Azaroak 29
-
Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako diseinuaren astearen zortzigarren edizioak 7.000 parte-hartzaile inguru eta 142 hizlari izan ditu egitarauko 63 jardueretan, bai eta 420.000 jarraitzaile sare sozialetan.
-
Erresonantzia izan da BBDW 2022ren izenburua, eta ekimenak bertako sormen-ekosistemaren entzute sakona egiten eta bertako eragileen proposamenik berritzaileenak ezagutzen lagundu du.
-
“Disoinua – Nolako soinua du diseinuak?” izeneko erakusketa asteazkena, azaroaren 30era arte egongo da ikusgai Abandoko metro-geltokian, eta abenduan zehar Sestaoko geltokian.
Bilbao Bizkaia Design Week 2022 (BBDW 2022) ekimenak zortzigarren edizioa itxi du, azaroaren 17tik 27ra 63 jarduerako programa osatu eta 7.000 pertsona inguru erakarri ondoren. Guztira, 142 hizlarik beren ezagutzak eta esperientzia partekatu dituzte Euskadiko sormenaren eta diseinuaren industrien sektoreko ekimenik garrantzitsuena den honetan, eta esparru horretako 43 eragilek ere hartu dute parte. Ekimena Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu dute industria mota horiek hiriko eta lurralde osoko garapen ekonomikorako eta nazioarteko proiekziorako faktore gisa bultzatzeko, eta oihartzun handia izan du sare sozialetan, 420.000 bat pertsonako irismena izan baitu.
Bilbao Bizkaia Design Week 2022ren izenburua Erresonantzia izan da. Termino horrek, erreberberazioaren fenomeno fisikoa adierazteaz gain, erreferentzia egiten dio soziologiaren esparruan entzute sakonaz aritzeko erabiltzen den «erresonantzia» kontzeptuari. Izenburu horrekin bat etorriz, topaketak sormen-ekosistema entzuteko eta estimulatzeko ariketa bat planteatu du, nola bibratzen duen ulertzeko eta bertako eragileak eta beren proposamenik berritzaileenak ezagutzeko.
Anitz jarduera egin dira, hala nola hamar erakusketa baino gehiago, asteazkena, azaroak 30era arte Abandoko metro-geltokian ikusgai dagoena eta abenduan Sestaoko geltokira mugituko dutena barne. “Disioinua – Nolako soinua du diseinuak?” da erakusketa horren izenburua. Bertan, Apitropik enpresak egindako ikerketa-prozesu batean diseinuari buruz jasotako ikuspegiak adierazten dira hamabi paneletan. Prozesu horretan Wallapop plataforman produktuak saltzeko iragarkietan «diseinua» hitza erabili duten zenbait pertsona elkarrizketatu dituzte, baita beren karteletan termino bera erabiltzen duten tokiko zenbait saltokitako arduradunak ere.
Bilbao Bizkaia Design Week 2022 azaroaren 17an jarri zen abian Campos Elíseos Antzokiko Kupula Aretoan. Bertan antolatu zen Belarrirekia, sormen-ekosistema entzuteko helburua azpimarratu zuen hasierako ekitaldia, zeinean bertako zenbait sormen-proiektu aurkeztu baitziren, hala nola Maraka, Mutur Beltz, Cala Creative eta Sara Lenzirenak. Baina BBDW 2022k gure inguru hurbilenaren mugetatik harago ere luzatu du begirada. Hala, Zer egin dezakegu elkarrekin? izeneko jardunaldian aukera egon zen Kortrijkeko (Belgika) erakunde publikoetatik sormenaren eta diseinuaren industriak dinamizatzeko helburuarekin bultzatutako proiektuak ezagutzeko. Esperientzia-truke hori Bilbo Unescoren hiri sortzaileen sarean egoteari esker gertatu zen.
BBDW 2022ren barruan azpimarratzekoa da publikoaren eta ekitaldien ugaritasuna eta aniztasuna. Izan ere, ondo finkatutako jaialdi handiak antolatu dira, hala nola Selected, ikus-entzunezkoen kultura protagonista duena, edota FIG Bilbao, Paper gaineko artearen eta grabatuaren nazioarteko azoka, Europa osoan erreferentea dena espezialitate horietan. Baina profesionalen topaketak ere egin dira espazio txikiagoetan, hala nola Begihandi edota Learning by tasting, baita diseinu gizatiarragoa, inklusiboagoa eta jasangarriagoa ardatz duten jarduerak ere, hala nola Urbanbat jaialdiaren proposamenak, Green Digital Conference eta GJHei buruzko erakusketa kamisetetan. Bestalde, EIDE Gazteak elkarteak antolatutako Talentu izeneko topaketaren bigarren edizioak diseinuan eta bestelako sormen-diziplinetan kualifikazio handia duten gure inguruko gazte profesionalen oinarri gero eta handiago batek ematen duen aberastasuna argitara ateratzea ahalbidetu du.
BBDW 2022ren komisarioa ColaBoraBora izan da, Bilbon egoitza duen gizarte-ekimeneko kooperatiba, eta, gainera, EIDEren aholkularitza aditua izan du, zeina Euskadiko eta Nafarroako diseinuko profesionalen elkartea baita.
Bilbao Bizkaia Design Week Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimen bat da, diseinua jarduera ekonomikoa eta enplegu kualifikatua sortzeko gaitasuna duen sektore gisa bultzatzeko helburua duena. Gaur egun (2021eko datuen arabera), sormenaren industriak 5.847 enpresa biltzen ditu Bilbon eta Bizkaian, hau da, enpresa-sare osoaren % 6,6, eta 20.054 langile ditu, hiribilduko eta lurraldeko enpleguaren % 4,4.
Informazio gehiago: www.bilbaobizkaiadesignweek.eus