Martxoak 16
-
Aste Santuan kultura-jardueren eskaintza zabal bat egongo da Bilbon, besteak beste, dantza, monologoak, kaleko antzerkia edo erromeriak. Bilbao basque FEST apirilaren 5etik 9ra ospatuko da
-
Kukai Dantza konpainiaren “Gelajauziak (fragments)” ikuskizun zirraragarria edo Lekittoko Deabruak taldearen “Akelarre” ikuskizuna izango dira Gasaren plazan; “Humor & Basque” zikloko monologoak Bilborocken; Trapu Zaharra konpainiaren “Turisteando” kale-antzerki barregarria Erripa kaian, edo Bilboko anfitrioien ibilbide antzeztuak Alde Zaharretik eta Mirentxu eta Begotxurenak itsasadarretik. Horiexek izango dira bederatzigarren edizio honetako unerik magikoenetako batzuk.
-
Gainera, euskal kulturako jaialdiak 200 jarduera baino gehiago eskainiko ditu, doakoak eta publiko guztientzat, hiriko 30 bat espaziotan banatuta. Jarduerek, besteak beste, gastronomiarekin, herri kirolekin, musikarekin edo zinemarekin zerikusia izango dute. Bilbao Basque FEST jaialdiaren bidez, hiria jarduera ekonomikorako eta bisitariak erakartzeko gune finkatu da, Bilbo dinamizatzeko eta Aste Santuan bertako merkataritza eta ostalaritza indartzeko.
Apirilaren 5etik 9ra, Bilbao basque FEST jaialdiaren bederatzigarren edizioa antolatuko da hiribilduan. Aurten ere, KULTURA izango da elementu garrantzitsuenetako bat Aste Santuan milaka turista erakarri eta bilbotarrei hiriaz gozatzeko aukera ematen dien jaialdi arrakastatsu honetan.
Gasaren plaza eta Bizikidetasun plaza izango dira dantzak Bilbao basque FEST jaialdiaren ibilbideari ekiteko aukeratu dituen agertokiak. Hori horrela, ostegunean, apirilak 6, Kukai Dantza taldearen Gelajauziak (fragments) ikuskizun zirraragarria eskainiko da 20:30ean. Ikuskizunean eszena garaikideko bi artista handi bilduko dira: Jon Maya eta Cesc Gelabert. Bi dantzariek dantza klasikoaren kontzeptuak berrikusi dituzte gaur egungo ikuskizun bat sortzeko, Néstor Barrenetxearen eszenografiarekin, zeinak bi MAX sari jaso zituen, besteak beste.
Agertoki berean baina egun bat beranduago, ostiralean, apirilak 7, Lekittoko Deabruak taldeak ikusleak hipnotizatuko ditu Akelarre ikuskizunaren mugimendu erritmikoekin. Bertan, belagileek, sorginek eta Akerbeltz pertsonaiak arbasoen zeremonia hori ospatuko dute musika, sua eta piroteknia uztartuko dituen koreografia batekin.
Beste alde batetik, Isozaki Dorreek inguratzen duten Bizikidetasun plaza agertoki bikaina izango da Kresala Dantza Taldearen body-art eta dantza ikuskizunaz gozatzeko apirilaren 7an, ostirala, 19:30ean. Talentua eta energia uztartuko dira Aztarnak izenburua duen lanean, eta dantza eta pintura nahastuko dituen aparteko erakustaldia izango da.
Beste estilo batekin, Sekai konpainiak Breaking Beethoven lana aurkeztuko du agertoki berean, larunbatean, apirilak 8, 19:30ean. Lan horretan, ospe handiko musikari alemaniarraren konposizioak, break dance estiloa eta dantza garaikidea batuko dira ikuskizun bakarrean, eta ez du inor epel utziko.
ERRITMOA ETA JAI-GIROA ERROMERIETAN
Bilbao Basque Fest jaialdiaz dantzatzen gozatu nahi duten pertsonek, hain zuzen ere, egunero egin ahal izango dute Gasaren plazan 19:00etan, erromerietan. Hasiberriak eta eskarmentudun dantzariak bilduko dira bertan euskal dantzak ikasteko asmoz. Ortzadar, Lorratz eta Gaztedi Dantzari Taldea arduratuko dira betiko musika jotzeaz, ikusleak dantzan jartzeko asmoz.
Urtero bezala, tontor ospetsuenetako batera iritsiko da jaialdia: Artxanda Bilbao basque FEST jaialdiaren azken egunean, igandea, apirilak 9, milaka pertsona bilduko dira 12:00etan Inguma Dantza Taldearekin. Taldeak gure betiko dantzen pausoak erakutsiko dizkie bertaratzen diren guztiei, sagardoa eskuan dutela, euskal folklorearen atalik garrantzitsuenetako batez gozatu dezaten.
BARREZ LEHERTZEKO EUSKAL UMOREA BILBOROCKEN ETA ERRIPA KAIAN
“Euskal zigilua” duten barrez lehertzeko antzerkiak Bilborock jaialdiko arratsaldeak eta Erripa kaia bizituko ditu. Hala, “Humor and Basque” Bilborockera itzuliko da ostegunean, apirilaren 6an, 20:00etan, “Kiero ser vasco, palabra de catalán” lanarekin, Raül Supervia komikoarena. Katalunian jaio arren, komikoak euskaldun izateko baldintza guztiak betetzen ditu.
Ostiralean, apirilaren 7an, Kolektibo Monstrenkoren txanda helduko da, eta “Espejismo” taularatuko du. Antzezlanak zuzeneko musika testu “epiko” eta poetikoekin konbinatuko du, umorea galdu gabe.
Azkenik, larunbatean, apirilaren 8an, María Urzelai, Getari Etxegarai eta Leire Orbe aktoreek ikus-entzuleen barre-algarak piztuko dituzte, “Los cuatro elementos” interpretazioarekin, Ibon Belandia musikariarekin batera. Lekua bete arte egongo dira eserlekuak.
Umore-eskaintzak ere bere lekua izango du Erripa kaian ostegunean, apirilaren 6an, 18:00etan, Trapu Zaharra konpainiaren “Turisteando” kale-antzerki barregarriarekin. Roulotte batetik abiatuko den tramak etxekoandre bat du protagonista. Etxekoandreak itsas bidaia birtual bat irabazten du, eta horri esker irudimena hegan egiten uzten ahal du eta fantasia oso ezohikoak bete.
BILBAO BASQUE FEST JAIALDIAREN KLASIKOAK
Bilboko anfitrioiak Alde Zaharretik ibiliko dira eta Mirentxu eta Begotxu, berriz, itsasadarretik. Bilbao basque FEST jaialdiaren protagonista handiak izango dira.
Bilboko anfitrioiak klasikoek hiribilduaren historiaren berri emango digute modu berezi, atsegin eta dibertigarri batean San Antongo elizan hasiko diren ibilbide antzeztuetan, ostegunean, ostiralean eta larunbatean, apirilak 6, 7 eta 8, 12:00etatik aurrera. Alde Zaharreko kale nagusietatik eta Areatzatik ibiliko dira, eta istorio zirraragarriak eta gutxi ezagutzen diren berezitasunak kontatuko dizkigute.
Bestalde, Mirentxu eta Begotxurekin ere beste ibilbide oso berezi bat egin ahal izango dute Bilboats itsasontzian Bilboko itsasadarretik. Bikote komikoak Frantziako Tourraren etapa guzti-guztiak hiribilduan egitea defendatuko du; izan ere, Tourraren hasierako etapa Bilbon izango da aurten. Lagun dibertigarriek ondo pentsatu dute dena: maskota, instalazioak eta inaugurazio-zeremonia, bai eta hiribilduaren ezaugarri arkitektonikoetan eta tradiziorik bilbotarrenetan oinarritutako txapelketako etapa berriak ere. Hori guztia Frantziako Tourra Bilboko Tour bihurtu dadin lortzeko.
Ibilaldi antzeztuak ostegun, ostiral eta larunbatean —apirilak 6, 7 eta 8— egin ahal izango dira 11:30ean, 12:30ean, 13:30ean, 16:30ean, 17:30ean eta 18:30ean. Txartelak (3 euro) Bilboatsen Pio Baroja plazako bulegoan eta webgune honetan daude eskuragarri: www.bilboats.com.
BILBAO BASQUE FEST ZIFRETAN
Bilbao Basque FEST euskal kulturako jaialdia, apirilaren 5etik 9era bueltan izango dugu, Bilboko Udalak antolatutako 200 jarduera baino gehiagorekin. Jaialdiak sei gai (Gourmet, Kultura, Musika, Market, Zinema eta Sport) izango ditu hiriko 30 bat espaziotan zehar.
Bilbao Basque FEST jaialdia Euskal nortasun kutsua duen kultura eta aisialdi proposamena da eta hiria jarduera ekonomikorako eta bisitariak erakartzeko gune gisa finkatzea lortu du, Bilbo dinamizatzeko eta Aste Santuan bertako merkataritza eta ostalaritza indartzeko.
360 jatetxe, taberna, merkataritza, denda espezializatu… parte hartuko dute 230 artista baino gehiago barne hartzen dituen eta 150 pertsonari baino gehiagori lana emango dien edizio honetan, jaialdia ekoizteko eta gauzatzeko..
Jendeak honako jarduera hauetaz gozatzeko aukera izango du, besteak beste: musika, dantza eta antzerkiko 69 ikuskizun, euskal kiroleko 25 jarduera eta zero kilometroko produktuen 900 dastatze espres eta 400 tailer gastronomiko txiki baino gehiago.
Gainera, Bilboko Udalak euskarazko, gaztelaniazko, ingelesezko eta frantsesezko 15.000 informazio liburuxka banatuko ditu, jarduerei eta ordutegiei buruzko xehetasun guztiekin eta herritarrentzako informazio erabilgarriarekin.
Hemen duzu Aste Santuan Bilbon Bilbao basque FEST jaialdiaz gozatzeko behar duzun informazio guztia eta programa osoa: basquefest.bilbao.eus.
SARE SOZIALAK:
- Bilbao Udala: YOUTUBE | FACEBOOK | TWITTER | INSTAGRAM
- Bilbao Turismo: YOUTUBE | FACEBOOK | TWITTER | INSTAGRAM
#BilbaoBasqueFEST