Urtarrila 4
Egitasmo horren helburua da banakako laguntzaren eta taldeko formakuntzen bidez lana aurkitzeko eta merkatuan birkokatzeko prozesuak optimizatzea; honako hau da izena emateko esteka
Bilbao Berraktibatzen formakuntzak 40 orduko iraupena izango du, banakako zein taldeko saioak egongo dira eta guztira lau bloketan banatuko da: birbideratzea, lan-aktibazioa, birkokatzea eta gaitasun digitala
Azken fasean, birkokatzekoan, enpresekin networking saioak egitea da helburua, parte hartzaileek enpresa horiekin zuzenean harremanetan jartzeko aukera izan dezaten
Bilboko Udalak, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bidez eta Bizkaiko Foru Aldundiak diruz lagunduta, martxan jarri du Bilbao Berraktibatzen programaren bigarren edizioa. Programaren helburua da lana aurkitzeko prozesua optimizatzea eta banakako laguntzaren zein taldeko formakuntzen bidez Bilbon bizi diren eta aktiboki lan bila dauden langabeei birkokatzen laguntzea. Izena emateko honako formulario hau bete beharko da.
Programak 40 orduko iraupena du, eta banakako saioak zein taldeko formakuntzak izango ditu, lau bloketan banatuta: birbideratzea, banakako bloke bakarra izango dena, bertan, diagnosi bat egingo da eta ibilbidea prestatuko da, banakako ekintza-planak egingo dira eta CVa berridazteko aholku teknikoa eskainiko da; lan aktibazioa, kontratazio-formulak, lan-erreforma, enplegu publikoa eta ekintzailetza bezalako gaiak lantzeko; birkokatzea eta gaitasun digitalak. Azken bloke horri arreta berezia emango zaio, eta programaren ordu guztien erdia baino gehiago eskainiko zaio; izan ere, lan- eta gizarte-joera berriei egokitzeko prozesuetan ezinbesteko gaitasunak direla uste da.
Taldeko formakuntza-saio horietan talentua identifikatzeko eta soft skills edo zeharkako gaitasun direlako horiek ebaluatzeko ariketak egingo dira; izan ere, gaur egun enpresek garrantzi handia ematen diete horiei (lidergoa, taldeko lana, motibazioa, negoziatzeko gaitasuna eta abar). Horrez gain, diseinu- eta berrikuntza-arloetako tresna digitalak, hodeian informazioa gordetzeko plataformak eta komunikazio- zein hautaketa-joera berriak ezagutzeko ariketak ere egingo dira, baita marka pertsonala zehazten laguntzekoak ere.
HELBURU NAGUSIA: NETWORKING SAIOAK ENPRESEKIN
Bilbao Berraktibatzen programaren azken blokea birkokatzeari buruzkoa da, eta horren helburu nagusia da hemendik eta datorren martxora arte enpresekin topaketak antolatzea, parte hartzaileek enpresa horiekin zuzenean harremanetan jartzeko aukera izan dezaten, eskaintzaren eta eskariaren arteko lotura bat bilatzeko eta gaur egunerako zein etorkizunerako lan-aukerak aztertzeko. Azken fase horren lehentasuna bizitzen ari garen hiru trantsizio handiei lotutako eremuetara/sektoreetara egongo da bideratuta: teknologiko-digitala, energetiko-klimatikoa (Green Jobs) eta soziosantarioa (Silver Economy).
Bilbao Berraktibatzen programari buruzko informazio gehiago eskuratu nahi dutenek eta zalantzak argitu nahi dituztenek empleoytalento@bilbaoekintza.bilbao.eus helbide elektronikora idatzi dezakete, edo 944 205 321 telefono-zenbakira deitu.
SARE SOZIALAK:
•BILBAO UDALA: YOUTUBE | FACEBOOK | TWITTER | INSTAGRAM
•BILBAO EKINTZA: FACEBOOK | TWITTER | INSTAGRAM