Martxoak 22
-
Pandemiaren ondorioz ez da azken bi urteetan antolatu, eta, orain, Bilbok berriz ere edukiko du euskal kulturaren jaialdiaz gozatzeko aukera apirilaren 13tik 17ra eta 200 jarduera baino gehiagorekin.
-
Gehienak doan eskainiko dira, eta gastronomia, musika, herri-kirolak eta zinema jorratuko dira, besteak beste.
-
Bilbao Basque FEST jaialdiaren urteko hitzordua itzuliko da Aste Santuan, eta sorpresa ugari izango dira hiribildu osoan zehar egongo diren hogeita hamar bat agertokitan eta 300 artista baino gehiagorekin Udalak antolatuta eta oraindik Covid-19ari aurre egiteko neurriekin, hiria dinamizatzea, turistak zein inguruko bisitariak erakartzea eta egun horietan Bilbon geratuko diren bilbotarrei kalitate oneko proposamen bat eskaintzea du helburu.
Bilbao Basque FEST euskal kulturaren jaialdia hiribildura itzuliko da Aste Santuan. Apirilaren 13tik 17ra, hogeita hamar espazio baino gehiagotan antolatuko dira Bilboko Udalak Bilbao basque FEST jaialdiaren zortzigarren ediziorako programatu dituen 200 jarduera baino gehiago.
Pandemiaren ondorioz bi urtez etenda egon eta gero, eta neurri egokiekin oraindik ere, hiria dinamizatzen duen, hurbileko merkatua eta kultura-turismoa sustatzen duen eta hiriaz gozatu nahi duten bilbotarrei kalitate oneko proposamen bat eskaintzen dien jaialdia berreskuratuko du udalak.
Jaialdiaren bost egunetan, 200 jarduera baino gehiago egingo dira, gehienak doan eta adin guztietako ikusleentzat, eta musikaren, gastronomiaren, kulturaren, herri-kirolen eta zinemaren alderdirik adierazgarrienak erakutsiko dituzte, 300 artista baino gehiagorekin eta estreinaldi zein berritasun batzuekin. Gure milaka urteko hizkuntzak, euskarak, ere bere protagonismoa izango du, kartel handien erakusketa iraunkor batekin, Esposizio honek bisitariei ohiko esaldiak eta oinarrizko galderak irakatsiko dizkie.
Bilbao Basque FESTen betiko sei gai nagusiei eutsiko zaie: Gourmet, Kultura, Musika, Market, Zinema eta Sport, hiribilduan jarduera ekonomikoa sortzeko jaialdi gisa egonkortu dutelako. Urtero bezala, jatetxeek, tabernek, goxo-dendek eta saltoki espezializatuek jaialdian parte hartuko dute. Aurtengo edizioan, ostalaritzako eta merkataritzako 284 establezimendu bilduko dira.
Jaialdiak 150 pertsona enplegatzen ditu jarduerak ekoizteko eta gauzatzeko. Era berean, Bilboko Udalak 20.000 informazio-liburuxka banatuko ditu jarduerei, ordutegiei eta herritarrentzako informazio erabilgarriari buruzko xehetasunekin.
MUSIKA “BASQUE” ZIGILUAREKIN ETA HOTELETAN
Musika hasiera-hasieratik izan da Bilbao Basque FEST jaialdiaren elementu garrantzitsuenetako bat. Inaugurazio-ekitaldia berriz ere egingo da Azkuna Zentroan apirilaren 13an, arratsaldez, Arabako Aitzina Folk jaialdiari egindako gonbidapenarekin, Basabi taldearen ordezkaritzarekin. 2013. urtetik Gasteizen antolatzen den ekimen solidario horrek zeregin bikoitza du: musika, dantza eta tailerren bitartez folkaren garrantzia nabarmentzea eta ataxia telangiectasia gaixotasun arraroa ikertzeko borroka babestea.
Jaialdiaren hurrengo hiru egunetan beste hiru euskal ekitaldi aurkeztuko dira Azkuna Zentroan: Flamenco on fire (Iruña), Atlantikaldia (Errenteria) eta Bilbao Blues Festival, zeina uztailean lehenengo aldiz egingo den Bilboko Areatzan.
Bestalde, Bilbao Basque FEST jaialdiaren musika-programazioa hiribilduko SEI HOTELETARA eta OSTALARITZAKO BOST LOKALETARA zabalduko da, “Hotel Basque Music” eta “Taberna Live Music” zikloekin. Silken Indautxu, Carlton, Barceló-Nervión, Gran Bilbao, Vincci Consulado eta Catalonia hotelek eta ostalaritzako Azkena Bilbao, Shake, Nave 9, Crazy Horse eta Badulake lokalek askotariko musika-hautaketak eskainiko dituzte ZUZENEAN, eta, horrela, giro bikainaz beteko dituzte gauero-gauero Bilbao basque FESTen espazio horiek.
Era berean, Kafe Antzokian ere “Bilbao basque FEST Rock City” ospatuko da gauero, euskal rock bandarik onenen eskutik.
EKOIZPEN PROPIOKO LEHENENGO OBRA ETA PERTSONAIA BERRIA
Bilbao Basque FEST jaialdi honen zortzigarren edizioan programazioaren garrantzia nabarmendu nahi da ekoizpen propioko “Euskal Sustrai Gaua” lehenengo lanarekin. Euskal ikur eta ikonoen gaineko proposamen bat da, eta jaialdiaren emanaldirik garrantzitsuenak bildu nahi dira bertan, hala nola dantza, herri-kirolak eta musika.
Ikuskizunean, 700 pertsona baino gehiago bilduko dira edizio honetako agertoki berrietako batean, Club Deportivo klubeko frontoia, eta “Txomin Txirenea” izango da bertan, Bilbao basque FESTeko pertsonaia berria.
Bilbao Basque FESTeko enbaxadorea txantxak gustuko dituen pertsonaia ahoberoa da, eta jaialdian ikusi ahal izango dugu beste edozein bisitari balitz bezala eta jarduera ugaritan parte hartzen. “Txomin Txirenea” pertsonaiarekin topatzen diren guztiek argazki bat egin ahal izango dute berarekin, eta sare sozialetara igo #BilbaoBasqueFest traolarekin.
LAU ESPAZIO BERRI
Edizioz edizio, Bilbao Basque FEST ekintza-eremua zabaltzen doa eta leku berriak gehitzen. Aurreko edizioetako betiko espazioez gain, beste lau leku berri gehituko dira.
Hori horrela, Kasilda Iturrizar parkea “Eskape Park” delakoaren agertokia izango da: adin guztietako pertsonentzako abentura. Horren bitartez, Bilboko Zabalgunearen eta bilbotar ospetsu batzuen historia emango da ezagutzera, Casilda Iturrizar andrea, Ramón Bastida edo Boni barkilleroa, esaterako.
Beste alde batetik, Etxebarria parkean “ARTZAIN TXAPELKETA BILBAO” delakoaren LEHENENGO EDIZIOA antolatuko da. 30 bat ardi, 6 artzain eta haien arraza libreko txakurrek trebetasun-probak egingo dituzte.
Erreprodukzioen Museoa “Perkuta” perkusio tailerren egoitza izango da eta Club Deportivo klubeko frontoia “Euskal Sustrai Gaua” ikuskizunarena.
ARTE ESZENIKOEN LEHENENGO FIGURAK
Bilbao Basque FEST kulturaren sinonimo da, eta Arte Eszenikoen MAX sariekin saritutako konpainien ikuskizunak izango ditu egitarauan: Deabru Beltzak, kaleko ikuskizunik onena, eta Demode Quartet, musika-ikuskizunik onena.
Deabru Beltzak taldea Bilbora etorri da Les Tambours de Feu lanarekin. Kaleko ikuskizun horretan akelarreko deabrua eta perkusionisten lagun-taldea apirilaren 14an osteguna, Plaza Barritik ibiliko dira danborren, piroteknia-suaren eta efektu berezien doinuarekin.
Demode Quartet taldeak a capella kantua eta umorea uztartuko ditu, euskaraz zein gaztelaniaz, apirilaren 15ean, ostirala.
EUSKAL UMOREA BILBOROCKEN
Bilborock umorezko hiru euskal ikuskizunen agertoki izango da. Ostegunean, apirilak 14, “Vaya pack de vascos” estreinatuko da Nerea Garmendia eta Victor Amilibiarekin. Bertan, ia guztiok noizbait bizi izan ditugun askotariko istorio deserosoak kontatuko dizkigute.
Bigarren lana, “De Bilbao ¡¡ahivalahostia!!”, apirilaren 15ekoa, ostirala, Bilboko pertsonaien, ohituren, abestien eta tradizioen inguruan egingo dugun bidaia bat da. Amaitzeko, larunbatean, apirilak 16, garun paralisia duen Telmo Iruretak benetako bizipenak kontatuko ditu monologo ironiko batean: “Toquecito minus“.
Dena den, Bilborock ez da umorea bermatuta izango dugun espazio bakarra. Hiribilduko kaleak “Bilboko anfitrioiekin” bisitatzea historia ikasteko modurik dibertigarriena izango da, bai eta Itsasadarra Mirentxu eta Begotxurekin zeharkatzea ere, iragana eta oraina gogoan izateko eta hiriaren etorkizuna ikusteko, “Bilbao paranormal” izeneko ikuskizun umoretsuarekin.
GASTRONOMIA TXOKO GOURMET-EN
Aurten ere, Areatzako Txoko Gourmet izango da euskal gastronomiaren erdigunea Bilbao Basque FESTen. Bisitatzen dutenek euskal eskualde ugaritako kilometro zeroko produktuak dastatu eta eskuratu ahal izango dituzte, besteak beste, hauetakoak: Aiaraldea, Iparralde, Arabako Errioxa, Durangaldea, Enkarterri, Gorbeialdea, Urdaibai, Uribe Jataondo, Urola Kosta, Goierri eta Tolosaldea.
Espazio honetan, halaber, sukaldaritzako mini-tailerrez eta kalitate bikaineko produktuen dastatze arinez gozatu ahal izango dute, besteak beste, Idiazabal gazta, Iparraldeko garagardoa, Durangaldeko sagardoa, Tolosaldeko txokolatea, Uribeko eta Urdaibaiko txakolina eta Enkarterriko ore amazko ogia.
BETIKO KLASIKOAK ETA EZINBESTEKOAK ITZULI DIRA: HERRI-KIROLAK, ZINEMA, ERROMERIAK…
Bilbao Basque FEST jaialdiaren egitaratuan ezin ditugu ikusleek gehien txalotzen dituzten jarduerak ahaztu. Herri-kirolak dira horiek, eta, aurten, Areatzako kioskoaren alboan, berriz ere ikusiko ditugu kirolarien trebeziak ingudeak, fardelak eta harriak jasotzen, txingak eramaten, trontzekin, aizkorarekin, sokatiran eta abar. Beste urte batez, ikusleek beren gaitasunak probatu ahal izango dituzte euskal herri-kirolen modalitate horietan egunero-egunero begirale eskarmentudunekin antolatuko diren tailerretan.
Aurtengo edizioan, berritasun gisa, trontza mistoko Bizkaiko txapelketa ofiziala jokatuko da larunbat arratsaldean, apirilak 16. Egun horretan bertan, goizez, proba original bat jokatuko da: lehenengo Cross Training – Herri Kirolak entrenamendu ofiziala. Talde mistoen arteko txapelketa izango da, eta Cross Training eta euskal herri-kirolen askotariko probak egin beharko dituzte erlojuaren kontra.
Martzanako kaian berriz ere bilduko da jendea DJ’s Afrika Bibang, Mimoloco eta Lorea Argarate artisten erritmora hiru orduko saioetan. 19:00etatik 22:00etara.
Eta Azkuna Zentroan eta Zabalguneko eraikinean haurrek malabarismo eta akrobazien tailerra, magia-ikuskizunak eta kontzertu didaktikoak izango dituzte.
Zabalgune Eraikinean “Minimalarte” ekimen artistiko berria antolatuko da apirilaren 14an, osteguna. Txani Rodríguezen olerki-emanaldi bat izango da, Euskadiko 2021. urteko Literatura Saria, Dana musika kubatarraz eta pianoaz lagunduta.
Zazpigarren euskal arteak ere bere lekua izango du Bilbao Basque FEST jaialdian, “Zinema” sekzioarekin. Arratsalderako Icíar Bollaín zuzendariaren Maixabel filma proiektatuko da BBK Salan. Bestalde, saio bakoitza hasi baino lehen Zinebi, Zinegoak eta Fant zinema jaialdi bilbotarren film labur irabazle bat egongo da ikusgai.
Bilbao Basque FEST jaia hiriko txoko guzti-guztietara iritsiko da kalejira eta erromeriei esker. Guggenheimeko zabaldegian, Arriaga Antzokiko atarian eta Ledesma, Villarias, Garcia Rivero Maisuaren kalea edo Poza kaleetan dardara nabarituko da otxote, txistulari, gaitero eta erraldoi eta buruhandiekin kalejiretan. Euskal dantza tradizionalak, aurten ere, Plaza Barrian ikusi ahal izango ditugu Bizkaiko Dantzarien Biltzarreko taldeen eskutik: Ortzadar Fanfarria, Salbatzaile dantza taldea eta Gaztedi dantzari taldea.
Igandean, apirilak 17, herri-erromeria antolatuko da Artxandan, dantza eta sagardo-dastatzeekin. Horrela, amaiera emango zaio Bilbao Basque FEST jaialdiaren zortzigarren edizioari.
Bilboko Aste Santuaz gozatzeko informazio guztia eta egitarau osoa eskuragarri dago hemen: www.bilbao.eus/basquefest.