Bilbok nazioarteko turismo kultural eta urbanoa erakartzearen aldeko apustua egin du

Otsailak 24

  • Turismoaren sektoreko 150 profesionalek parte hartu dute gaur Bilboko Udalak antolatutako topaketan, helburu honekin: Bilbok hirira, Bizkaira eta Euskadira bisitariak erakartzeko duen ahalmena sendotzea.

  • Bileran, Udalaren jarduketa-planaren nondik norakoak azaldu dira; horren bidez, sektorearekin berarekin loturak eta sinergiak areagotu nahi dira, hartara nazioarteko turismoaren, kulturalaren eta urbanoaren alde lan egiteko, izan ere, ardatz horiek funtsezkoak dira Bilbok hartzen duen turista motarentzat.

  • Kontxi Claverrek, Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko Saileko Zinegotziak, turismo eta ekitaldien arloko lantaldearekin batera, zera iragarri dio sektoreari: “kalitatea eta oreka nagusi izango dituen turismoaren alde lan egiten jarraituko dugu, nazioarteko eta distantzia luzeko merkatu berrietan aliantza berriak bilatzeko. Atsegin gaitzaten nahi dugu, eta bisitatzen gaituztenen aurrean bilbotarrak izateagatik harro sentitu”.

Bilboko Udalak gaur egin du turismoaren sektore profesionalarekin urtero egiten duen topaketa. Bilera horretan, Udalak elkarrekin lan egiteko jarduketa-ildo nagusiak partekatu ditu. Guztira, 150 profesional bertaratu dira Bilbao Arenako instalazioetara, eta bertan izan dira, besteak beste, harrera-agentziak, hotel-establezimenduak, enpresa-elkarteak, turismo-bulegoak, Bizkaiko turismoaren erakunde kudeatzaileak eta abar.

Kontxi Claverrek, Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko Saileko Zinegotziak, turismo eta ekitaldietako zuzendari Mercedes Rodriguezekin eta bere lantalde osoarekin batera, azaldu egin ditu NAZIOARTEKO TURISMO KULTURAL eta URBANOA erakartzearen aldeko lehentasunezko apustuaren gakoak. Jarduketa-ardatz horiek hiria bisitatzen duten pertsonen profila eta datuak aztertzearen ondorio dira.

Zehaztu bezala, Bilbo bisitatzen duten turista motetatik, talderik handiena kultura eta ekitaldiekiko interesa duten turistena da, eta esparru horretan sartzen dira musika jaialdiak, antzerkia, kirol-ekitaldiak edota zinema agertokiak. Kluster horren ezaugarri homogeneo eta esanguratsuenei dagokienez, Kontxi Claverrek nabarmendu du, neurri handi batean, honako hauek direla:

  • Nazioartekoak (%49): batez besteko egonaldi eta gastu-ahalmen handiko kolektiboak dira, eta urteko une desberdinetan bidaiatzen dute estatuko turistekin alderatuta.
  • Batez beste, 51 urteko adina dute.
  • Bidaiatzeko modu soziala bikotean izaten da (%52), pozik daude eta Bilbora berriz bidaiatuko luketela diote.
  • Ostatu gisa, ohiko hotelak erabiltzearen alde egiten dute (%84).
  • Batez besteko egonaldia hiruzpalau egunekoa izaten da.
  • Pertsona bakoitzeko batez besteko gastua 705 eurokoa da.
  • Jarduera gastronomikoetan (%95), urbanoetan (%82) eta kulturaletan (%77) parte hartzen dute eta hirian erosketak egiten dituzte (%54).

HIRIAREN POTENTZIALA

Kontxi Claverrek adierazi duenez, datu horiek guztiek bultzatu dute Bilboko Udala “gure hiriak turismo urbano eta kulturalaren esparruan duen potentziala sustatzera. Jarduera turistikoaren datu onek bermatzen dute hiriaren ahalmen hori, Bilbok turistak erakartzeko daukan gaitasuna berresten baitute”.

Zinegotziak azpimarratu du hiriburuak indar handia duela ingurunearekiko elementu traktore eta motor gisa; izan ere, Bilbok Bizkaiko turisten ia %70 hartzen eta ostatatzen du, eta 2024an Lurraldean duen merkatu-kuota handitu du. Bilbo turisten hiri liderra da Euskadin, merkatu-kuotaren %28,4arekin. “Bilbo erakarpen-motorra da. Hori guztia ona da hiriarentzat, baina baita gure ingurukoentzat ere, eta ez naiz soilik Euskadiri buruz ari, baita inguruko probintziei buruz ere, eta horregatik da garrantzitsua aliantzak indartzea”.

2024an Bilbon erregistratutako datu orokorren balantzeari dagokionez, berriz ere pixka bat hazi da, milioi bat sarrera baino gehiago izan baitira (1.240.007 sarrera eta 2.465.033 gaualdi); batez beste 1,99 eguneko egonaldiak egiten dira eta hoteletako ostatuak lehenesten. “Helburua ez da bolumena handitzea, baizik eta urte osoan zehar turismoa izatea, jasangarria izango dena eta aukera emango duena bisitatzen gaituztenek eta herritarrek hiriaz gozatzeko moduko oreka bat izateko”.

NAZIOARTEKO TURISMOA HAZI DA

Jatorriaren arabera, nazioarteko turismoak (%50,8 – 630.266 turista 2024an) bigarren urtez gainditu du estatuko turismoa (%49,2 – 609.739 turista 2024an), eta horrek nazioarteko merkatuaren hazkunde progresiborako joera erakusten du.

Faktore positibo gisa, lehen esan bezala, turista atzerritarra jasangarriagoa da, batez besteko egonaldi handiagoa egiten duelako eta gastatzeko ahalmen handiagoa daukalako; halaber, aukera ematen du urteko une desberdinetan bidaiatzen duten bezeroak erakartzeko, eta horrek turismoa desestazionalizatzea ekarriko du epe ertainera.

Iaz, nazioarteko turisten jatorrizko herrialde nagusiak (handienetik txikienera) Frantzia, Alemania, Estatu Batuak, Erresuma Batua, Italia, Herbehereak eta Portugal izan dira. Estatuko turismoari dagokionez, batez ere Madril, Katalunia, Andaluzia, Gaztela eta Leon, Valentziako Erkidegoa, Galizia eta Asturias dira bisitarien jatorri nagusiak.

BISITARIEN BALORAZIOA: HELMUGA OSO ONA ETA SEGURUA

Sektore profesionalari ekintzak aurkezteko ekitaldian, halaber, Bilbo-Bizkaia bisitatu dutenek egindako balorazioaren berri eman da. Helmuga oso ona dela adierazi dute, 10etik 8,32ko puntuazioa lortu baitu, oro har. Besteak beste, honako alderdi hauek baloratu dituzte: segurtasuna (8,28), turismo-eskaintza (8,08) eta helmugarako irisgarritasuna (8). Gainera, helmugaren gomendio-indizea 8,62ra iritsi da.

Bilboko herritarrek turismoari buruz duten iritziari dagokionez, %95ek uste du sektore onuragarria dela. Zehazki, %96k tokiko ekonomiarentzat duen garrantzia aintzatesten du, eta % 84k kultura-turismoa bultzatzeko ekintzak babesten ditu.

BILBORAKO ERRONKA ETA PRODUKTU TURISTIKOAK

2025ean hiria sustatzeko erronka berriei dagokienez, Bilboko Udalak zera proposatu du: nazioarteko merkatuen eskaria handitzea, distantzia luzeko nazioarteko aukera-merkatuen alde egitea eta, horrekin batera, urte osoan zehar bisitarien fluxua sortzea.

Produktu turistikoei dagokienez, Udalak lanean jarraitzea proposatu du, Bilbo ekitaldi garrantzitsuen egoitza izan dadin, baita MICE turismoaren (bilera, pizgarri, hitzaldi eta erakusketen turismoa) eta kulturaren egoitza izateko ere, jaialdi eta museoen bidez.

2025eko kirol-ekitaldiei dagokienez, nabarmentzekoak dira UEFA Europa Leagueko Finala eta La Vuelta, bai eta 2026ko Errugbi Txapelketen inguruan (EPCR Challenge Cup 2026 eta Investec Champions Cup 2026) egiten ari diren aldez aurreko lanak ere.

Kulturaren esparruan, Guggenheim Bilbao Museoaren trakzio-gaitasunaz gain, Arte Ederren Museo eta Euskal Museo berrituek etorkizunean izango duten gaitasuna azpimarratu behar da. Bilbok jaialdi ugari hartuko ditu aurten, besteak beste: Bilbao BBK Live (uztaila), Bilbao Blues Festival (uztaila), BBK Bilbao Music Legends (ekaina), BIME (urria)…

2025EKO MERKATU TURISTIKOAK

Bilboko Udaleko turismoaren arloko profesionalen taldeak hurbileko merkatuak lantzen jarraituko du aurten, estatuko eta Frantziako hego-mendebaldeko turistak erakartzeko. Hauek dira lehentasunezko merkatuak: Alemania, Erresuma Batua, Italia, Herbehereak, Frantzia eta Estatu Batuak. Eta aukera-merkatuak: Irlanda, Suitza, Portugal, Belgika, Danimarka, Norvegia, Suedia, Finlandia, Polonia, Japonia, Singapur eta Mexiko, besteak beste.

Hitzordu profesionalei dagokienez, Europako trade egutegiaren baitan, honako ekitaldi hauetan parte hartuko dugu: Alemanian (ITB Berlin, martxoak 4-6), Polonian (Roadshow Nekera – Tourespaña, apirilak 7-10; Katowice, apirilaren 8a; Poznan, apirilaren 9a; Varsovia, apirilaren 10a) eta eskandinaviar herrialdeetan (Travel News Market, Kopenhage, otsailaren 4a; Travel Match, Oslo, urtarrilaren 9a; Matka Helsinki, urtarrilak 17-19; Roadshow Norvegia, abuztuak 27-29; Workshop Bilbo-Stockholm, maiatzaren 14a).

Amerikako eta Asiako trade egutegiaren esparruan, AEBetako, Mexikoko eta Singapurreko merkatuetan lan egiten jarraituko da, besteak beste, joan den urrian egindako Match Asia ekintzari jarraipena emateko.

Gaur egindako topaketan, Bilbok munduari irekitako ate gisa duen aukera apartaz ere hitz egin da, AIREPORTUAK emaitza historikoak lortu baititu (6,77 milioi bidaiari) eta orain arte inoiz ikusi gabeko ozeanoz haraindiko ibilbide berriak izango ditu, Bilbo-New Yorkekoa kasu, baita zuzeneko hegaldi berriak ere Kopenhage, Stockholm, Berlin, Basilea, Palermo eta Corkera. Ildo horretatik, lantaldeak parte-hartze nabarmena izango du aireko konektibitatearen inguruko azoketan.

Tresna eta ekintza horiekin, Kontxi Claver Zinegotziak ondokoa adierazi du: “kalitatea eta oreka nagusi izango dituen turismoaren alde lan egiten jarraituko dugu, nazioarteko eta distantzia luzeko merkatu berrietan aliantza berriak bilatzekoAtsegin gaitzaten nahi dugu, eta bisitatzen gaituztenen aurrean bilbotarrak izateagatik harro sentitu”.

BILBO, TURISTEI HARRERA EGIN ETA ARRETA EMATEKO GUNEA

Bilbok turismo-arretarako bi bulego ditu, bata Plaza Biribilean dago eta bestea Guggenheim Bilbao Museoaren ondoan. Bi puntu horietan 334.906 kontsulta artatu ziren iaz, eta horietatik 306.649 aurrez aurrekoak izan ziren (17.384 gurutze-bidaiarik jaso zuten arreta helmugako puntuan).

28.257 kontsulta ez-presentzial egin dira eta beste bide batzuetatik erantzun dira: telefonoa (%52), e-maila (%30,3), Whatsappa (%7,2), Livechat (%5,2) eta posta arrunta (%5,3).

Horrez gain, arreta eta harrera turistikoko zerbitzuak 272 enpresaren kontsultei ere erantzun die, eta 412 bisita gidatu egin ditu, guztira 6.992 parte-hartzailerekin.

SARE SOZIALAK: