikako bloke horien guztien atzean, Ane Miren Ibañezen arabera, Bilbo “bizitzeko, lan egiteko eta sortzeko hiri adimenduna, XXI. mendean erreferente izango den hiria” bihurtzeko aukera emango duten ekintzak bideratzea da lehentasunezko helburua.
SARE SOZIALAK