Bilbao Bizkaiak sektoreak berraktibatzeko azken turismo-berritasunak aurkeztu ditu Fitur azokan

Maiatzak 19

  • Ekonomia Sustatzeko foru-diputatua den Ainara Basurkok eta Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia den Xabier Ochandianok hiribilduaren zein lurraldearen turismo-berritasunak aurkeztu dituzte FITURen, ardatz nagusi hauek, besteak beste: Athletic Club, familia-turismoa, landa-eskaintza eta turismo inklusiborako web-ataria.

  • Nazioarteko azokarik garrantzitsuenetako batean parte hartzearen helburu nagusia sektorea segurtasunez eta osasuna babestuz berraktibatzea da, bai eta leku inklusibo eta jasangarri bat eskaini ere, non tokiko eskaria sustatu eta estatuko merkatua berreskuratu nahi den, bai eta turismo-industria babestu ere.

Bilbao Bizkaiak turismo-erakargarritasun nagusiak eta aurtengo edizioaren berritasunak aurkeztu ditu gaur FITURen. Helburua sektorea berraktibatzea da. Igandera arte, maiatzak 23, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak hainbat esperientzia sustatuko dituzte sektore profesionalen zein bisitarien aurrean, hala nola Athletic Clubari, landa-turismoari, familia-turismoari eta turismo inklusiborako web-atari berri bati buruzko esperientziak.

Ekonomia Sustatzeko foru-diputatua den Ainara Basurko eta Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia den Xabier Ochandiano arduratu dira hiribildua eta lurraldea aurkezteaz, eta hazkunde inklusibo eta jasangarria bermatzen duen eta pandemiak ekarritako urte gogor honen ostean osasuna nahiz segurtasuna babesten dituen leku gisa aurkeztu dute. Bestalde, turismoa sektorerik kaltetuenetako bat dela azpimarratu dute. Biek argi utzi dute oso garrantzitsua dela hitzordura joatea, tokiko industria eta enpleguak babesteko eta turismo-leku gisa garatzeko, tokiko eskaria sustatzeko eta estatuko merkatua berreskuratzeko.

Hori horrela, Ochandianok bisitarientzako bi gida berriak erakutsi ditu: Athletic Experience eta Familia Turismoa. Lehenengoan, Athletic esperientzia bizitzera gonbidatzen ditugu bisitariak, taldea Bilboko eta Bizkaiko turismo-ikonoa den aldetik. Athletic Experience proiektuak eskaintza zuri-gorri bat dakar, eta kirolarekiko pasioa eta San Mames futbol-zelaia uztartzen ditu, arkitekturagatik hainbat aldiz saritua. Horrez gain, Athletic Club Museoa dago zelaian, Bizkaiko hirugarren museorik bisitatuena, eta MICE espazio bat, mota guztietako ekitaldiak antolatzeko.

Bigarren gidarekin, Familia Turismoa, oinez zein bizikletaz egiteko askotariko ibilbideak aurkeztu dira hiribildua, kostaldeko lekurik esanguratsuenak eta Bizkaiko barrualdea oso-osorik ezagutzeko, bai eta euskal gastronomia eta euskal esentzia osatzen duten elementuak ere, hala nola euskara, folklorea edo herri-kirolak. Mota horretako turismorako ideien konbinazio hori sektorea berraktibatzeko aukera nagusietako bat izango da. Bi gida prestatu dira, eta eskuragarri daude hemen: bilbaoturismo.net eta visitbiscay.eus.

Bestalde, Basurkok lurraldeko landa-turismoaren garrantzia nabarmendu du, eta turismo inklusiborako web-atari berria aurkeztu du. Ekonomia Sustatzeko diputatuak azpimarratu du pandemiaren ondorioz izandako ohitura-aldaketek hazteko aukera paregabea eman diotela Landa-turismoari. Bidaiariek masifikatu gabe dauden inguruak bilatzen dituzte, ongizatearen sentsazioa eskaintzen duten leku seguruak, bai eta askatasun sentsazioa ematen duen naturarekin harremanetan egoteko tokiak ere. Hori guztia bat dator Bilbo eta Bizkaiko landa-turismoak dituen ezaugarriekin, eta FITUR azokan aurkeztu dira, dagozkien elementu bereizgarriekin; landa-nortasuna, kultura eta euskara, paisaia, artisautza, enogastronomia, tradizioak… eta baserria, euskal landa-inguruaren bizitza islatzen duen elementu nagusi gisa.

Diputatuak, halaber, Turismo Inklusiborako webgune berria iragarri du, zeinaren bitartez premia bereziak behar dituzten pertsonak izango diren turismo-esperientziaren erdigunea. Webguneak hiru atal ditu (ostatuak, ibilbideak eta espazioak), eta atari horretan jaso diren baliabide guztien inguruko ezaugarriei buruzko informazio guztia jaso da bertan, nahi duenak ebaluatu eta banaka erabaki dezan ezaugarri horiek turismo-lekua benetan irisgarri batenak diren, estandarrak alde batera utzita. Webgunean 77 hotelen, berrogeita hamar bat landa-ostaturen, 32 leku interesgarriren eta 35 ibilbideren inguruko informazioa agertzen da.

FITUR, EUROPAKO TURISMO-AZOKARIK GARRANTZITSUENETAKO BAT

FITUR turismoaren profesionalak biltzeko topagune globala da, bai eta Iberoamerikako merkatu hartzaile eta igorleentzako azokarik garrantzitsuena ere. Orain arte urtarrilean egiten zen azoka, baina aurtengo edizioan datak aldatu dira, eta maiatzaren 19tik 23ra antolatuko da, hitzordu honek turismo-industrian duen nazioarteko eragin handia kontuan hartuta. Horrela, munduko turismo-jarduerarako hain beharrezkoa den bultzada lortu eta enpresa, herrialde zein lekuetako topaketa profesionalak erraztuko dira.