Bilbok laugarren postua lortu du atzerriko inbertsioa erakartzeko tamaina handiko Europako hiri onenaren kategorian, Financial Times egunkariaren arabera

Otsailak 15

  • Aurreko edizioan kategoria honetako Top 10ean sartu ondoren, Bilbok sei posizio igo ditu eta laugarren postuan dago ranking ospetsu honetan. Ranking honek Europako 370 hiri baloratzen ditu, atzerriko inbertsio zuzena erakartzeko, atxikitzeko eta handitzeko duten gaitasunaren arabera.

  • Bilboko Udalak arlo honetan egindako lanaren aintzatespen garrantzitsua da eta hiribilduak jauzi nabarmena egin du tamaina handiko hirien artean lehiatzera igaro eta urtebetera.

  • fDi Intelligence Financial Times argitalpenaren atal bat da, atzerriko inbertsioaren nazioarteko joerak zehatz-mehatz aztertzen espezializatua, eta erakundeei eta enpresei datu eta aholkularitza espezializatuak eskaintzen dizkie lehiakortasuna eta posizionamendua hobetzeko.

Bilbo tamaina handiko laugarren hiri europar moduan aintzatetsia izan da atzerriko inbertsio zuzena erakartzeari dagokionez, Financial Times argitalpen britainiarreko fDi Intelligence aldizkariaren European Cities and Regions of the Future 2024 rankingaren arabera.

Rankingak Europako 370 hiri baloratzen ditu atzerriko inbertsio zuzena erakartzeko, atxikitzeko eta handitzeko gaitasunaren arabera, eta tokiko gobernuek kanpoko inbertsioa sustatzeko egiten duten lan integrala ebaluatzen du, hiri bakoitzak arlo horretan duen potentziala ezarriz.

Rankinga egiteko, fDi Intelligencek 80 adierazle baino gehiago erabiltzen ditu, bost kategoriatan banatuta: potentzial ekonomikoa, giza kapitala eta bizimodua, errentagarritasuna, konektibitatea eta negozioak egiteko erraztasuna.

Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enplegu Zinegotziak aintzatetsi duenez, “oso pozgarria da hain argitalpen entzutetsuek Bilbo nazioarteko garapen ekonomikoaren erreferente gisa kokatzea eta talentua erakarri eta fidelizatzearen aldeko apustua egiten duen hiri moduan hain era positiboan balioestea. Hainbat eragilerentzat etorkizun moderno eta erakargarria duen Bilboren alde lanean jarraitzen dugu”.

Bilbok sei postu egin ditu gora, joan den urtean sailkapen horretako Top 10ean sartu ondoren; izan ere, iaz sartu zen lehen aldiz “tamaina handiko hiriak” kategorian. Sailkapen horretan 500.000 biztanletik gorako herriak sartzen dira, baita milioi bat biztanletik gorako metropoli-eremua dutenak ere.

Sailkapenean izan duen hobekuntza Bilboko Udalak ekonomia-sustapenaren arloan egindako lanaren aintzatespena  da eta, bereziki, hiriko aukera-eremu nagusia den Zorrotzaurreko Berrikuntzako Hiri Barrutiaren (ZBHB) garapenean aurrera egiteko burutu duen lana. Ildo horretatik mugarri gisa nabarmentzen dira Bizkaiko Parke Teknologikoaren etorkizuneko hiri-campusaren obren hasiera, uhartearen 2. faseko Hitzarmen Batzordearen eraketa edo Hiri-Garapen Jasangarri Integratuko Estrategia gauzatzearen bidez jasangarritasunaren alde egindako apustua.

Aipatutako ranking-ari dagokion sari-banaketa martxoaren 12an egingo da, MIPIM – The Global Urban Festival higiezinen azokaren barruan. Azoka hori Cannesen izango da, hilaren 12tik 15era bitartean.

FINANCIAL TIMES EGUNKARIAK 2016AN NABARMENDU ZUEN BILBO LEHEN ALDIZ

Financial Times taldeak Bilbori egindako aitorpenen historia 2016an hasi zen. Orduan bi aldiz saritu zuen hiribildua fDi Strategy Awards sarietan, Smart City eta Education Cluster kategorietan, hiri adimendunaren eredu baterantz aurrera egiteko eta ezagutzan oinarritutako garapena sustatzeko Bilbok egindako apustuagatik.

Argitalpena Atzerriko Inbertsio Zuzenaren arloan mundu mailako fluxuak eta joerak aztertzen dituen nazioarteko aldizkaririk garrantzitsuena da. Financial Times nazioarteko liderra da informazio ekonomikoan eta bere aintzatespenak benetako kalitate-zigilua dira aipamen hori jasotzen duten hirientzat.

SARE SOZIALAK: