Urtarrila 24
-
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak Bilbo-Bizkaia destinoa aurkeztuko dute gaur arratsaldean, 15:30etik aurrera, Turismoaren Nazioarteko Azokako Euskadi Standean.
-
Hauek dira 2024ko ardatz turistikoak: Bizkaiko natura, parkeak eta paisaiak; 16 bizikleta-ibilbide; ekitaldi handiak, hala nola UEFAren Emakumezkoen Champions League-ren finala.
Bilbo-Bizkaiak gaur arratsaldean bere turismoko produktuak aurkeztuko ditu Europako merkatuko hartzaile eta eskaintzaileentzat lider den FITUR azokan. 15:30etik aurrera izango da, Euskadiko standean (9. pabiloia, 9C06 standa).
Aurkezpena Sonia Pérez Garraio, Mugikortasun eta Turismoko foru diputatuak eta Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza, Turismo eta Enplegu Saileko zinegotziak egingo dute. Produktu turistiko berrien eta Bilbo-Bizkaiaren erakargarri nagusien berri emango dute. Fiturren, besteak beste, Leire Sáez Bizkaiko Turismoko zuzendaria eta Javier Garcinuño Bilbao Ekintza udal-sozietateko zuzendaria egongo dira, bakoitza bere lantaldeak lagunduta.
2024. urteari begira, erakunde biek turismo-eskaintza batzuk nabarmendu nahi dituzte erakargarri gisa, eta eskaintza horien protagonista dira, hain zuzen ere, hiriko ekitaldiak (esaterako, emakumezkoen UEFA Champions League-aren finala) eta naturako turismoa. Mendiak eta haranak, herriak, kultura-ondarea, gastronomia, jarduerak eta Bizkaiko barnealdeko nortasuna izango dira lurraldearen erakargarri nagusiak edizio honetarako.
2030erako Turismo Estrategiaren barruan, Bizkaiko barnealdeari zuzenean lotutako turismo-produktu bi daude: parke naturalak, eta natura eta paisaiak. Naturagune babestuak, gailurrak eta ekoturismoa biltzen dituen katalogo bat aurkeztuko da gaur. Gorbeia, Urkiola eta Armañon arduraz gozatzeko gonbidapena egingo da. Era berean, Bizkaia osoa, kostaldea, barnealdea zein metropolia, bizikletaz ezagutzeko 16 ibilbidez osatutako dokumentu bat ere aurkeztuko da.
Sonia Pérez Garraio, Mugikortasun eta Turismoko foru diputatuak ziurtatu duenez, “Fiturrek kanpo-proiekzio paregabea eskaintzen digu geure ondare naturala erakusteko eta Bizkaia osoan –kostaldean zein barrualdean– beti ikusgarri diren paisaietan egoteko. Hori dena, aukera berriak baztertu gabe, hala nola gure lurraldea zikloturismoaren bidez ezagutzea eta gozatzea“.
“Helburua da barne-turismoa sendotzea eta, horretarako, turismoaren sektoreko eragile publiko eta pribatuen artean eskaintza lehiakorra sortzea, jasangarritasunaren aldeko apustua eginez (ingurumenekoa, soziala eta ekonomikoa).”
BILBO EMAKUMEEN CHAMPIONSEKIN
Bilbo-Bizkaia kultura- eta kirol-ekitaldi handiak hartzeko eta gozatzeko destino gisa ere sustatzen da. Hainbat eskaintza aurkezten ditu, beraiei lotutako baliabide turistikoei balioa ematen dietenak, eta esperientzia turistiko globala eskaintzen du, nazioartean erakargarria eta lehiakorra den proposamen batekin.
2024rako erakargarri nagusien artean, UEFA Women’s Champions League-ren finala da azpimarratzekoa. San Mamesen jokatuko da, maiatzaren 25ean. Final historiko bat izango da, Europako emakumezkoen futbol-ekitaldi garrantzitsuena.
Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza, Turismo eta Enplegu Saileko zinegotziak esan duenez, “emakumezkoen Championseko finala “Katedralean” jokatzea aukera handia izango da gure hiriburua, gure jendea eta gure giro ikusgarria agerrarazteko Europa eta mundu mailako erakusleiho honetan. Horrek hiriarekiko eta lurraldearekiko ezagutza eta erakarpen handiagoak ekarriko ditu”. Modu berean, azpimarratu egin ditu “kultura, kirol eta arte alorretako hitzorduen kalitatea eta ugaritasuna, baita Bilbo-Bizkaian bisitatu daitezkeen leku interesgarri ugariak ere”.
Ochandianok azpimarratu duenez, “Euskadiko turismo kulturalari dagokionez, Bilbok duen lidergoa tokiko ekonomiaren zati garrantzitsu eta gero eta handiagoa da, eta hiriburuan turismoa asko hazi da”. Bilbok 1.149.698 bisitari izan zituen 2023ko urtarriletik azarora. % 50,9 atzerritarrak izan ziren, batez beste 1,98 eguneko egonaldia, eta bisitarien batez besteko balorazio orokorra 10etik 8,27 izan zen.
Bilbo-Bizkaiak hainbat proposamen ditu, eta haien artean nabarmentzekoak dira Bilbao BBK Live, Bilbao Blues Festival, BBK Bilbao Music Legends Fest eta BIME musika-jaialdiak. Horiei nazioarteko zinema gehitu behar zaie, hala nola ZINEBI, FANT eta Zinegoak. Azkenik, Guggenheim Bilbao Museoa protagonista nagusitzat duten erakusketa artistikoak daude, baita bisitariak beste inon topatuko ez dituen erakargarri turistiko eta herriko jai ugariak ere.
Eskaintza zabal horren ikuspegi bateratua emateko, katalogo bat sortu da “The Place to BE. 2024: Irabazteko lurraldea” izenburupean. Katalogo horretan, hauek biltzen dira, besteak beste: musika-panoramaren programazioa, kirol-ekitaldiak, hitzordu eta jai tradizional eta errotuenak, artea bere askotariko formetan, zinema letra larriz eta jaialdiak (On Stage). Eta hori guztia Bilboko eta Bizkaiko zenbait proposamen eta tokitan egiteko ekimen eta bisitaz osatzen da.
SARE SOZIALAK: