Bilbao BBK Live jaialdiari esker musika izango da nagusi hirian, Errekaldeko kaleetan, ekainaren 1ean

Maiatzak 7

  • Carlangas y Los Cubatas, Dillom, Alice Wonder, Putilatex, Doctor Explosión eta beste hainbatekin batera 18 artista arituko dira, guztira, jai-giroan eta doan.

Hirian ekimenaren seigarren edizioa Bilbora dator berriro, eta oraingoan hiriko auzo berezienetako baten txanda izango da, Errekaldeko kaleetan barrena izango baitugu zuzeneko musika ekainaren 1ean, larunbatean. Bilbao BBK Live jaialdian ohiko bihurtu den aperitif urbanoak kultura eta aniztasuna eramaten ditu urtero Bilboko auzo batera; Bilbo Zaharra, Deustu, Santutxu eta Basurturen ostean, oraingo honetan Errekalderen txanda izango da. Hirian ekimenari esker, auzoko kale eta plazak jai-giroan murgilduko dira egun batez, abangoardiako musika-programazio eklektikoa eskainita, gustu guztietarako modukoa eta doan.

Musikari garaikideak ikusi ahal izango ditugu agertoki gainean. Novedades Carminha taldeko lider izan zena proiektu berriarekin dator, Carlangas y Los Cubatas, disco eta rock estiloak hirurogeiko hamarkadako ukituekin nahastuta; ziur oraingoan ere aho bete hortz utziko gaituela. Dillom rapero argentinarrak disko kontzeptual bat kaleratu berri du eta, infernura jaisten dela dirudien arren, laudorio-hitzak baino ez ditu jaso lanagatik. Alice Wonder abeslari eta konpositore madrildarra musikan gertatu den belaunaldi-aldaketaren adierazgarri bikaina da, eta heldutasun-maila nabarmena sumatzen zaio abesti bakoitzean. Putilatex taldeak “Albaceteko elektro-punk taldetzat” definitzen du bere burua; agertoki gainean bi hamarkadako ibilbidea egin ostean, zalantzarik gabe, show ikusgarria eta sekulako festa eskainiko dizkigute. Garage-rock psikodelikoa egiten duen Doctor Explosión taldea beti izan da deigarria eta, are gehiago, Julio Iglesiasen  Soy un truhán, soy un señor abestiaren bertsioarekin mundu guztia limurtu zutenetik.

Hiru DJ biltzen ditun Coolnenas proiektua dantza-pista guztiak hankaz gora jartzen ari da bere saio dibertigarriekin. Energiaz, askatasunez eta sedukzioz betetako abestien eta ikuskizunen bitartez, Euskoprincessek bere star system propioa sortu du. Rock euskaldun sendo eta berriena ekarriko du Ezpalak taldeak.

Germán y La Alegría del Barrio proiektuan Germán Carrascosa musikari nafarra ikusiko dugu, rock klasikoko bere taldearekin batera. Frantziako hip-hop eta rap giroak izanik inspirazio-iturri, diziplina bakoitzeko elementuak hartu eta errimaz errima tartekatzen ditu HUDAk, arrastoa uzten duen estilo pertsonala sortuta. Madrildar gauetan erreferente bihurtu den Juguete DJ ere arituko da Hirian.

Las Odio taldeko riot grrrlek ez dute ezer gordetzen isilpean, eta zuzeneko emanaldiak zintzotasunez eta gordintasunez eskaintzen dituzte.

Maren artista bilbotar euskaldun gaztea da, baina ziur profeta izango dela bere herrian Hirian egingo duen emanaldiarekin. Mirua gipuzkoar taldeko kideen interes artistikoa musika-estilo desberdinekin esperimentatzea da, betiere ikuspegi garaikide batetik.

Pablo Und Destruktion Asturiasko musikari berezi-berezia da, jakin-nahi handiko sortzaile harrigarria, eta beti da gomendagarri haren sorkuntzak entzutea. Kanaria Uharteetako Pipiolas bikoak hainbat musika-generotara jotzen du, emari hori alderdi emozionalarekin eta alderdi espiritualarekin aberasteko. Ruptura artista murtziarrak Natalia Lacunza edo Belén Aguilerarekin egin ditu kolaborazioak, bere setetan pop edo dembow musika nahasten ditu, besteak beste. $kyhook ekoizlea “Espainiako musika urbanoko soinurik onenak sortzeko gai” dela dio VICE komunikabideak, beatez beat bere soinua finkatzea lortu ostean.

Hirian ekimeneko egitaraua Errekalde auzoko kaleetara iritsiko da aurten, ekainaren 1ean, larunbatean, aire zabaleko emanaldiak izanik, egunez eta doan, Bilbao BBK Live jaialdiaren aurrerapen gisa. Bestalde, jaialdia bera uztailaren 11n, 12an eta 13an izango da Kobetamendin, eta eguneko sarrerak, bonuak eta kanpinerako txartelak salgai daude jada bilbaobbklive.com webgunean.

Informazio gehiago: bilbaobbklive.com