Bilbao Bizkaiak 2030era arteko turismo estrategia berria aurkeztu du, bisitariak berreskuratu eta sektorea eraldatzeko jasangarritasunaren ikuspegitik

Otsailak 10

  • Joan den urtean 250 eragile publiko eta pribatuk baino gehiagok parte hartu dute dokumentu hori prestatzeko lanetan, eta hurrengo hamarkadako turismo politika bideratuko duten jarraibideak bildu dira bertan. Gaur bertan aurkeztu da, pandemiaren ostean antolatu den lehenengo aurkezpen ekitaldian, eta sektoreko 300 ordezkarik parte hartu dute bertan.

  • Estrategia honen bidez, lehenengo eta behin, errekuperazio-fase bat zehaztu da (2022-2024), COVID-19aren aurretik zeuden mailetara iristeko eta, ondoren, eraldaketa-fase bat, 2030era artekoa, jasangarritasuna, digitalizazioa eta berrikuntza funtsezko elementutzat hartuta bisitariak erakartzeko eta pertsona guztien ongizatea ekarriko duen sektore lehiakorrago eta ingurunearekiko errespetuzkoago bat garatzeko.

  • Lehen urrats modura, aurten estatu mailako merkatua berreskuratu eta egonkortzea eta nazioarteko turismoa finkatzea lortu nahi da, pandemiaren aurreko mailak lortzeko 2023. urte amaieran.

  • Juan Mari Aburto alkatea eta Ainara Basurko Ekonomia Sustapeneko diputatua izan dira, Lurraldeko beste hainbat alkate eta sektoreko ordezkariekin batera, eta turismoa aktibatzeko eta COVIDa agertu aurreko zifrak hobetzeko haien esku dagoen guztia egingo dutela azaldu dute, Bilbao Bizkaiaren erakargune guztiak ikusgai jarriz, “Ardatz Atlantikoko erreferente gisa kokatzeko, nortasun propioa, anitza eta eraldaketarako gaitasuna izateagatik parekorik gabeko erreferentea”.

Pandemia hasi zenetik bi urteko tarte honek inpaktu latza izan du turismoaren, beste sektore batzuetan bezala, eta, hortaz, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, sektorearen eta tokiko eta eskualdeko turismo-kudeaketako erakundeen eskutik lan egin dute, ahaleginak indartzeko estrategia berri bat martxan jartzeko, hain zuzen ere COVID-19a agertu aurreko mailetara iristeko lehentasunezko helburuarekin (une hartan erregistratutako zifrek errekorra hautsi baitzuten eta perspektibak bikainak ziren), ikusmira 2030. urtean jarriz.

  • Bilbok 2019an hautsi zuen marka, 1,1 milioi turistekin, eta Bizkaiak 1,6 milioi bisitarirekin.

“Bilbao Bizkaia Turismo Estrategia 2030” izen orokorrarekin, lankidetza, jasangarritasuna eta digitalizazioa dira ibilbide orri berri honen oinarrizko elementuak; gaur aurkeztu dute Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzi Xabier Ochandianok eta Ekonomia Sustatzeko foru diputatu Ainara Basurkok, bertan izan dela Bilboko alkate Juan Mari Aburto, sektoreari babesa eta gertutasuna eskainiz.

Azaldu dutenez, parte-hartze prozesu zabal bati amaiera ematen dion anbizio handiko dokumentua da; prozesu horretan 250 eragile publiko eta pribatuk baino gehiagok hartu zuten parte joan den ekitaldian, pandemia bete-betean. Eragileen ekarpenei esker hurrengo hamarkadan turismoaren politika gidatuko duten jarraibideak definitu eta lanerako esparru komun honetan bildu ahal izan dira.

Birusaren eraginak egindako presioa mundu mailan pairatu den arren, dokumentu hau ez da zerotik abiatu; aitzitik, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak eta sektorea eta tokiko eta eskualdeko turismo-kudeaketako erakundeak aurretik elkarrekin egindako lana du abiapuntu, hain zuzen ere Turismoaren Estrategia 2020 eta Turismo Posizionamenduko Plana 2018-2025 bezalako tresnekin egindako lana.

Oraingoan gida berri hau sortu da, epe luzeko plangintza ziklo berrian kokatzen dena; Bilbao/Bizkaian turismoaren hazkundea indartzen jarraitzeko apustu tinkoari erantzuten dio. Izan ere, sektore hau gelditzeko iritsi zen; inork espero ez zuen pandemia agertu zen arren, COVID aurreko zifrak gainditzea espero da, bisitari gehiagorekin, egonaldiak luzatuz, hirian ekitaldi gehiago antolatuz, eta abar, betiere lankidetzaren, digitalizazioaren eta jasangarritasunaren gakoekin, besteak beste, kultura erakarguneak, kostaldeko eta barnealdeko kultura-, natura-erakargarritasunak, paisaiak edota gastronomia ikusaraziz, Ardatz Atlantikoko erreferente gisa kokatzeko, nortasun propioa, anitza eta eraldaketarako gaitasuna izateagatik parekorik gabeko erreferentea”.

LEHEN AURKEZPENA SEKTOREAREN AURREAN

Gaur egindako aurkezpena COVID-19a agertu zenetik sektorearekin aurrez aurre egin den lehen aurkezpena da, eta bertan 300 gonbidatu baino gehiago bildu dira; haien kolaborazioa izan duen estrategia berriaren oinarrizko ildoak azaldu zaizkie.

Horretarako, Euskalduna Jauregia -ekitaldia bertan egin da- eraldatu egin da eta Bilboko Geltoki Intermodal bihurtu da, Bilbao Bizkaia turismoaren etorkizunerako bidaia egitea emulatuz, ikusmira 2030. urtean jarriz.

Dokumentu berriak ezarri duenez, aldi hori bi denbora agertokitan banatu dugu:

  1. BERRESKURAPENA 2022-2024: Turismo jarduna berreskuratzea eta COVIDa agertu aurreko agertokietara itzultzea ditu helburu.
  2. ERALDAKETA 2022-2030: Plan berriaren erronka estrategikoak lortzeko helburuarekin: digitalagoak, jasangarriagoak, gobernantzaren bidez modu kooperatuagoan lan eginez, Garapen Jasangarriko Helbururekin (GJH) lerrokatuta egoteko.

Azken helburua pandemiaren aurreko bisitarien zifrak hobetzea da, turismoaren garapen jasangarriaren aldeko konpromisoa indartuz ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen ikuspegitik, balio-katean parte hartzen duten pertsona guztien ongizate eta gogobetetzeari erantzuna ematera bideratuz, lankidetzaren, digitalizazioaren, berrikuntzaren eta adimen turistikoaren bitartez.

Lehen urrats modura, aurten, 2022an, estatu mailako merkatua berreskuratu eta egonkortzea lortu nahi da, eta nazioarteko turismoari dagokionez aurreikuspena da ekitaldi honetan aktiboki berriro ekitea eta 2023. urte amaieran ohiko maila berreskuratzea. Hurrengo urratsa honako hau izango da: inpaktu sozioekonomiko iraunkorra sortzeko estrategiari jarraituz aurrera egitea, turismo-sektorearen lehiakortasuna hobetzea, sektorea digitalki eraldatzea, bisitariak erakartzea eta helmuga modu orekatu eta iraunkorrean garatzea, nazioarteko posizionamendua sendotzea eta Bilbao Bizkaiaren irudia indartzea, bisitatzen gaituzten pertsonen eta lurraldean garatzen den turismo jardueran inplikatuta dauden pertsona guztien esperientzia hobetzea, Bizkaiko gizartea bera barne.

PARTE HARTZE PROZESUA

Lehenago esan bezala, plan berri hau prestatzeko oso metodologia parte hartzailea baliatu da, turismoaren sektoreko 250 eragile publiko eta pribatu baino gehiagoren ekarpenak jaso baitira, baita sektore honekin lotutako beste eragile batzuenak ere (alderdi politikoak, enpresak eta profesionalak, tokiko herritarrak, turismo arduradunak, txangolariak, turistak eta abar).

Hala, eta urte osoan zehar, 2021ean, 64 dinamika parte hartzaile egin dira, 47 parte hartze inprimaki partekatu dira eta elkarrizketa ugari egin dira. Lankidetza prozesuak ikuspegi ireki, garden, malgu eta anitza izan du.

Estrategia partekatu honek, gainera, sektorearen ilusioa ere islatu nahi du, jomuga erakargarriagoa eta hobeto posizionatua izateko; horixe izan da, hain justu ere, Bilboko alkateak, Juan Mari Aburto, eta Ekonomia Sustapeneko diputatuak, Ainara Basurko, nabarmendu dituzten gakoetako bat; horrekin batera, ahalegin HANDIAGOA egitearen aldeko apustua egin dute, gure turismoaren erakargarritasunak sustatze aldera.

ESKAINTZAREN ETA ESKARIAREN ANALISIA: DATU BATZUK

Gure turismo sektoreak gaur egun bizi duen egoeraren analisi prozesu sakona izan da dokumentu honen abiapuntua. Datu garrantzitsu gisa honako hauek nabarmendu behar dira:

  • 2019ra arte sarreren eta bertan emandako gauen zifrek errekorrak lortu zituzten, eta ziklo hura eten egin zen COVID-19aren osasun krisia iristean. (Bilbok ia milioi bat turistarekin, eta Bizkaiak 1,6 milioi bisitarirekin).
  • 2019-20 aldian, ostatu emateko establezimenduen kopuruak % 10 egin zuen gora, eta pandemiaren inpaktuaren ondoren plazak, guztira, murriztu egin ziren, bereziki landetxeetan. Sarrera gehien dituen ostatu mota hotelak dira; 2020an % 44,7 izan zen.
  • Sarreren eta bertan emandako gauen banaketari dagokionez, % 80tik gora Bilbon ematen dira. Horrez gain, lurraldeko turismo establezimenduen % 39 eta sektoreko enpresen % 38 ere Bilbon daude.

BANAKETA LURRALDE ESPAZIOAREN ARABERA

  • Bilbao Bizkaian nagusi den turismo jarduera mota ekitaldiena da, eta ondoren kultura jarduera dator. Zifretan adieraziz gero, batez ere Bilbon biltzen da, ekitaldien % 63 eta kultura programazioaren % 45 hartzen baitu.
  • Beste datu garrantzitsu bat da jomuga ezaguna garela, baloratua; itzultzeko asmoa altua da, eta puntuazio positiboa jasotzen dugu (9/10).

ESTRATEGIA BERRIAREN JARDUN PRINTZIPIOAK ETA HELBURUAK

2030eko epemugan lortu beharreko aspirazio gisa definitu dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak sektorearekin partekatutako ikuspegi estrategikoa, zazpi helbururen bidez artikulatua:

  1. Inpaktu sozio-ekonomikoa sorraraztea, modu jasangarrian.
  2. Enpresa sarearen lehiakortasuna hobetzea.
  3. Bisitariak erakartzea eta jomuga garatzea modu orekatu eta jasangarrian.
  4. Nazioarteko posizionamendua indartzea eta jomugaren irudia indartzea.
  5. Pertsona guztien esperientzia eta gogobetetzea hobetzea.
  6. Jomuga digitalki eraldatzea.
  7. Adimen turistikoaren eredua eta ekosistema indartzea.

Horrez gain, turismoaren sektorearen jarduna zedarrituko duten sei jardun arauak eta balioak irudikatuko dituzten printzipioek helburuak zuzenduko dituzte; honako hauek dira:

  • Lankidetza. Turismo ekosistema baten moduan lan egitean, 2030 helburu estrategikoei heltzeko, konpromiso maila berriak lortuz eta gobernantza eredua indartuz.
  • Pertsonen esperientziarantz orientatzea. Balio altuko esperientziak eskaintzea turistei, txangolariei, profesionalei zein bertakoei, turismo jardueran inplikatutako pertsona guztien ongizate eta gogobetetzea lortzeko lagunduz.
  • Berdintasuna eta aniztasuna. Berdintasuna eta aniztasuna turismo estrategia plural eta inklusiboaren balio gako gisa posizionatzea, elkarrekiko errespetua eta berdintasuna sustatzen lagunduko duten proiektuak eta egitasmoak garatzea bultzatuz.
  • Erantzukizuna eta jasangarritasuna. Jasangarritasuna jomuga kudeatzean zeharkako elementu gisa integratzea, enpresa sarearen hazkunde jasangarrian, pertsonen ongizatea hobetzen eta planeta zaintzen lagunduz.
  • Digitalizazioa eta adimen turistikoa. Sektore osoa eta jomuga digitalki eraldatzea, eta adimen eredu propioa finkatzea; hala, erabakiak hartzea hobetu eta esperientzia turistiko hobea eskaini ahal izango da.
  • Berrikuntza eta sorkuntza. Berrikuntza eta sorkuntza bultzatzea palanka gako gisa, turismo ekosistema osatzen duten eragile guztien lehiakortasuna indartuz.

JOMUGA JASANGARRI, DIGITALIZATU ETA BERRITZAILEA LORTZEKO ESTRATEGIA

Bilbao Bizkaia Turismo Estrategia 2030 egitasmoaren lehentasunezko erreferentziazko esparrua Nazio Batuek definitutako Garapen Jasangarrirako 2030eko Helburuek osatzen dute; ingurumen, ekonomia eta gizartearen jasangarritasuna lortzeko helburu globalak irudikatzen dituzte.

Aipatutakoa oinarritzat hartuz, Bilbao Bizkaiko etorkizuneko turismoaren eredua egituratuko duten jardun eremu nagusiak irudikatzen dituzten hiru ardatz estrategikoak hartu dira abiapuntutzat: garapena, marketina eta gobernantza:

  • Garapena. Bisitaria iritsi aurretik jomuga diseinatu, egokitu eta prestatzea, bidelagun izanik bisita erakargarriagoa, inklusiboagoa eta jasangarriagoa izatea ekarriko duten erreferentziazko ikono turistikoak, kalitatezko turismo zerbitzuak eta azpiegiturak.
  • Marketina. Jomuga modu pertsonalizatuan komunikatu, sustatu eta merkaturatzea, bisitarien interes eta beharrizanetara moldatuz, eta jomugaren irudia indartuz.
  • Gobernantza. Jomugako turismo industriako eragileek eratutako ekosistema zabal, anitz eta kohesionatuaren arteko kooperazio estrategikoa indartzea.

Ardatz bakoitzaren inguruko jarduera zenbait ildo estrategikoren bidez hedatuko da; lehen aipatutako bi denbora agertokietan (berreskurapena eta eraldaketa) garatu beharreko proiektuak barne hartuko dituzten lan eremuak eratuko dituzte.

BERRESKURAPEN FASEAN bost ildo estrategiko artikulatuko dira:

Garapenaren esparruan:
1. ildoa. Enpresa sarearen gaitasunak indartzea. Turismo enpresen erresilientzia hobetzea sustatuko duten zerbitzuak ezarriz, jarduera modu egonkor eta jasangarrian garatzea ahalbidetuz.

Marketinaren esparruan:
2. ildoa. Jomugan konfiantza sorraraztea. Jomugari buruzko informazio eguneratua eskaintzea, Bilbao Bizkaian segurtasuna bermatu eta konfiantza sorrarazteko ekintzak ezarriz.
3. ildoa. Turismo eskaria berraktibatzea. Turismo eskaria berraktibatuz, bisita sustatuko duten marketin jarduketen bidez.

Gobernantzaren esparruan:
4. ildoa. Berreskurapenaren ebaluazioa eta jarraipena. Pandemiak eragin duen inpaktua neurtuz eta berreskurapen ekonomikoaren etengabeko jarraipena eginez, eskariaren eta eskaintzaren ikuspuntutik.
5. ildoa. Sektorearekiko lankidetza indartzea berreskuratzea bermatzeko. Bilbao Bizkaiko turismo ekosistemari babesa ematea eta berreskurapen aldi horri modu bateratuan aurre egitea ahalbidetuko duten ekimenak ezarriz.

ERALDAKETAREN FASEAN 14 ildo estrategiko garatuko dira.

Garapenaren esparruan:
6. ildoa. Turismo baliabideak indartzea. Turismo baliabideen potentziala erabili eta eraldatzea ahalbidetuko duten neurriak ezarriz.
7. ildoa. Turismo produktuak garatu eta indartzea. Dagoeneko definitutako turismo produktuak garatzea, indartzea eta potentziatzea ahalbidetuko duten ekintzak finkatuz.
8. ildoa. MICE turismo eta ekitaldiak estrategikoki bultzatzea. Sektorea indartzen eta erreferentziazko ekitaldiak erakartzen lagunduz.
9. ildoa. Lurralde oreka sustatzea, turismoaren bitartez Turismo fluxuak lurraldean banatuz, sasoikotasun geografikoa eta denbora sasoikotasun orekatuz.
10. ildoa. Enpresa lehiakortasuna eta ekintzailetza babestea. Turismo enpresen lehiakortasuna sustatuz eta turismo ekintzailetza, berrikuntza eta digitalizazio prozesuak lagunduz.
11. ildoa. Lanabes eta irtenbide teknologikoak gehitzea. Teknologiak modu eraginkorrean hartzea erraztuz, bisitariari arreta pertsonalizatua eskaintzeko bidaiaren ziklo osoan, eta kudeaketa inteligentea.
12. ildoa. Ekosistema arduratsua garatzea. Jasangarritasuna aldaera hirukoitzean sustatzea lagunduz, Bilbao Bizkaiko ekosistemarako turismo arduratsurako jarraibideak formulatuz.
13. ildoa. Talentua indartzea. Sektoreko profesionalen gaitasunak indartzea, talentua erakartzea, atxikitzea eta garatzea, turismo sektorekoa zein sektore horrekin lotutako beste batzuetakoa.
14. ildoa. Bisitariari arreta Bisitariaren esperientzia maximizatuz, turismo informazioko bulegoen bidez emandako arreta hobetzeko ekintzen bitartez.

Marketinaren esparruan:
15. ildoa. Nortasun turistikoa indartzea. Bilbao Bizkaia markaren ikusgarritasuna eta pertzepzioa indartuz eta areagotuz, jomugaren nortasuna indartzeko jarraibideak formulatuz.
16. ildoa. Merkatuetan merkaturatu eta sustatzea. Turismo produktu eta zerbitzuak aukeratutako publiko eta merkatuetan promozionatu eta merkaturatuz.
17. ildoa. Promozio jarduerari euskarri ematea. Bilbao Bizkaia jomugaren promozio jarduna garatu ahal izateko beharrezko euskarri ekintzak garatuz.

Gobernantzaren esparruan:
18. ildoa. Gobernantza eredua indartzea. Gobernantzaren bilakaeran lagunduz, ekosistema osatzen duten eragileekin modu aktibo eta egituratuan lankidetzan arituko den eredua indartuz.
19. ildoa. Adimen turistikoaren eredua garatzea. Behaketa turistikoaren eredua eraldatuz adimen eredu aurreratu baterantz, erabakiak hartzea modu jarraituan babestuko duena.

ESTRATEGIA EZARTZEA ETA JARRAIPENA EGITEA

Bilbao Bizkaia Turismo Estrategia 2030 egitasmoko jarduketen ezarpena Kudeaketako Urteko Planen bidez antolatuko da, urtez urte garatuko diren proiektu eta ekintza zehatzak planifikatzeko.

Turismo Estrategia betetzea bi mailatan egingo da. Alde batetik, hiru adierazle desberdinen bidezko jarraipen eredua garatuko da; adierazleak berariazko helburuei, Garapen Jasangarrirako Helburuei eta proiektuei lotutakoak izango dira. Horietako lehenengoari esker, 2030 horizonte osoan zehar eskuratutako lorpen nagusiak ezagutu eta neurtu ahal izango ditugu.

Bigarren adierazleari esker, estrategia jasangarritasunari dagokionez ingurumen, ekonomia eta gizarte inpaktuko esparruekin zenbatean lerrokatuko den identifikatuko dugu. Azkenik, azken adierazleari esker, kudeaketako urteko planetan aurreikusitako proiektuen ezarpen maila xehetasunez jakingo dugu, ezarritako jarduketa bakoitzaren garapena, neurketa eta kontrola erraztuz.

Ekintza hauek, halaber, bi ebaluazio motaren mende egongo dira: etengabeko monitorizazioa eta azken txostenak. Horietako lehenak lehenago adierazitako adierazleen betetzea, ezarpena eta ekarpena jasoko ditu (berariazko helburua, GJH eta proiektuak). Bigarrenaren kasuan, bi azken txosten egingo dira, eta Turismo Estrategiaren bi une gakoren ondorio nagusiak bilduko dituzte: 2024an, berreskurapen agertokia bukatzean, eta 2030ean, bertan adierazitako horizontea amaitzean.

URRATS BERRIAK: KANPO SUSTAPENAREN EGUTEGIA 2022AN

2022an Bilbao Bizkaiak merkatu ugariko promozio egutegiari ekin dio berriz ere. Hala, urtarrilean FITUR azokan egon ondoren, Madrilen, merkatu nagusi finkatuetan hainbat ekintza egingo dira, tartean Frantzian, Erresuma Batuan, Alemanian, Estatu Batuetan, Italian, Herbehereetan eta Suitzan.

Horietan artean nabarmendu behar da online zein aurrez aurre turismo bitartekaritzako ekitaldietan izango garela, Frankfurt, Dusseldorf, Zurich eta New Yorken; horrez gain, jomuga turismoan espezializatutako hedabideen aurrean aurkeztuko da, Bartzelonan, Milanen, Parisen eta Amsterdamen, eta Europa mailako turismoko nazioarteko azoka handietan ere parte hartuko da, besteak beste, ITB Berlin, Londresko World Travel MarketTravel Match Oslo eta Matka Helsinki azoketan.

Horrez gain, sektoreko azoketan ere presentzia izango du jomugak, Sea Trade Miami (itsas bidaien turismoa), IGLTA Milan (LGBT turismoa), Routes Bergen (aire bidezko konektibitatea) eta ILTM Cannes (luxuzko turismoa) azoketan, besteak beste.