Bilbao BBK LIVE jaialdiaren XVII. edizioko datu nagusiak

Uztailak 13

  • BBK Bilbao Live Jaialdiak amaiera eman dio aurtengo edizioari , zeina XVII.a izan baita, eta zeinean 120.000 pertsona bildu baitira, eta 26,6 milioi euro baino gehiagoko inpaktu ekonomikoa izan baitu Urian.

Bilbao BBK Live Jaialdiak ––aurten ospatu du XVII. aldia––, hiru eguneko musika-hitzorduaren ostean ––hain zuzen, uztailaren 6tik 8ra––, inoiz bildu duen jende kopururik handiena bildu du, 120.000 lagun baino gehiago, 75 herrialde baino gehiagotatik etorriak, eta, bestalde, 26,6 milioi euro baino gehiagoko eragin ekonomikoa izan du Urian.

Last Tour enpresa sustatzaileak eta Bilboko Udalak datu erregistratuak analizatu dituzte, nazioarteko irismena duen ekitaldia amaitu eta gero, zeinaren bereizgarria baita Kobetamendin ospatzea, natura ingurunean kontzertu ospetsuak eskainiz, mendian bertan, baina Uritik oso gertu. Aldi berean, azken edizioetan, urian bertan ere hainbat kontzertu gauzatzen dira, han eta hemen, Bilbao BBK Live BEREZIAK izenarekin.

Eragin ekonomikoari dagokionez, ostalaritzari, merkataritzari eta ostatalekuei eragin die, batez ere.  Ostatalekuei dagokienez, % 95eko okupazioa gainditu da hoteletan, Jaialdiak iraun duen artean. Horrez gain, aipatzekoa da munduan lehen mailakotzat jotzen diren taldeen erakarmena, hala nola Artic Monkeys, Florence + The Machine, The Chemical Brothers, Phoenix eta Pavement…Guztira, ehun artista baino gehiago, zuzeneko musikako hiru egun bete-bete hauetan.

Beste datu batzuen artean, nabarmentzekoa da, gainera, antolakuntzan 3.000 profesional baino gehiago enplegatu direla, tokiko enpresa batzuetakoak eta besteetakoak, direla logistikaren arlokoak, horniduretakoak, zerbitzuetakoak, argiztapenekoak, soinukoak, ikus-entzunezkoen arlokoak, segurtasunekoak edo cateringekoak, eta, hala, 0 kilometroko kontratazio-politika bat baliatu da, Bilboko eta Bizkaiko hornitzaileak lehenetsiz.

PUBLIKOAREN JATORRIAK

Jaialdian bildu den publikoaz den bezainbatean, aurten, KOBETAMENDIN, guztira 116.000 pertsona bildu dira, 75 herrialdetatik baino gehiagotatik etorriak, eta gainditu egin da azken edizioko errekorra. Zehazki, eguenean, lehen egunean, 37.800 pertsona bildu ziren; barikuan, 38.200; zapatuan, azken egunean, 40.000 pertsona. Zifra horiei, Bilbao BBK Live BEREZIAK izeneko ziklo paraleloaren barruan hirian bertan izan diren kontzertuetako publikoa gehitu behar zaie, 4.000 pertsona inguru.  Guztira, 120.000 pertsona baino gehiago.

Jatorrien arabera, % 35 beste herrialde batzuetatik dator, eta datu horrek finkatu egiten du Jaialdi honen nazioarteko izaera. Atzerritik etorritako publikoaren barruan, Erresuma Batua (% 34), Frantzia (% 26), Italia (% 14), Alemania (% 7), Estatu Batuak (% 6) eta Herbehereak (% 5) aipatu behar dira, publikorik gehien herrialde horietatik etorri baita. Beste % 24 etxeko publikoa izan da, bilbotarrak, eta Euskadiko beste eskualde batzuetatik etorriak. Estatutik, guztira % 41. Eta autonomia-erkidegoen artean, jaialdi honen zaleturik gehien dutenak Madril, Catalunya, Valentziako Erkidegoa, Kantabria eta Andaluzia dira.

Adin tartea ere zabalagoa izan da, eta horrek berretsi du Jaialdia adin guztietako publikoarentzat dela: % 12, 18 eta 24 urte bitartekoak; % 46, 25 eta 34 urte bitartekoak; % 24, 34 eta 44 urte bitartekoak; % 10, 45 eta 54 urte bitartekoak; eta % 7, 55 eta 64 urte bitartekoak.

EKITALDIAK URIAN

Bilbao BBK Live da ekitaldirik garrantzitsuenetako bat Urian udako sasoian gauzatzen direnen artean, eta heldu den edizioa datorren urtean izango du, uztailaren 11n, 12an eta 13an.

Udako musika-jarduera osatzeko uztail hondar honetan, uztailaren 28an, 29an eta 30ean, guztiz doan, Areatzan, BILBAO BLUES FESTIVAL ospatuko da, Udalak berak sustatzen duen ziklo bat, ASTE NAGUSIAREN atariko moduan.

Aldez aurretik, baina, eta bestelako formatu batekin, ekainaren 23an eta 24an, Bilboko Areatzako instalazioetan, BBK BILBAO MUSIC LEGENDS FEST egin zen. Ekitaldi horien xedea da urira kalitateko kultur programazio bat ekartzea, tokiko publikoa nahiz atzerrikoa eta turismo jasangarri bat ere ekarriko dituena.