Bilbao basque FEST euskal kulturaren hitzordu handiak ateak irekiko ditu aste honetan, gastronomia, zinema, antzerki eta kirolaren arloetako 200 jarduera ingururekin

Martxoak 25

      • Bilboko Udalak antolatuta, martxoaren 27tik 31ra garatuko dira jaialdiaren proposamenak, ohiko sei gaietan bilduta: Gourmet, Kultura, Musika, Market, Zinema eta Sport.

      • Hainbat sari jaso dituen “20.000 especies de abejas” filma eta “To bird or not to bird” film laburra Zinema atalaren protagonista izango dira.

      • Areatzako Txoko Gourmetean dastaketa espresak eta sukaldaritza-tailer laburrak egongo dira; guztira, 1.376 plaza. Dastaketetan eta tailerretan parte hartzeko, 2 euroko prezio sinbolikoa ordaindu beharko da. Diru hori Norai Elkartearen Etorkizuna Musikatan proiektura bideratuko da, zeinak helburu baitu haurren eta nerabeen bizitzak musikaren bidez eraldatzea. Herri-kirolen erakustaldiek eta tailerrek, emakumezkoen eta gizonezkoen Bizkaiko Orga Txapelketa Ofizialaz gain, jaialdiko kirol-eskaintza osatzen dute.

      • Bilbao basque FESTen musika-programazio zabalean sartzen dira, besteak beste, protagonismo femeninoa daukaten folk kontzertuak eta Basque Fest Rock City eta Taberna Live Music zikloak.

      • Umeek Gargantua pertsonaia ospetsuaren bisita jasoko dute, eta Casilda Iturrizar parkean eta Zabalgune eraikinean antzezlanak, zirku-tailerrak eta magia-ikuskizunak izango dituzte.

  • Bilbao basque Festeuskal kulturaren hitzordu nagusia, martxoaren 27an, eguaztena, hasiko da 200 jarduera ingururekin, gehienak doakoak. Jarduera horiek martxoaren 31ra arte (domeka) luzatuko dira.Aste Santu honetan uribildua bisitatzen dutenek, baita jaiak urian igarotzea erabakitzen duten bilbotarrek ere, jaialdiko ohiko sei gaietan biltzen diren esperientziez gozatuko dute: Gourmet, Kultura, Musika, Market, Zinema eta Sport.Herri-kiroletako probak eta erakustaldiak, 0 kilometroko gastronomia-produkturik onenak, dantza tradizionala eta gaur egungoa, kontzertuak, euskal zinema sariduna, familia-jarduerak, kalejira alaiak, berbenak eta erromeriak… Bilbo basque FESTek proposamen kultural eta aisialdikoa eskainiko die euskal nortasuna duten publiko guztiei.Jaialdiaren irekiera Azkuna Zentroan egingo da eguaztenean, 19:00etan, Kuttune konpainiaren eskutik, emakumezko ahotsen protagonismoa duen folk ziklo baten barruan. Sarrabetek (29an, barikua) eta Amaterrak (30ean, zapatua) kartela osatzen dute Bilboko Txistularien Udal Bandaren ondoan (28an, eguena).

    20 KONTZERTU BAINO GEHIAGO BILBOKO KALE ETA ARETOETAN

    Musika da, Bilbao basque FESTen edizio guztietan, jaialdiaren elementu garrantzitsuenetako bat. Aurtengo kartelak estilo erakargarriak biltzen ditu: rocka, popa, folka eta jazza, besteak beste.

    Proposamen originalenetako bat martxoaren 28an (eguena) iritsiko da, 12:00etan, Bilboko Artelan Berreginen Museoan. Han “Hezurrak” kontzertu poetikoa egingo da, Puy Barral eta Manu Gaigneren eskutik. Kontzertuan, perkusioa eta ahotsa erritmoz aldatzen dira, ikus-entzuleak hitz-jolasekin harritzeko.

    Areatzako Kioskoak bere programazioa zabalduko du Eider Sáez Nogeneko lider ohiaren bakarkako lehen lanaren estreinaldiarekin (martxoaren 29an, barikua, 20:30ean).Hurrengo egunean, ordu berean, gure herri-kulturako klasikoetako batez gozatu ahal izango da: berbenaz.Kresala, Euskadin gaur egun dagoen erromeria-talde garrantzitsuenetako bat, dantzatzeko musika euskaldunaren errepertorio alaia partekatuko du, energia handiz eta giro onean.

    Gauean Bilbao basque FESTek bere proposamena zabalduko du Azkena eta Rocket aretoetan kontzertuak emanez “Taberna Live Music” atalarekin. Bertan, Triple Zero, Norman Bates, Iñigo Puertas eta Chulería, Joder! artistek zuzeneko musika eskainiko dute. Rockaren atalean, Bilbao basque Fest Kafe Antzokira itzuli da aurten ere Euskadiko banda onenekin, “Bilbao Basque Fest Rock City” zikloan (Akatz, Los Retumbes eta Munlet plays Devo, besteak beste). Era berean, zenbait DJk zuzeneko musika jarriko dute aperitiboaren orduan eta arratsaldeetan, Martzana kaian eta kalean, “Kaia on set” atalean.

    Gainera, kalejirarik alaienak Bilboko erdialdetik ibiliko dira eta Ziortza eta Leire, Izalde, Jira Musika eta Samasiku taldeek energiaz beteko dituzte Poza Lizentziatua, Villarías, Ledesma eta García Rivero kaleak, martxoaren 28tik (eguena) martxoaren 30era arte (zapatua) 13:30ean hasita. Bilbotxeros Bandek Diputazio kalearen ingurua alaituko du, zapatuan, hilak 30, 13:30etik 15:00etara.

    Gainera, martxoaren 28an (eguena), 29an (barikua) eta 30ean (zapatua) 19:00etatik aurrera erromeriak izango dira Gas plazan Ortzadar, Jira Musika eta Ziortza eta Leireren eskutik. Areatzako kaian, martxoaren 31n (domeka) 13:00etan, Dantza Plazan saioa egingo da lehen aldiz. Bertan, irakasleek parte-hartzaileei dantzarako pausoak erakutsiko dizkiete. Artxandan ere –festarako txoko klasiko bat– euskal dantzen tailerra egingo da domekan, 12:00etan hasita, eta ondoren erromeria alai bat egingo da Gaztediren eskutik.

    “20.000 ESPECIES DE ABEJAS” ZINEMA ATALEAN

    Bilbao Basque FESTek euskal zinemarik onena sustatzen du Zinema atalean. Aurtengo film nagusia Estíbaliz Urresolaren “20.000 especies de abejas” film saritua izango da, eta BBK aretoan erakutsiko da egunero – egunean, barikuan eta zapatuan –. Filmak hiru Goya lortu ditu (zuzendaritza berririk onena, taldeko aktorerik onena eta jatorrizko gidoirik onena) eta aurten bere kategorian Goia saria eskuratu duen animazioko film laburraren (“To bird or not to bird”) ondoren proiektatuko da, 18:00etan.

    FAMILIA-PROGRAMAZIO ZABALA

    Familiek proposamen sorta zabala aurkituko dute Bilbao basque FESTenCasilda Iturrizar parkean zirku-tailerrak egingo dira malabarak eta akrobaziak egiten ikasteko, bai eta antzerki-saioak ere arratsaldean. Aurten, gainera, bere kategorian 2023ko Sari Nazionala lortu zuen “Oliver & Liuba: los inventores” magia-ikuskizuna ikusteko aukera izango da Zabalgune eraikinean.

    • “La Glo”, zirku-tailerrak (4 urtetik aurrera), martxoaren 28an (eguena), 29an (barikua) 30ean (zapatua), 12:30ean.
    • “Historias de un baúl”, familia-antzerkia, martxoaren 28an (eguena), 18:00etan.
    • “Mute”familia-antzerkia, martxoaren 29an (barikua), 18:00etan.
    • “Bualá”familia-antzerkia, martxoaren 30ean (zapatua), 18:00etan.
    • “Oliver & Liuba: los inventores”magia, martxoaren 28an (eguena), 29an (barikua) 30ean (zapatua), 19:00etan.

    Gargantua, pertsonaia maiteenetakoa, Bilbao basque FESTera itzuliko da txikienek barruko txirristan goza dezaten. Guggenheim Bilbao Museoaren zabalgunean egongo da martxoaren 28tik (eguena) 30era (zapatua), 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Gainera, 12:00etatik 13:30era Txistularien Udal Bandaren zuzeneko musika izango du lagun; arratsaldeetan, 17:00etatik 18:30era, Jira Musika (28an, eguena), Ziortza eta Leire (29an, barikua) eta Izaldi (30ean, zapatua) arituko dira.

    DANTZA, UMOREA ETA KALEKO ANTZERKIA

    Kultura da Bilbao basque Fest elkartearen funtsezko elementua. Jaialdiak euskal sustraietan sakontzen du bere adierazpide bereizgarrienei lekua egiteko dantza tradizionalen, antzerkiaren, umorearen eta historiaren bidez.

    Bizikidetasun plazan euskal dantzen estilo-aniztasuna islatzen duten ikuskizun bi egongo dira. Aro garaikidekoa, Aukeran taldeak “Aiurri” aurkeztuko du, gizakiak mugitzeko daukan beharrari buruz.Salbatzaile talde historikoak, bestalde, herri-kulturan oso errotuta dauden koreografiak erakutsiko ditu.

    “Euskal zigilua” duen antzerkiak eta komikotasunak jaialdiaren arratsaldeak poztuko ditu Bilborocken eta Erripa kaian. Horrela, “Humor and Basque” zikloa martxoaren 28an (eguena) itzuliko da BilborockeraJon Plazaola umorista ospetsuaren “Tu Tum Platz” obrarekin, zeina bere ibilbide arrakastatsuaren jatorrira itzultzen baita. Martxoaren 29an (barikua) Bocabeats Comediaren txanda iritsiko da. Iván Pérezek eta Aitor Vidaurretak osatzen dute taldea eta “Tirando del carro” inprobisazio-lana antzeztuko dute. Azkenik, martxoaren 30ean (zapatua) Aroa Berrozpe ospetsuak “Mejor será reírnos” aurkeztuko digu. Hiru emanaldiak 20:00etan izango dira, edukiera osatu arte.

    Umorezko eskaintza martxoak 28an (eguena) osatuko da 18:00etan, Goitibera konpainiaren kale-antzerki barregarriarekin eta “Yijaaa!!!” lanarekin, Arístides Smith eta haren laguntzaile Giovanni Cannoli-ren abenturen inguruan. Hurrengo egunean, hilak 29an (barikua), ordu berean, Bea Larrañagak “Soy la bomba” lana antzeztuko du, gozogintzaren inguruko iraultza berezi bat planeatuz. Hilaren 30ean (zapatua), niMu txanda iritsiko da, eta “Jacuzzi” lanean burbuilei buruzko hausnarketa egingo du.

    GURE LURRALDEKO GASTRONOMIA ETA KIROL TRADIZIONALAK AREATZAN

    Areatzak Gourmet eta Sport sekzioak hartuko ditu.Txoko Gourmet karparen 1.500 m2 horiek Euskadiko turismo-eskualdeetako zero kilometroko produkturik onenak dastatzera eta erostera gonbidatuko ditu: Urdaibai, Arabako Errioxa, Gorbeialdea, Goierri, Uribe, Iparraldea eta Tolosaldea. Besteak beste, Idiazabalgo gazta, Ezpeletako piperrak, Urigoitiko txorizoa, txakolina, izozkiak, txokolatea, eztia, ogia, euskal pastela, euskal bermuta eta Samaniegoko ardoa dastatu ahal izango dira dastaketa espresetan. Gure lurraldeko jan-edan zoragarri horiek dastatzeko lehen txanda 12:00etan hasiko da, eta azkena 18:00etan (martxoaren 28an, eguenean, 18:10ean, eta martxoaren 31n, domekan, 13:30ean). Dastaketetan 900 pertsonak parte ahal izango dute guztira.

    Txoko Gourmeteko beste jarduera izarretako bat tailer gastronomiko laburrak izango dira. 45 minutuko tailer horietan, 476 lagunek zenbait plater prestatzen ikasiko dute, adibidez: Bilboko pintxo tipikoak, Eusko Label txahaleko tartarra, baserriko nigiria eta bakailao-zebitxea. Ikastarotxo horiek martxoaren 28tik (eguena) martxoaren 30era (zapatua) egingo dira, 12:15ean, 13:15ean, 17:15ean eta 18:15ean (domekan 12:15ean eta 13:15ean baino ez).

    Tailerretan nahiz dastaketa espresetan parte hartu nahi dutenek Gourmet Txokoan bertan eman beharko dute izena. Saio horiek 2 euroko prezio sinbolikoa izango dute, eta eskudirutan ordaindu beharko da. Diru hori Norai Elkartearen Etorkizuna Musikatan proiektura bideratuko da, zeinak helburu baitu haur eta nerabeen bizitzak musikaren bidez eraldatzea.

    Gainera, martxoaren 31n (domeka), Areatzako karpan hainbat jarduera izango dira 11:00etatik 14:00etara familia osoarentzat, hala nola Bizkaiko eta Arabako bolo-jokoak, igel-toka, belaunaldien arteko egur-tailerrak, euskal folkloreko jantzien erakusketa eta musika-animazioa Musikako Udal Eskolako txistu-bandarekin.

    Areatzako kaian ere egongo dira herri-kirolakIngudea eta harria altxatzea, sokatira, txinga-eroatea, trontza, harri-zulatzaileak, aizkolariak eta abar dira espazio honetan ikusgai jarriko diren proba batzuk. Proba horiek martxoaren 28an (eguena) hasiko dira, 12:30ean, emakumezkoen eta gizonezkoen Orgako (Orga jokoa) Bizkaiko Txapelketa Ofizialarekin.Era berean, zortzi urtetik gorakoentzako tailerrak egingo dira, martxoaren 28ko (eguena) 12:30ean eta 17:30ean (zapatua).

    IBILBIDEAK BILBO HISTORIKOTIK ETA PASEALDIAK ITSASADARREAN ZEHAR

    Bilboko Anfitrioiei esker, Bilboko historia umore apur batekin ezagutu daiteke, Zazpi Kaleetatik eta Areatzatik, 12:00etatik aurrera egunero antzerki-formako ibilbideak programatu baitituzte. Jaialdiaren beste proposamen original bat Mirentxu eta Begotxurekin itsasontzian ibilbideak egitea da. Oraingoan, Bilbon datorren maiatzean egingo den Women’s Champions League UEFAren finalari buruzko hausnarketa bereziak partekatuko dituzte.

    BILBAO BASQUE FEST ZENBAKIETAN

    Bilbao basque Fest euskal kulturaren jaialdia bost egunetan luzatuko da, sei gairekin –Gourmet, Kultura, Musika, Market, Zinema eta Sport–, uriko 30 espaziotan308 jatetxe, taberna, denda eta denda espezializatuk hartuko dute parte edizio honetan; 200 jarduera inguru egingo dira, 156 artistarekin, eta 125 pertsona enplegatuko dira jaialdia produzitzeko eta gauzatzeko.

    Jendeak, beste hainbat planen artean, musikako, dantzako eta antzerkiko 58 ikuskizun, euskal kiroleko 34 jarduerazero kilometroko produktuen dastaketa espresak eta gastronomia-tailer txikiak izango ditu.

    Aste Santua Bilbon gozatzeko Bilbao basque Festen programa osoa eta informazio gehigarria dago hemen: https://www.bilbao.eus/basquefest/. 15.000 txapa banatuko dira, QR kode bat izango dutenak webgune ofizialera lotzeko. Gune horretan jarduerei, ordutegiei eta jaialdiari buruzko xehetasun guztiak daude jasota, baita bestelako informazio garrantzitsua ere.

    SARE SOZIALAK