Urtarrila 22
-
Urtarrilaren 24tik 28ra, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak Bilbao Bizkaia helmuga turistikoa sustatuko dute Turismoaren Nazioarteko Azokan (FITUR), eta, bertan, azpimarratu egingo dituzte eskualdeak eskaintzen dituen natura-ingurunea, bizikleta-ibilbideak eta kultura- eta kirol-ekitaldi handiak, hala nola emakumezkoen UEFA Champions League-aren finala.
-
Sonia Pérez, Garraioetako, Mugikortasuneko eta Turismoko foru-diputatua, eta Xabier Ochandiano, Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko Saileko zinegotzia, FITUR-en inaugurazioan izango dira, Bilbao Bizkaiko turismo-produktu berriak in situ aurkezteko.
Bilbo Bizkaia aurten ere egongo da Europako merkatuko hartzaile eta eskaintzaileentzako lider den FITUR azokarekin urtero daukan hitzorduan. Urtarrilaren 24tik 28ra, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala batera izango dira azokan Bilbao Bizkaia helmuga sustatzen. Garraioetako, Mugikortasuneko eta Turismoko foru-diputatu Sonia Pérez, Bizkaiko Turismoko zuzendari Leire Sáez eta Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko Saileko zinegotzi Xabier Ochandiano eta bere taldea FITUR-en inaugurazioan izango dira, urtarrilaren 24an (eguaztena), Bilbao Bizkaiaren turismo-produktu berriak eta alderdi erakargarrienak in situ aurkezteko.
2024. urteari begira, erakunde biek turismo-eskaintza batzuk nabarmendu nahi dituzte erakargarri gisa, eta eskaintza horien protagonista dira, hain zuzen ere, hiriko ekitaldiak (esaterako, emakumezkoen UEFA Champions League-aren finala) eta naturako turismoa. Mendiak eta haranak, herriak, kultura-ondarea, gastronomia, jarduerak eta Bizkaiko barnealdeko nortasuna izango dira edizio honetarako lurraldearen erakargarri nagusiak.
Sonia Pérez Mugikortasuneko, Garraioetako eta Turismoko foru-diputatuak aurkeztuko ditu Bizkaiko turismo-produktu berriak. Zehazki, bi euskarri berri jarriko dira sektoreko profesionalen eta Bilbao Bizkaiaren erakusmahaiak bisitatzera animatzen direnen eskura.
NATURA, PARKEAK ETA PAISAIAK BIZKAIAN
2030erako Turismo Estrategiaren barruan, Bizkaiko barnealdeari zuzenean lotutako turismo-produktu bi daude. “Parke naturalak” eta “Natura eta paisaiak” produktuak Bizkaiko barrualdea osatzen duten turismo-kudeaketako erakunde guztien arteko kontzeptualizazio, egituraketa eta formulazio estrategiko baten emaitza dira. Helburua da barne-turismoa sendotzea eta, horretarako, turismoaren sektoreko eragile publiko eta pribatuen artean eskaintza lehiakorra sortzea, jasangarritasunaren aldeko apustua eginez (ingurumenekoa, soziala eta ekonomikoa).
Naturagune babestuak, gailurrak eta ekoturismoa biltzen dituen katalogo bat aurkeztuko da FITUR-en. Gorbeia, Urkiola eta Armañon arduraz gozatzeko gonbidapena egingo da. Bestalde, ekitera animatzen ditu turistak: begiratokiak deskubritzera, mendi-ibilbideak egitera, bide berdeak eta Donejakue bidea ezagutzera… Baina lasaitzeko aukera ere zabaltzen die: herri eta paisaia ederrak gozatzeko aukera, eta osasun- eta ongizate-jardueretan parte hartzekoa.
PEDALEI ERAGITEA: BIZKAIA EZAGUTZEKO BESTE MODU BAT
Era berean, Bizkaia osoa, kostaldea, barnealdea zein metropolia, bizikletaz ezagutzeko 16 ibilbidez osatutako katalogo bat ere aurkeztu da. Merkatu-nitxoak ere apustu estrategikoa dira Bilbao Bizkaia markarako; hala, eskaintza hau helburu jakin batekin destinoak bilatzen dituzten pertsonei bereziki zuzendutako produktu bat da.
Ibilbide horien barruan, nahitaez bisitatu beharreko baliabide turistiko guztiak nabarmentzen dira, eta zerbitzu osagarriei buruzko informazioa ere jasotzen da, bizikletarekin ezustekoren bat gertatuko balitz ere.
THE PLACE TO BE: EKITALDI HANDIAK
Bilbao Bizkaiak kultura-ekitaldiak hartzeko eta haietaz gozatzeko helmuga gisa ere aurkeztu nahi du bere burua. Hala, Xabier Ochandiano zinegotziak askotariko eskaintzen katalogo zabal bat aurkeztuko du FITUR-en. Eskaintza horiek ekitaldiei lotutako baliabide turistikoei balioa ematen diete, eta esperientzia turistiko globala ematen dute, nazioartean proposamen erakargarri eta lehiakorra eginez.
2024rako erakargarri nagusien artean, UEFA Women’s Champions League-ren finala da azpimarratzekoa. San Mamesen jokatuko da, maiatzaren 25ean; final historiko bat izango da, Europako emakumezkoen futbol-ekitaldi garrantzitsuena. Lehen lerroko nazioarteko ekitaldi horrek, gainera, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren balio ukaezina berretsiko du, tradizioa eta modernitatea batzen diren ingurune batean, kirol-eta jai-giroan.
Gainera, Bilbao Bizkaiak zenbait proposamen ezagun ditu, eta, haien artean, azpimarratzekoak dira Bizkaiko hiriburuan egiten diren musika-jaialdiak, hala nola Bilbao BBK Live, Bilbao Blues Festival, BBK Bilbao Music Legends Fest eta BIME 2024.
Horiei gehitu behar zaizkie nazioarteko zinemako eskaintza, ZINEBI – Zinema Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren eskutik, zeinak 66. edizioa izango baitu aurten, FANT fantasiazko zinemaren programa eta Zinegoak LGTBIQ+ zinemako eta arte eszenikoetako jaialdia.
Azkenik, Guggenheim Bilbao Museoa eta Arte Ederren Museoa protagonista nagusitzat dituzten erakusketa artistikoak daude, baita bisitariak beste inon topatuko ez dituen erakargarri turistiko eta herriko jai ugariak ere.
Eskaintza zabal horren ikuspegi bateratua emateko, katalogo bat sortu da “The Place to BE. 2024: Irabazteko lurraldea” izenburupean. Katalogo horretan, hauek biltzen dira, besteak beste: musika-panoramaren programazioa (Music); kirol-ekitaldiak (Sports); hitzordu eta jai tradizional eta errotuenak (Be basque); artea bere askotariko formetan (Arts); zinema letra larriz (Cinema), eta jaialdiak (On Stage). Eta hori guztia Bilboko eta Bizkaiko zenbait proposamen eta tokitan egiteko ekimen eta bisitaz osatzen da (A good Idea!).
MARKAK HAUSTEN
Bilbao Bizkaiak aurtengo berritasunak aurkeztuko ditu FITUR-en, 2023an aurreko sarrera eta ostatu-gauen erregistroak gainditu ondoren eta Bilbok inoiz baino bisitari gehien izan ondoren. Eustat-en datuen arabera, 2023ko urtarriletik azarora, uriak 1.149.698 turistaren bisita jaso zuen (goranzko joerari eutsiz, 2019an baino % 21,4 gehiago –pandemiaren aurreko urtea–), eta Bizkaiak jasotako bisita guztien % 66,8 pilatu zuen.
Nazioartean oihartzun handia duten ekitaldi handiak berreskuratu direnez, Bilbo munduko turismo-erreferentzia bihurtu da berriz ere, eta, gainera, turistek gero eta interes handiagoa dute Bizkaiko beste eremu batzuk ezagutzeko.
Turistaren profila honako hau da: 47,2 urte ditu batez beste, bikotean bidaiatzen du, errenta-maila ertaina du eta ostatu tradizionalaren alde egiten du. Jarduerei dagokienez, % 95ek baino gehiagok jarduera kulturalak eta gastronomikoak aukeratzen dituzte, eta 8,27ko balorazioa ematen diote helmugari. Turista horiek tokiko ekonomiaren zati handia dira.
Bestalde, datu horiek adierazten dute Bilbo kultura- eta sormen-turismoan nabarmentzen dela (Euskadiko kultura-turismoaren kontsumoaren % 25,7 pilatzen du).
FITUR, NAZIOARTEKO ERREFERENTZIAZKO TURISMO AZOKA
FITUR turismoko profesionalentzako topagune global bat da, eta merkatu hartzaile eta eskaintzailetarako azoka nagusia. 2023ko edizioak aurreikuspenik onenak gainditu zituen: 222.000 lagun bildu zituen (2022ko datuaren ia bikoitza).
2024ko edizioan, azokak berak emandako datuen arabera, 8.500 erakusketa-enpresak baino gehiagok hartuko dute parte, eta 136.000 profesionalek baino gehiagok eman dute dagoeneko izena. Azokak Madrilgo IFEMAko zortzi pabiloi hartuko ditu, eta 130 herrialderen baino gehiagoren turismo-eskaintza bilduko du.
Bilbao Bizkaia nazioarteko hitzordu horretan egongo da, 2030erako Turismo Estrategiari erantzunez. Estrategia horren helburuak dira jasangarritasuna, digitalizazioa eta berrikuntza, bisitariak erakartzeko eta pertsona guztien ongizatean eragingo duen sektore lehiakorragoa eta ingurunearekiko errespetutsuagoa garatzeko funtsezko elementu gisa.