Bilbao Bizkaiak turismoko hiru alderdi erakargarri nagusi aurkeztuko ditu FITUR 2023 azokan: kostaldea, ekitaldi handiak eta zinemako agertokiak

Urtarrila 16

  • Urtarrilaren 18tik 22ra bitartean, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Bilbao Bizkaia helmuga sustatuko dute Turismoaren Nazioarteko Azokan (FITUR). Garrantzi berezia emango diete kostaldeari, ekitaldiei eta zinemako agertokiei, hiribilduko eta lurraldeko erakarguneak diren heinean.

  • Bilboko alkate Juan Mari Aburto, Ekonomia Sustatzeko Foru diputatu Ainara Basurko, Lurralde-lehiakortasuneko eta Turismoko zuzendari Cristina Múgica eta Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzi Xabier Ochandiano FITURen hasierako ekitaldian izango dira Bilbao Bizkaiko produktu turistiko berriak aurkezteko.

  • Aurtengo ekitaldi nagusia FRANTZIAKO TOURRAREN Grand Départ delakoa izango da, mundu osoan garrantzi eta eragin mediatiko handia duen kirol-ekitaldia baita.

Bilbao Bizkaiak agerraldia egingo du Iberoamerikako merkatu hartzaile eta igorleentzako liderra den FITUR azokan, urtero bezala. Urtarrilaren 18tik 22ra bitartean, Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia stand berean egongo dira Bilbao Bizkaia helmuga sustatzeko asmoz.

Bilboko alkate Juan Mari Aburto, Ekonomia Sustatzeko Foru diputatu Ainara Basurko, Lurralde-lurralde-lehiakortasuneko eta Turismoko zuzendari Cristina Múgica eta Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzi Xabier Ochandiano FITURen hasierako ekitaldian izango dira asteazkenean, urtarrilaren 18an, Bilbao Bizkaiko produktu turistiko berriak in situ aurkezteko.

2023ra begira, Bilbao Bizkaiak hiru erakargune nagusi azpimarratu nahi ditu turismo-eskaintzaren barruan. Horretarako, kostaldeari, ekitaldiei eta zinemako agertokiei buruzko katalogo bana aurkeztuko dute FITUR azokan, hiribilduko eta lurraldeko erakargune handiak diren heinean. Argitalpen zainduak izango dira, eta azkenaldian bi erakundeek garatu duten turistak egokitzeko politika indartzeko zein identitate propioko eta kalitatezko eskaintza bat irudikatzeko helburua dute.

BILBAO BIZKAIKO KOSTALDEA: ITSASALDEKO BEREIZGARRI PAREGABEA

FITUR da katalogo hori aurkezteko aukeratutako espazioa. Argitalpen hori erakundeek sektoreko eragileekin batera egindako estrategia eta hausnarketaren emaitza da: Bilbao Bizkaiak dituen kostako 150 kilometroak nabarmentzea helburu duen produktu batean iraunkortasunak duen garrantziari buruzko hausnarketarena, hain zuzen ere. Ibilbide paregabea da, eta, besteak beste, marinel-herriak bisitatzeko, Kantauri itsasoko itsasertzetik paseatzeko, tradizioetan parte hartzeko edota askotariko kirol-motak egiteko aukera ematen du, bai eta tokiko gastronomia dastatzeko aukera ere. Kostaldean zehar erakargune asko daude, hala nola Urdaibaiko biosferaren erreserba, Gaztelugatxeko Doniene, Lekeitioko Santa Katalinako itsasargia eta Bizkaiko Flyscharen ibilbidea.

Horrez gain, Bilbo eta itsasadarra ere hartzen ditu barne, hiribilduko zein lurraldeko merkataritza- eta turismo-erreferentea. Guztiz eraberritutako hirigintza baten eta abangoardiako arkitekturaren arteko lotura da, paseatzen zein kirola egiten gozatzeko gune paregabea. Hala, itsasadarra hiriaren bizkarrezurra bihurtu da Guggenheim Museoaren, IsasMuseumaren, Abandoibarrako pasealekuaren, Euskalduna Jauregiaren eta abarren paretik nabigatzeko. Horrez gain, Abrarantz eta Bizkaiko iragan industrialerantz ere zabaltzen da, Portugaleteko Rialia Museoan, baita lurraldeko ondarearen bitxietako batean ere: Bizkaia Zubia.

THE PLACE TO BE: EKITALDI NAGUSIAK

Bilbao Bizkaia askotariko ekitaldiak antolatzeko eta horietaz gozatzeko helmuga gisa ere sustatu nahi dute. Horretarako, askotariko jardueren katalogo bat aurkeztuko dute FITURen, ekitaldiei lotutako baliabide turistikoak nabarmentzeko eta nazioartean erakargarria eta lehiakorra izan daitekeen esperientzia turistiko zabal bat eskaintzeko.

2023ko ekitaldi nagusia Frantziako Tourraren Grand Départ izango da. Tourra garrantzi eta eragin mediatiko handiena duen nazioarteko kirol-ekitaldietako bat da. Txirrindularitzaren zaleentzako agertoki goren honen 110. edizioa Bilbotik abiatuko da 2023ko uztailaren 1ean, eta lurraldeko zenbait toki zeharkatuko ditu. Egun horretatik uztailaren 3ra arte, Frantziako itzulia euskal lurraldeetan zehar ibiliko da. Primerako aukera izango da mundu osoan ezagunak diren zale euskaldun gogotsu eta fidelek txapelketaren emozioa hurbiletik bizi dezaten.

Horrez gain, Bilbao Bizkaiak makina bat proposamen ezagun ere baditu. Horien artean, bereziki aipagarriak dira nazioarteko musika- eta zinema-jaialdiak, hala nola Bilbao BBK Live (uztailak 6-8) eta Zinegoak, LGTBIQ+ esparruko zinemaren eta arte eszenikoen jaialdia, aurten hogeigarren urteurrena ospatuko duena. Arte-erakusketak ere badaude, eta arlo horretan Guggenheim Museoa da protagonista. Gainera, munduan bakarrak diren jaiez gozatzeko aukera dago: Aste Nagusia, Bilbao Basque Fest, Madalen Eguna Bermeon, Zapato Azule Ondarroan, Maiatzaren 8a Urduñan; baita kulturarekin eta nortasunarekin lotutako beste ekitaldi batzuez gozatzeko ere, hala nola Gernikan egiten den Jai Alai Winter SeriesDurangoko Azoka, edota Gernikako Azken Asteleheneko azoka. Kirolaren esparruan, Laboral Kutxa Punta Galea Challenge antolatzen da, olatu handien gaineko Europako txapelketarik zaharrena, baita beste zenbait ekitaldi ere.

BILBO, ZINEMA ARETO. BIZKAIA, ESZENATOKI PAREGABEA

Azken berritasun handi horren helburua da zazpigarren artearen zaleek film eta serie arrakastatsuetako eszenatoki izan diren Bilbao Bizkaiko askotariko tokien eskaintza deskubritzea. Rocadragón gazteluaGaztelugatxeko Donieneko istmoan Game of Thrones telesailerako birsortu zena; Lagako hondartza, zeina Urdaibaiko Biosferaren Erreserban baitago eta Akelarre filmerako kokaleku gisa balio izan baitzuen, edota Bilboko Mazarredo zumarkalea, non 007 agentea, Pierce Brosnan, bosgarren solairutik jaitsi zen Michael Aptedek zuzendutako El mundo nunca es suficiente filmean, zeinean Guggenheim Museoa ageri baita. Film hori izan zen, hain zuzen ere, nazioarteko zinemaren munduak Bilbao Bizkaian izan zuen lehen esperientzietako bat.

Duela gutxi, Intimidad izeneko telesaila sortu zen, Itziar Ituño aktorearekin. Bigarren astean 30 milioi ikusle baino gehiago izan zituen Netflixen. Hala, ingelesezkoa ez den telesailik ikusiena bihurtu zen plataforma horretan, eta zortzigarrena mundu osoan. Stranger Things telesailaren fenomenoak eta Peaky Blinders bezalako tituluek ozta-ozta gainditu zuten. Ola de Crímenes, Gracia Querejeta zuzendariarena, Maribel Verdú eta Antonio Resines aktoreekin. Koldo Serraren 70 Binladens eta Eneko Sagardoyren HandiaEl cuarto pasajero, Alex de la Iglesia zuzendari bilbotarrarena, edota La vida padre, zeinean Karra Elejalde protagonista izan baitzen.

Lurraldea eszenatoki duten beste lan batzuk ere egon dira, honako hauek, besteak beste: Koldo Serraren Gernika, El árbol de la sangre, Zeanuri agertokia izan zuena, Mundakan partzialki filmatutako Cinco lobitos, edota otsailaren 24an estreinatuko den Paul Urkijo zuzendari euskaldunaren Irati. Filmaketa horiek guztiek zinema-kontakizunen eszena horiek guztiak garatu diren tokiak ezagutzeko interes turistikoa piztu dute. Pantaila-turismoa deritzo horri, eta Bilbao Bizkaian egindako ikus-entzunezko produkzioen presentziaren emaitza da.

2022KO UDAK MARKAK HAUTSI DITU

Joan den udan lurraldeak, oro har, pandemiaren aurreko sarrera eta gaualdien erregistroak gainditu zituen eta Bilbok inoizko bisitari-kopururik handiena lortu zuen. Bilbao Bizkaiak marko horretan aurkeztu ditu berritasunak FITUR azokan. Eustatek emandako datuen arabera, 2022ko ekaina eta iraila bitartean, 438.973 turistek bisitatu zuten hiruaeta, lurralde osoan% 12,55 eta % 10,33 igo ziren sarreren eta gaualdien zifrak 2019ko datuekin alderatuta. Nazioartean oihartzun handia izan zuten ekitaldi handiak berreskuratzeak berriro ere Bilbo erreferentzia turistiko bihurtu dute mundu mailan, eta, aldi berean, turistek gero eta interes handiagoa dute Bizkaiko beste eremu batzuk ezagutzeko.

FITUR, EUROPAKO TURISMO-AZOKARIK GARRANTZITSUENETAKOA

FITUR turismoaren profesionalak biltzeko topagune globala da, bai eta Iberoamerikako merkatu hartzaile eta igorleentzako azokarik garrantzitsuena ere. 2022ko edizioak aurreikuspen guztiak gainditu zituen, 111.193 lagun bertaratu baitziren, eta, horiez gain, beste asko LIVEConnect plataformaren bidez konektatu ziren azokaren bertsio digitalera. Egitasmo horretan 600 erakusmahai titularrek eta 70 herrialdetako ordezkari ofizialek hartu zuten parte (21 estatutako Turismo ministroak barne) eta, horri esker, munduko turismo-azoken arten duen bigarren postua finkatu zen.