Martxoak 24
- Bilboko Udalak antolatutako jaialdia apirilaren 16tik 19ra egingo da, eta ehundik gora jarduera izango ditu, gehienak doakoak, Aste Santuan uriaren berezko kultur jarduerarekin bat eginez eta Areatza erdigune izanik.
- Korrontzi euskal folk musika talde ezagunaren eta OrekaTx boskotearen kontzertuek eta Orekꓘa taldearen dantzaldiak Areatzako Kioskoan gozatzeko aukera emango dute eguen, bariku eta zapatuan, 20:30etatik aurrera. Umeentzako antzerki, musika, jolas eta dinamika parte-hartzaileen topagunea izango da Zabalgune Eraikina. Horrez gain, euskal pilotako tailer eta erakustaldiez gozatzeko aukera ere izango dute Esperanza Frontoian.
Bilboko Udalak gaur aurkeztu du Bilbao Basque Fest 2025en programa. Aurten apirilaren 16tik 19ra bitartean egingo da jaialdia, eta Aste Santuan euskal kulturaren aberastasunaz bost zentzumenekin gozatzeko aukera emango du. Udalak antolatutako Bilbao Basque Fest 2025 jaialdiak egitarau oparoa izango du lau egunez, eta ehun jarduera baino gehiago izango dira, sei gai-multzorekin lotuta: Gourmet, Kultura, Musika, Market, Zinema eta Sport.
112 jarduera, gehienak doakoak, hogei bat gunetan egingo dira eta pertsona guztientzat dira, uriaren kultura-eskaintzarekin bat egiteko, bilbotarrek eta egun horietan uria bisitatzen dutenek esperientzia ahaztezina bizi dezaten euskal kulturaren bitartez.
Eguneroko programaren xehetasun guztiak ezagutzeko asmoz, programa hori zabaltzeko euskarri berri bat estreinatu zen iaz, jasangarriagoa eta egungo joera digitalekin bat datorrena, eta edizio honetan ere mantenduko da: QR kode bat duten 15.000 txapa banatuko dira, eguneratutako informazio guztia eta jaialdiaren eguneroko agenda zuzenean eskuratu ahal izateko. Bilbao Bizkaiako turismo-bulegoek programa inprimatuta ere izango dute.
Kontxi Claver Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko Zinegotziak jaialdiaren aurkezpenean azaldu duenez, “jendeak jarduera bakoitzaz ahalik eta gehien gozatzea nahi dugu, eta Bilbao Basque Fest-ekin euskal kulturaz blaitzea, Bilboko Aste Santuari balio handia ematen baitio. Jaialdi honek, euskal kulturaren aberastasuna goraipatzeaz gain, Bilbori bultzada emango dio eremu askotan udan: kaleak, saltokiak eta tabernak bizi-bizi betetzen ditu, eta bisitariak zein urian geratzen diren bilbotarrak erakartzen ditu. 150 artista, 25 enpresa, 112 langile produkzioan eta exekuzioan, kirolarekin lotutako 18 jarduera, 28 musika-, dantza- eta antzerki-ikuskizun… horiek dira Bilbao Basque Fest-ek uriko sektore eta eragile askotan eragina duen proiektu estrategikoa den aldetik duen arrakasta berresten duten zifretako batzuk”.
GUSTU GUZTIETARAKO MUSIKA
Agus Barandiaran buru duen Korrontzi euskal folk musika talde ezagunak hasiko ditu emanaldiak eguenean, apirilaren 17an, 20:30ean, Areatzako Kioskoan. Aurten Areatza benetako erdigune musikal bilakatuko da, eta trikitia eta dantza tradizionalak uztartuko ditu. Hurrengo egunean, ordu eta leku berean, OrekaTx boskoteak Koklea ikuskizuna emango du, txalaparta material organikoekin (egurra, harria, banbua eta baita izotza ere) uztartzen duena. Apirilaren 19an, larunbatean, Orekꓘa taldearen dantzaldia izango da (Oxabi, Garilak 26 eta Urrats taldeetako zortzi musikarik osatutako taldea) arratsalde-gaua girotzeko, Areatzako kioskoan 20:30etatik aurrera.
Bilbao Basque Fest 2025 jaialdian genero guztientzako lekua dago, eta aurtengo musika-kartelak zaletasun guztietarako aukerak ematen ditu. Aipatutako taldeen aldeko apustua egiteaz gain, jaialdiak proposamen originalak eramango ditu eszenatokira, hala nola, Alex Lopez buru duen Sensei Music Ensemble proiektua, Iñaki Plaza Band, Bilboko Udal Txistulari Taldea eta Iñaki Palacios txistularia. Guztiak Azkuna Zentroan izango dira, eta euskal folklorearen eta soinu garaikideen erreferentzia musikala izango da.
Aipagarria da Amaia Barrenak eta Txitxok Berreginen Museoan emango duten kontzertu poetikoa. Horrez gain, ezin dira alde batera utzi lau hamarkada baino gehiagoko historia duen Fanfarre Sama Sikuren jai-soinu kementsuak. Eguerdian kalejira alaiekin Diputazio eta Ledesma kaleak beteko dituzte.
Kafe Antzokia Basque Fest Rock City zikloaren egoitza izango da berriz ere, eta euskal eszenako talderik onenen emanaldiak izango dira, egunero, 22:00etatik aurrera: Arnau & The Honky Tonk, Losers, Moonshine Wagon, Micky & The Buzz, Solomillo Wellington, The Inciters, The Cherry Boppers, Nat Simons eta Las Furias.
Gauean zehar, jaialdiak bere kontzertu-proposamena Azkena Aretora eramango du euskal rock-aren bi artistarekin: gizartean oinarritutako abestiak izango dira ostiral gaueko protagonistak, Itsaso Gutiérrez Retolaza buru duen ON musika-proiektuarenak. Hurrengo egunean, Clara Corral bilbotarra igoko da oholtzara, autoezagutza esploratzen duten bere hitz introspektiboak partekatzera.
Aurtengo berrikuntza izango da Jazzon Aretoak bat egingo duela Bilbao Basque Fest 2025eko musika-agertokiekin. Nerea Arrieta pianojole eta abeslari bilbotarra buru duen Nerea Arrieta Trío hirukotearen interpretazioak hartuko ditu, euskal eszenan gorabidean dagoen hirukotearenak.
Martzanako Kaian ezin ziren falta DJen erritmo magnetikoak, soinu- eta argiztapen-sistema zainduarekin batera.
HERRI-KIROLEN ERAKUSTALDIAK, DESAFIOAK ETA TAILERRAK
Bilbao Basque Festen ezinbestekoak dira Herri-kirolak. Aurten ere, Areatza izango da munduko proba ezagun horiez zuzenean gozatzeko plaza nagusia: ingude- eta lasto-altxatzea, harri-jasotzea, trontza, sokatira…
Erakargarri berezi gisa, Nerea Egurrolak, 25 kiloko txinga garraioaren errekorra duenak, 50 kiloko txinga kopuruaren errekorra hausten saiatuko da Bilbao Basque Fest jaialdiaren edizio honetan. Jaialdiak Bizkaiko Orga-joko Txapelketa Ofiziala ere hartuko du, emakumezkoena eta gizonezkoena.
Aurtengo berrikuntza izango da, goizeko eta arratsaldeko txandetan 8 urtetik gorakoei zuzendutako Herri-kiroletako umeentzako tailerrez gain, euskal pilotako tailerrak ere izango direla Esperantza Frontoian: 50 lagunentzako sarrerak emango dira (plazak iritsitako ordenaren arabera esleituko dira, leku guztiak bete arte), saioetan kartoi birziklagarrizko saskiak eta EKO pilotak egingo dira, museo txiki bat bisitatuko da kirol tradizional horren modalitate eta historia guztiekin, partida azkarren erakustaldia egingo da emakumezko profesionalekin eta zesta-puntakoekin, eta eskuzko partidetan parte hartuko dute pilotariek, txapela irabazteko.
IBILALDIAK ITSASONTZIZ, DANTZAK, UMOREA ETA FAMILIENTZAKO JARDUERAK
Aste Santuan Bilboren historia modu atsegin eta originalean ezagutu nahi dutenek, ‘Bilboko Anfitrioi’ deiturikoek egiten dituzten bisita antzeztuekin bat egiteko aukera izango dute, Alde Zaharreko eta Areatzako espazio nagusietan zehar 12:00etatik aurrera, uriaren historia berrikusteko.
Bilborock-en bakarrizketak hiru euskal profesionalen eskutik, Gurutze Beitia, Mitxel Santamarina eta Salah El Yaakoubi (txartelak Bilborock-eko atean entregatuko dira iritsiera-ordenaren arabera, gehienez 2 tiket pertsonako); Begotxu eta Maitanerekin Itsasadarrean zehar itsasontziz egiten diren ibilaldi panoramiko bereziak (online eskuragarri daude txartelak) publiko guztientzako programa dibertigarria dira, ziur barre egingo duzula, umorerako espazio nabarmena baita.
Haurrek ere parte hartu ahal izango dute jaialdiaz, ahalik eta gehien goza dezaten diseinatutako jarduera entretenigarrietan. Zabalgune eraikina izango da familien topagune nagusia: antzerkia, zirkua, dinamika parte-hartzaileak, dantzak eta ikuskizunak Txaloka, Doble Bill edo Trotamundos euskal konpainien eskutik, eguenean, barikuan eta zapatuan, 18:00etatik aurrera.
Herriko jaia ziurtatuta egongo da Gasaren Plazan egunero 19:00etatik aurrera, Gaztedi, Lorratz eta Goi-herri taldeek euskal dantza alaiez beteko baitute gunea adin guztietako jendearentzat.
GOURMET TXOKOA: TAILERRAK ETA DASTATZEAK AREATZAN
Ohiko Gourmet Txokoak, Areatzan dagoen 1.500 m2 baino gehiagoko karpa batean kokatua, euskal eskualde turistiko ugaritako ordezkariak bilduko ditu berriz ere bere tokiko produkturik onenekin, Bilbotarrek eta turistek bertatik bertara ezagutu ahal izan dezaten toki horietako eskaintza (Goierri, Gorbeialdea, Iparralde, Arabako Errioxa, Uribe, Tolosaldea…) eta bertako jaki goxoak.
Dastatze espresak egongo dira gildak, ore amako ogia, gazta, txorizoa, txakolina, txokolatea eta abar probatzeko, baita sukaldaritza tailerrak ere. Bertan, ohiko jaki gozoak egiten ikasteko aukera izango da, besteak beste hegaluze-tostak antxoa marinatuarekin edo Latxa urdinaren gaztarekin, baita antxoaz betetako kuiatxoa ere.
Hori guztia, plaza erreserbatzeko aurrez aurreko inskripzio baten bidez egingo da eta bildutako dirua Amiarteri zuzenduko zaio, Bilbon kokatutako espazioa, non artea eraldaketarako tresna bihurtzen den. Diziplinarteko sorkuntza artistikoko tailer bat da, egoera zailetan dauden artisten, profesionalen eta pertsonen arteko topaketa eta lankidetza sustatzen duena.
EROSKETAK BASQUE ESENTZIAREKIN
Egun bakoitzari amaiera bikaina emateko, Bilbao Basque Fest-eko Areatzako Market guneak produktu goxoen sorta zabala erosteko aukera emango du, baita uriko saltoki eta hornidura-plazetara joateko aukera ere, Erriberako Merkatu historikora, esaterako. Gure Lurreko Merkatu tradizionalaz gain, Artisautza Azokak kalitate handiko artisau-pieza ugari ditu urtero: zeramikazko artikuluak, larruzko eta egurrezko produktuak eta abar.
IRATI, ‘ZINEMA’ ATALEKO PROTAGONISTA
Paul Urkijoren lan arrakastatsua, Irati, euskal abentura, fantasia eta mitologia uztartzen dituen inoizko euskarazko zintarik arrakastatsuena, ostegunetik larunbatera 18:00etan proiektatuko da, BBK Aretoan, ‘Basque Zinema’ programaren barruan. Sitgeseko Zinemaldian saritu zuten (Publikoaren Saria eta Efektu Berezi Onenen Saria) eta bost Goya sarietarako izendatu. 16 urtetik gorakoentzako ekoizpena da eta VIII. mendean girotuta dago. Eneko du protagonista, bailarako lider izateko lehiatzen den Pirinioetako kristau gaztea.
Bilbao Basque Fest 2025en informazio guztia eta programa osoa: https://basquefest.bilbao.eus/eu/
SARE SOZIALAK: