Bilbao Bizkaia Design Week 2022 hastera doa, eta 50 jarduera baino gehiago daude programatuta

Azaroak 16

  • Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak diseinuaren astearen zortzigarren edizioa antolatu dute, sormenaren industriak bultzatzeko xedearekin, hiria eta lurraldea nazioartean proiektatzeko eta garapen ekonomikorako faktorea diren heinean

  • Biharko hasierako saioak, Belarrirekia izenekoak, BBDW 2022ko gaiak zehazteko balioko du. Tokiko sormen-ekosistema entzuteko ariketa bat proposatzen duen topaketa bat da, ekosistema horretako eragileen proposamenik berritzaileenak ezagutzeko helburua duena

  • Hasierako ekitaldia Campos Elíseos Antzokiko Kupula Aretoan egingo da, eta zentzumen esperientziez, gure inguruko proiektu profesionalen aurkezpenez, hitzaldiz eta parte hartzeko jarduerez osatuta egongo da

  • Bihartik azaroaren 27ra BBDW 2022n 50 jarduera baino gehiago izango dira Bilboko eta Bizkaiko anitz agertokitan.

Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak hasiera emango diote bihar (17:00etan) Bilbao Bizkaia Design Week 2022 (BBDW 2022) ekitaldiari, zeina Euskadiko sormenaren eta diseinuaren industrien sektorearen ekitaldirik garrantzitsuena baita. Topaketa bi erakundeen artean antolatu dute, eta ostegunetik azaroaren 27ra bitartean 50 jarduera baino gehiago izango dira hiribilduko zein lurraldeko anitz agertokitan.

BBDW 2022ren hasiera ofizialaren ekitaldia Campos Elíseos Antzokiko Kupula Aretoan izango da biharko arratsaldean. Zortzigarren edizio honen izenburuak, Erresonantzia, erreferentzia egiten dio erresonantziaren kontzeptuari, ez soilik erreberberazioaren fenomeno fisiko gisa, baizik eta bereziki soziologiaren alorrak bere egindako eta entzute sakon bati lotutako kontzeptu gisa. Ildo horretan BBDW 2022k tokiko sormen-ekosistema entzuteko ariketa bat proposatzen du, bertako eragileen apusturik berritzaileenak ezagutzeko helburuarekin.

Helburu horrek osatzen du jarduera-programa osoaren zein Belarrirekiaren ardatza. Horixe da ColaBoraBora gizarte-ekimeneko kooperatibaren esku dagoen diseinuaren asteko komisariotzak biharko hasierako saiorako aukeratu duen izenburua. Sarrera gisa, Rubén Rámilak proposaturiko zentzumen-esperientziek zentzumenak zabaltzera gonbidatuko gaituzte. Rámila antropologoa, gizarte-hezitzailea eta zentzumen-zientzietan aditua da. Bere lana diseinuaren eta irisgarritasunaren ingurukoa da, ikusmen-desgaitasuna duten pertsonei bideratuta, batez ere museoetan eta erakusketetan. Zentzumen-esperientzia horietan ikusleen konplizitatea bilatuko du, besteak beste, unibertsoari soinua emateko eta entzundakoari kolore bat jartzeko.

Belarrirekiaren hitzaldi nagusia Amalio Reyren esku geratuko da. Diseinua eta sormena taldeko adimenaren jarduera gisa aurkeztuko dizkigu, testuinguruaren eta ekosistemaren entzute sakona, indibiduala beharrean, kolektiboa eta polifonikoa delako ideiatik abiatuz. Izan ere, Kubako ikerlari horrek “El libro de la Inteligencia colectiva” argitaratu berri du. Bertan komunitateak azkarragoak izateko portaera-ereduak eta antolatzeko moduak proposatzen dizkigu, erronka konplexuen aurrean elkarrekin konponbide hobeak topatzeko gai izan daitezen.

BBDWren edizio honek markatu duen tokiko sormen-ekosistema entzuteko helburuaren ildo beretik, hasierako saioan gure inguruan kokatutako lau proiekturen kasuak aurkeztuko dira, sektorean elkarrekin bizi diren praktika anitzen lagin izango direnak. Hona hemen: Maraka, Mutur Beltz, Cala Creative Studio eta Sara Lenzi.

Biharko saioan aukera izango dugu ere Disoinua aurkezteko. Egun hauetan Abandoko metro-geltokian zenbait elkarrizketaturen diseinuaren inguruko ikuspegiak erakusten dituzten dozena bat panel biltzen dituen erakusketa da Disoinua. Alex Filiatreau, Apitropikeko arduraduna, izango da erakusketa hori egiteko bide eman duen ikerketaren xehetasunak aurkeztuko dizkiguna.

Horrez gain, EHUn Arte Ederretan doktorea eta Artea eta Teknologia Sailean irakaslea den Mikel Arceren agerraldia izango dugu Belarrirekian. Soinu-artean aditua da, eta EHUko Arte Ederren Fakultateko «Instalazioak eta Soinu Espazioa» ikasgaiko ikasleek BBDWrako beren-beregi egindako lana aurkeztuko digu.

ZER EGIN DEZAKEGU ELKARREKIN?

Biharko hasierako banderakada ofizialaren ostean, BBDWk 50 jarduera eta proposamen baino gehiago eramango ditu Bilboko eta Bizkaiko anitz agertokitara, besteak beste, diseinua jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzeko gaitasuna duen sektore gisa bultzatzeko eta sormenaren alorreko industriek sektore estrategiko gisa duten zereginaren garrantzia azpimarratzeko. Tokiko ekosistemaren gaineko arreta kendu gabe, BBDW 2022k kanpora begiratuko du, gure inguruko enpresa eta entitateetarako inspiraziokoak izan daitezkeen beste esperientzia batzuen bila. Horixe lortu nahi da “Zer egin dezakegu elkarrekin?” proiektuarekin. Topaketa hilaren 24an antolatuko da Zabalgune eraikinean, eta garrantzi berezia eskainiko dio Kortrijk hiriari. Belgikako hiri hori gonbidatu gisa dator zortzigarren edizio honetara, eta bertako teknikariek sormen-ekosistemaren garapenerako eta dinamizaziorako agentzia publikoa den Designregio Kortrijkek martxan jarritako proiektuen berri emango digute.

Kortrijken esperientzia ezagutzeaz gain, Zer egin dezakegu elkarrekin? delakoan Diseinuaren aldeko Itunaren berri emango da. Heziketari lotutako entitateek, sektoreko enpresek eta partikularrek osatutako plataforma da, sormenaren sektorea estatuan berrikuntzako eta eraldaketa ekonomikoko, sozialeko eta ingurumenaren eraldaketako eragile gisa kokatzeko helburua duena. Ekimen horren koordinatzailea eta ekonomia zirkularreko diseinatzaile aditua den Teresa Jular arduratuko da aurkezpenaz, eta, gainera, Bilboko eta Bizkaiko diseinuaren eta sormenaren ekosistemako eragileen elkarren arteko jarduketa koordinatura bideratutako entzuteko eta proposamen bidez hausnartzeko tailer bat zuzenduko du.

ERAKUSKETAK

50 jarduera baino gehiago daude programatuta, eta, horien artean, BBDW 2022k dozena bat erakusketa aurkeztuko ditu. Abandoko metro-geltokian azaroaren 30era arte egongo den Disoinuaz gain, “Ezinezko Etorkizun baten Hiri Berrikuntzen Inbentarioa” delakoa egongo da ikusgai, besteak beste. Urbanbatek La Terminalen (Zorrotzaurre) antolatutako erakusketa da hori, estatuko zenbait tokitako eta munduko herrialde batzuetako (Ukraina, Txina eta Argentina, adibidez) gazteek sustatutako hamalau proiektu biltzen dituena. Proiektuok erantzunak proposatzen dituzte hirietan bizitzearen egungo erronken aurrean, dela hirigintzaren alorrean, dela arkitekturan, diseinuan, artean edota kulturan. Bestalde, egun hauetan zehar Bideotikanek arte digitala kalera aterako du, eta Develop elkartearen eskutik Bilbo galeria birtual bihurtuko du hiriko pantailetan proiektatuko dituen multimedia-clipekin.

BBDW 2022 Gueñesen izango da ere, De lo Vivo erakusketa dela eta. Udalerriko Basque BioDesign Centerean, gaur hasi eta 27ra arte, ibilbide bat egingo da biodiseinuan zehar, ikuspegiegia mizelioak, algak eta bakteriak bezalako organismo bizidunetatik eratorritako material berrietan jarriz. Iraultza horrek oso diziplina desberdinei eragiten die: gastronomiari, arteari, zientziari eta eraikuntzari, adibidez.

JAIALDIAK

Euskalduna Jauregia BBDW 2022ren beste leku garrantzitsu bat izango da, bi jaialdi interesgarri antolatuko baitira bertan. Selected kultura bisualaren adierazpen anitzak protagonista gisa dituen jaialdia da, eta aurten 10. urteurrena ospatuko du. Edizio honetan hamabost hizlari entzutetsuren hitzaldiak izango ditu hilaren 24an eta 25ean. Arreta berezia eskainiko zaio Habitat Diseinuari, ingurumen-arazoei eta gizarte- eta lurralde-inguruneari konponbideak proposatzen dizkienari. Eta azaroaren 24tik 27ra bitartean FIG Bilbao antolatuko da, Paper Arte eta Grabatuaren Nazioarteko Jaialdia. Topaketa erreferentzia handia da Europan espezialitate horiei dagokienez, eta programan hitzaldiak, eztabaidak, bisita gidatuak, aurkezpenak, eskola magistralak eta zuzeneko erakustaldiak daude.

Beste alde batetik, Azkuna Zentroan This is Basque Design Merkatua antolatuko da azaroaren 25etik 27ra, tokiko diseinu- eta sormen-ekosistema erakusten duen merkatua. Bertan, publikoak diseinuaren alorreko tokiko hogei bat profesionalek egindako produktuak erosi ahal izango ditu, bai eta haien ekoizpen-prozesuak eta -teknikak ezagutu ere, hitzaldi, erakustaldi eta tailerren bidez.

Hiribilduko eta lurraldeko diseinu-estudioetara bisitak, metabertsoa bezalako kontzeptu zabalei buruzko hitzaldiak eta kultura-ekintzailetzaren bootcamp bat dira programa honetako jarduera ugarien beste adibide batzuk. Programa hori Bilbao Bizkaian diseinuaren eta sormenaren ekosistema osatzen duten hainbat eragileren laguntzarekin egin da: unibertsitateak eta goi-mailako eskolak; elkarte eta elkargo profesionalak; diseinua sustatzen duten erakundeak, eta sektore horietako estudioak eta profesionalak.

UNESCO-REN HIRI SORTZAILEEN SAREA

2014tik Bilbo Unescoren Hiri Sortzaileen Sarearen kide da Diseinuaren Hiri gisa, eta horrek ziurtatzen du hiribilduak eta lurraldeak elkarrekin lan egiteko apustua egin dutela diseinua eta sormena hiri-eraldaketaren oinarrizko ardatz izan daitezen. Foro horretan sartu zenetik, Bilbo munduko hirien aparteko talde horretako kidea da; bertan, besteak beste, hauexek daude: Berlin (Alemania); Buenos Aires (Argentina); Pekin, Shanghai eta Shenzhen (Txina); Montreal (Kanada); Seul (Hego Korea); Nagoya eta Kobe (Japonia); Saint Étienne (Frantzia), eta Graz (Austria). Bilborekin batera, 2014. urtean, Helsinki (Finlandia), Turin (Italia), Curitiba (Brasil) eta Dundee (Erresuma Batua) onartu zituzten. Sareak partekatutako proiektuak kudeatzea eta diseinuaren arloko zein sormenaren industrietako nazioarteko kooperazioko ekimenak sustatzea ahalbidetzen du.

 

Informazio gehiago:
www.bilbaobizkaiadesignweek.eus