Bilbok «iF Design Student Award 2025» zeremonia hartuko du ekainean

Urtarrila 10

  • Munduko talentu gazteentzako diseinuko nazioarteko saririk ospetsuenetakoa da.

  • 20 herrialdetik gorako 300 gazte baino gehiago etortzea espero da.

Bilbok ekainean «iF Design Student Award 2025» sariak emateko zeremonia hartuko duela iragarri du iF Designek 2025eko urtarrilaren 10eko ostiral honetan Euskalduna Jauregian, munduko talentu gazte bikainenak saritzeko urtero egiten den ekitaldia, alegia.

Zeremonia Bilboko Guggenheim Museoan egingo da eta iF Designek eta EIDE Euskal Diseinuaren Elkarteak antolatuko duteBilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa eta kolaborazioa jasoko du.

iF Designek –erreferentziazko erakundea da nazioarte mailan, eta profesionalentzako diseinuko munduko saririk ospetsuenetako baten antolatzailea– eta EIDEk lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten 2024an, zeinaren bidez aipatu sarien zeremonia Euskadin egiteko oinarriak ezarri baitzituzten eta, halaber, tokiko diseinuaren industria, jardunbide egokiak eta kultura nazioarte mailan sustatzeko komunikazioa, informazio trukaketa eta lorpenak bultzatzeko konpromisoa hartu zuten, lehiakortasunerako tresna indartsua denez.

Era horretan, iF Designek EIDEren laguntza izango du 2025eko ekainaren 20an Bilboko Guggenheim Museoan sariak emateko egingo den zeremoniaren  antolaketan, eta Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza ere izango du. Erakunde horiek, izan ere, partekatu eta bere egiten dute kultur eta sormenezko industriak, diseinua, talentu gaztea eta GIHrekin den konpromisoa sustatzeko helburua.

NAZIOARTE MAILAKO PARTE-HARTZEA ETA OIHARTZUNA

Gutxi gorabehera 20 herrialde inguruko 300 ikasle etorriko dira Bilbora sektoreko enpresak, profesionalak eta Euskadiko eta Nafarroako eskola eta unibertsitatetan diseinua ikasten ari diren gazteak ere bilduko dituen ekitaldira. Urtero 72 herrialdetako 10.000 kontzeptu inguru aurkezten dira lehiaketara. Adituen nazioarteko epaimahai independente batek emango du guztira 50.000 euroraino heltzen den sari gutiziatua kontzepturik nabarmenenentzat, kontzeptu irabazleak iF Designen beraren plataforman online argitaratzeko eta nazioarteko bitartekoen eta sare sozialen bidez nahiz Taipein egingo den erakusketa baten bidez zabaltzeko.

Nazioarteko 2.400 agente eta komunikabide espezializatu zein orokorrek baino gehiagok emango dute Bilboko ekitaldiko komunikazioen berri, eta euskal diseinuak toki nabarmena izango du bertan.I

IZEN-EMATEA, OTSAILAREN 5ERA ARTE

«iF Design Student Award 2025» sarirako hautagaiak doan erregistratu daitezke 2025eko otsailaren 5era arte. Sariaren kategoriak Nazio Batuen 17 Garapen Iraunkorrerako Helburuetatik (GIH)15 helbururi dagozkie. Kontzeptuak diseinuko ikasleek edo graduatu berriek (gehienez, duela 2 urte) diseinatu beharko dituzte eta garai honetako erronka global premiazkoenentzako konponbideak azaldu beharko dituzte.

ZEREMONIAREN INGURUKO JARDUERAK

if Designek programa oso bat antolatu du EIDErekin batera bi egunetarako, sariaren nazioarteko irabazleei harrera egin eta horiei Bizkaia eta Bilboren (Diseinuaren Unesco Hiria da 2014tik) eite sortzailea bertatik bertara erakusteko. Kultura- eta sormen-industrien (KSI) garapenari lotutako prestakuntza-zentro eta toki nabarmenak erakusteaz gain, gizarte-eragileei zuzendutako berrikuntza irekiko tailer bat ere jasotzen du programak hiriak 2030era begira dituen erronkei buruz, eta baita nazioarteko networking ekitaldi bat ere Azkuna Zentroan sariak emateko zeremoniaren bezperako gauean.

Ekitaldi nagusian sariaren nazioarteko babesleak egongo dira hiru euskal erakundeez eta iF Designez eta EIDEz gain, hala nola: Alemaniko GROHETaiwango Wonderland eta Compal Electronics eta Txinako Casarte markak.

EUSKADI, BIZKAIA, BILBO: LUARRALDE BERRITZAILEA

Uwe Cremering-ek, iF Designen CEOak, poz handia azaldu du Bilbo izango delako zeremonia horren hiria. “Euskadi, orokorrean, eta Bilbo, bereziki, kultura-metropoli berritzaile bat da, etorkizunari begiratzen diona, eta, Diseinuaren Unesco Hiria denez, toki ezin hobea da munduko diseinatzaile gazte onenak ezagutzeko `iF Design Student Award 2025’ ekitaldiaren bidez. Guretzat ohore handia da gazte sortzaile talentudunen sustapenaren garrantzia Bilboko Udalarekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin partekatzea. Mila esker EIDEri, bertan emango digun laguntzagatik!”, adierazi du.

Benicio Aguerrea EIDEko Koordinatzaile-Gerenteak gazte sortzaile talentudunak bultzatzeko mota horretako sariek duten garrantzia azpimarratu du, eta poztu egin da iF Designek eta EIDEk ekitaldi hori Bilbo-Bizkaira ekartzeko egin duten apustuarengatik. Era berean, eskerrak eman dizkie tokiko erakundeei hori gauzatzearren emandako laguntza irmoagatik. Eta Euskadiko eta Nafarroako diseinuaren prestakuntzako eskaintza geroz handiagoa eta horren kalitatea ezagutzera emateko hitzordu horrek duen balioa azpimarratu du: “diseinuko gure ikasleek gero eta parte-hartze handiagoa izango dute lehiaketa horretan beren kontzeptu eta konponbide berritzaileekin. Edonola ere, mundu osoko ikasleekin lehiatzeko aukera aparta dute”, adierazi du.

Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapenaren Saileko foru diputatuak, bere aldetik, diseinuaren nazioarteko sari horiek emateko ekitaldia hemen egitearen garrantzia azpimarratu du, “diseinuaren balio eraldatzailea sustatzen duelako aldaketaren eragile eta berrikuntzaren motor gisa, munduko talentu gaztea erakartzea bultzatzen duelako eta diseinuaren nazioarteko mapan Bizkaiaren posizioa indartzen duelako”.

Kontxi Claver Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enpleguko zinegotzi ordezkariak “gure hiria ekitaldi ospetsu horren epizentroa izateak dakarren aukera bikaina, metropoli sortzaileen nazioarteko erakustokian jartzen gaituena” azpimarratu du. “Diseinua etengabe jorratzen ari garen helburu bat da, baliabide publikoak eta pribatuak uztartzeko formulan oinarrituta, oso emaitza onak eman baitizkigu, ‘Unesco hirien’ sare horretan egoteraino. Diseinuaren, talentuaren, enpresa sortzaileen liga horretan egon nahi dugu, prestigiozko prestakuntzarekin, ikasle gazteekin eta Bilbon ekindako bidean oinarrituko diren eta hori garatzen jarraituko duten profesional onekin. Eta sari horiek, ezbairik gabe, balio handiko elementu bat dira ari garen lan honentzat”, adierazi du.

Andoni Iturbek, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak, “sari hauen eta Euskadi Sortzailearen politiken arteko konbergentzia” nabarmendu du, “ZTBP 2030en barruan KSIen esparruan espezializazio adimenduneko estrategia baita, bereziki, gazteen sormen-potentziala, berrikuntza irekia eta jasangarritasunarekiko konpromisoa txertatu direnetik”.

IF DESIGN BURUZ

iF Design diseinauren nazioarteko agertokiko kide aktiboa da 1953tik, eta ezohiko diseinuaren garapenarekin engaiatuta dago. Enpresa eta profesionalentzat urtero ematen den «iF Design Award» saria munduko saririk ospetsuenetakoa da. 70 herrialdetako ia 11.000 produktu eta egitasmo aurkezten dira urtero. Urtero 10.000 kontzeptu inguru aurkezten diren «iF Design Award»rekin, iF Designek konpromisoa erakusten du talentu gaztea bultzatu eta sustatzen. Zirkulua «iF Social Impact Prize» sariak ixten du, mundu osoko gizarte-proiektu eta -ekimenak bultzatuz 100.000 euroko finantzazioaren bidez.

EIDERI BURUZ

1986an Bilbon diseinu industrialaren eta grafikoaren nahiz arkitekturaren profesional talde heterogeneo baten eskutik sortutako elkarte profesionala da, eta diseinuko diziplina guztietako profesionalak eta enpresak biltzen ditu gaur egun.

2025eko hasiera honetan, 94 bazkide ditu Euskadin eta Nafarroan (diseinuko 33 enpresa eta 51 profesional independente). Era berean, 11 bazkide korporatibo ditu, horien artean, honako hauek: BEAZ, IDARTE Euskadiko Arte eta Goi-mailako Diseinu Eskola Publikoa, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa, EUNEIZ Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultatea, IED KUNSTHAL Bilbao, INEDI Design School, MATERIALLY Bilbao, ORBEA, Nafarroako Unibertsitatea (Tecnun Ingeniaritzako Goi Eskola eta Arkitekturako Goi Eskola Teknikoa) eta VIDRALA.