Bilbao Basketek indarrak batu ditu Innolab Bilbaorekin bere kirol-kudeaketa digitalizatzeko

Apirilak 20

  • Bilbao Basket Kirol Elkartearen eta INNOLAB Bilbaoren arteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute, aplikazio teknologikoko proiektu bat garatzeko, taldearen kirol-kudeaketa digitalizatzen laguntzeko.

  • INNOLAB Bilbao irabazi-asmorik gabeko elkartea da, Bilboko Udalak bultzatutako lankidetza publiko-pribatu baten emaitza, eta hainbat eremutako bazkideak batu zaizkio, hala nola BBK, IBM, Iberdrola, Mondragon Korporazioa, IMQ Taldea, Deustuko Unibertsitatea, BCAM (Basque Center for Applied Mathematics)…

Bilbao Basket Kirol Elkartearen eta INNOLAB Bilbaoren arteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute, aplikazio teknologikoko proiektu bat garatzeko, taldearen kirol-kudeaketa digitalizatzen laguntzea helburu duena, ondoren azterketa estatistiko aurreratua egiteko.

Honako hauek sinatu dute akordioa: Isabel Iturbe, Bilbao Basket Kirol Klubeko presidentea, eta Gorka Martínez Salcedo, INNOLAB Bilboko presidentea. Bertan izan da, halaber, Javier Garcinuño Bilbao, Ekintza udal-sozietateko zuzendaria, zeinak proiektua prestatzeko lanetan parte hartu duen.

Hitzarmen horri esker, saskibaloi-klubak hainbat talde eta lehiaketetako jokalari propioak edo aurkariak ebaluatu ahal izango ditu, talentua detektatu eta plantilla konfiguratu ahal izango du bere tresnak erabiliz. Prototipatu teknologikoko proiektu hori INNOLAB Bilbaoko bazkide den BCAMek (Basque Center for Applied Mathematics) garatuko du.

Lankidetza horren bidez, Bilbao Basket Klubak bere digitalizazio-planaren ardatz nagusietako bat garatuko du, jokalarien errendimenduaren kudeaketa eta ebaluazioa indartuz, baita haien errendimendua monitorizatuz ere, faktore hori erabakigarria baita plantillak konfiguratzeko orduan.

Isabel Iturbe Bilbao Basket Kirol Klubeko presidentearen aburuz, “Bilbao Basketetik berrikuntzaren aldeko apustua egiten dugu. Klubeko hainbat arlo digitalizatzeko lanean ari gara eta proiektu hau, INNOLABen eskutik, prozesu horretan aurrerapauso handia izango dela uste dugu”. Bestalde, Gorka Martinezek adierazi duenez, “Digitalizazioa jada ez da aukera bat. Hori dela eta, INNOLAB Bilbaorentzat, atsegina da gure hiriko erreferentziako klub bati, Bilbao Basketi, teknologia erabiltzeko bidean laguntzea erronka berriei aurre egiteko, kirol-kudeaketa modu lehiakorrean eta eraginkorrean aldatuz”. Bilbao Ekintza udal-sozietateko arduraduna den Javier Garcinuñoren esanetan, “oso garrantzitsua da mota honetako proiektuak sortzea, bai eta elkarrekin lan egiten jarraitzea ere. Horrela, sektore guztietara eramango dugu hain beharrezkoa den digitalizazioa, kirolaren mundura ere bai”.

INNOLAB Bilbao

INNOLAB Bilbao berrikuntza irekiko plataforma bat da. Bertan, talentuak, teknologiak eta industriak bat egiten dute enpresa-erronkei irtenbide digital berriak emateko, euskal gizartean berrikuntza teknologikoa bultzatuz eta enpresak eta industria digitalizatzeko jarduerak bultzatuz.

2016an sortu zen eta irabazi-asmorik gabeko elkartea da, Bilboko Udalak bultzatutako lankidetza publiko-pribatu baten emaitza, eta hainbat eremutako bazkideak batu zaizkio, hala nola BBK, IBM, Iberdrola, Mondragon Korporazioa, IMQ Taldea, Deustuko Unibertsitatea, BCAM (Basque Center for Applied Mathematics) eta El Correo.