Martxoak 21
-
Bilbao Berraktibatzen programako 48 parte-hartzaileek martxoaren 22an eta 23an Bilbao Arenan antolatuko diren bi jardunalditan hartuko dute parte, lau multzotan banatu diren banakako eta taldeko saioak barne hartu dituzten 40 prestakuntza-ordu baino gehiagoren ostean. Hauexek izan dira multzo horiek: berrorientatzea, lan-aktibazioa, beste enplegu bat ematea eta gaitasun digitalak.
-
Biharko jardunaldian, mahai-inguruen bitartez, trantsizio hirukoitzetik sortutako gaur egungo enplegu-aukerak emango ditu ezagutzera: teknologia digitala, teknologia energetiko-klimatikoa (Green Jobs) eta teknologia soziosanitarioa (Silver Economy).
-
Ostegunean, martxoak 23, hamar enpresa bertaratuko dira parte-hartzaileei enplegu-aurreikuspenak azaltzen, bai eta langileak biltzeko zein bide erabiltzen duten ere.
Bilbao Berraktibatzen programaren xedea da enplegua bilatzea eta enplegua berriz lortzea optimizatzea, eta, horretarako, banakako arreta eta taldeko prestakuntza eman diete langabezian dauden eta lana modu aktiboan bilatzen ari diren bilbotarrei. Amaitzeko, bi enpresa-topaketa egingo dira bihar goizean, martxoaren 22a, eta ostegunean, martxoaren 23a, Bilbao Arenan biak.
Bi jardunaldiekin eskaria eta eskaintza konektatu nahi dira eta, aldi berean, parte-hartzaileei enpresa-ehunera hurbildu, oraingo eta etorkizuneko lan-aukerak lehen eskutik ikusteko aukera izan dezaten.
Lehenengo jardunaldia bihar egingo da, goizez, eta aurkezpen eta mahai-inguru batzuen bitartez , non SSI, Aclima, Gaia edo Aldalan entitateek parte hartuko baitute, Bertan, gaur egun sortzen ari diren enplegu-aukerak emango dira ezagutzera, bai eta trantsizio hirukoitzetik sortzen diren etorkizuneko aukerak ere: teknologia digitala, teknologia energetiko-klimatikoa (Green Jobs) eta teknologia soziosanitarioa (Silver Economy).
Martxoaren 23an, osteguna, hamar enpresa haien enpresetako jarduera eta eskatzen ari diren lanpostuak azalduko dizkiete Bilbao Berraktibatzen programako parte-hartzaileei, bai eta langileak erakartzeko aplikatzen duten metodologia ere. Innevento, Guedan, Alse, Grupo Eulen, Torrealday, Frutas Iru, Mapfre, Adecco, SSI eta Confianz izango dira jarduera honetan parte hartuko duten enpresak.
48 pertsonak bilduko dira Bilboko Udalak Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez antolatu eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatu dituen bi jardunaldietan, zeinak amaitutzat ematen baitituzte lau multzotan sailkatu diren aurreko saioak, bai banakakoak, bai taldekoak.
Alde batetik, berrorientazioa egin da, banaka gauzatu den multzo bakarra. Bertan, laguntza eskaini zaie parte-hartzaileei diagnostiko eta ibilbidea berriz diseinatzeko prozesuaren bitartez, eta banakako ekintza-planak prestatu dira eta curriculuma berriz idazteko aholkularitza teknikoa eskaini zaie.
Beste alde batetik, lan-aktibazioa egin da; hau da, kontratazio-moduak eta lan-erreforma, enplegu publikoa eta ekintzailetza aztertu dira, besteak beste. Gainera, beste enplegu bat ematea eta gaitasun digitalak jorratu dira, eta, hain zuzen ere, arreta berezia eman zaie multzo horiei, eta programaren ordu guztien erdia baino gehiago eskaini zaie (40 ordu) ; izan ere, lan- eta gizarte-joera berriei egokitzeko prozesuetan ezinbesteko gaitasunak direla uste da.
Era berean, taldeko prestakuntza-saio horietan talentua identifikatzeko eta soft skills edo zeharkako gaitasun direlako horiek ebaluatzeko ariketak egin dira; izan ere, gaur egun enpresek garrantzi handia ematen diete horiei (lidergoa, taldeko lana, motibazioa, negoziatzeko gaitasuna eta abar). Horrez gain, diseinu- eta berrikuntza-arloetako tresna digitalak, hodeian informazioa gordetzeko plataformak eta komunikazio- zein hautaketa-joera berriak ezagutzeko ariketak ere egin dira, baita marka pertsonala zehazten laguntzekoak ere.
SARE SOZIALAK: