Urtarrila 18
-
Bilboko alkate Juan Mari Aburto, Ekonomia Sustatzeko foru-diputatu Ainara Basurko, Lurralde-lehiakortasuneko eta Turismoko zuzendari Cristina Múgica eta Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzi Xabier Ochandiano FITURen hasierako ekitaldian izango dira gaur Bilbao Bizkaiko marka sustatzeko.
-
Oraingoan, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak kostaldea, ekitaldiak eta agertoki zinematografikoak sustatuko dituzte hiribilduko eta lurraldeko erakargarritasun nagusi gisa.
-
Aurtengo ekitaldi nagusia izango da, besteak beste, FRANTZIAKO TOURRAREN Grand Départ, mundu osoan garrantzi eta eragin mediatiko handia duen kirol-ekitaldia.
Bilboko alkate Juan Mari Aburto, Ekonomia Sustatzeko foru-diputatu Ainara Basurko, Lurralde-lehiakortasuneko eta Turismoko zuzendari Cristina Múgica eta Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzi Xabier Ochandiano lantalde teknikoekin izango dira FITURen hasierako ekitaldian, Bilbao Bizkaiko marka sendotzeko eta erakargarritasun nagusiak zein produktu turistiko berriak aurkezteko.
Horretarako, egun hauetan, kostaldeari, ekitaldiei eta zinemako agertokiei buruzko katalogo bana aurkeztuko dute FITUR azokan, hiribilduko eta lurraldeko erakargune handiak diren heinean. Argitalpen zainduak izango dira, eta azkenaldian bi erakundeek garatu duten turistak egokitzeko politika indartzeko zein identitate propioko eta kalitatezko eskaintza bat irudikatzeko helburua dute.
BILBO ETA BIZKAIKO KOSTALDEA: ITSASALDEKO BEREIZGARRI PAREGABEA
FITUR da katalogo hori ezagutzera emateko aukeratutako espazioa, eta helburu nagusia da Bilbao Bizkaiko kostaldearen 150 kilometroen garrantzia nabarmentzea, non honako hauek ditugun, besteak beste: Urdaibaiko Biosfera Erreserba, Gaztelugatxeko Doniene, Santa Katalina itsasargia, Lekeition, edo Bizkaiko flyschen ibilbidea.
Horrez gain, Bilbao eta itsasadarra —hiriaren oinarria— hartzen ditu barne hiribilduaren zein lurraldearen merkataritza- eta turismo-erreferente gisa, eta aukera ematen du erabat leheneratutako urbanismo berri batean eta abangoardiako arkitekturaren arten mugitzeko, paseatzen zein kirola egiten gozatzeko.
THE PLACE TO BE: EKITALDI GARRANTZITSUAK
Halaber, askotariko ekitaldiak antolatzeko eta horietaz gozatzeko helmuga gisa ere sustatu nahi dute Bilbao Bizkaia. 2023ko ekitaldi nagusia Frantziako Tourraren Grand Départ izango da. Tourra garrantzi eta eragin mediatiko handiena duen nazioarteko kirol-ekitaldietako bat da. Txirrindularitzaren zaleentzako agertoki goren honen 110. edizioa Bilbotik abiatuko da 2023ko uztailaren 1ean, eta lurraldeko zenbait toki zeharkatuko ditu.
Horrez gain, Bilbao Bizkaiak makina bat proposamen ezagun ere baditu. Horien artean, bereziki aipagarriak dira nazioarteko musika- eta zinema-jaialdiak, hala nola Bilbao BBK Live (uztailak 6-8) eta Zinegoak, LGTBIQ+ esparruko zinemaren eta arte eszenikoen jaialdia, arte-erakusketak ere badaude, eta arlo horretan Guggenheim Museoa da protagonista. Gainera, munduan bakarrak diren jaiez gozatzeko aukera dago: Aste Nagusia edo Madalen Eguna Bermeon. Gainera, kulturarekin eta nortasunarekin lotutako beste ekitaldi batzuez gozatzeko aukera dago, hala nola Durangoko Azoka edota Laboral Kutxa Punta Galea Challenge delakoa, olatu handien gaineko Europako txapelketarik zaharrena, baita beste zenbait ekitaldi ere.
BILBO, ZINEMA ARETO. BIZKAIA, ESZENATOKI PAREGABEA
Azken berritasun handi horren helburua da zazpigarren artearen zaleek film eta serie arrakastatsuetako eszenatoki izan diren Bilbao Bizkaiko askotariko tokien eskaintza deskubritzea.
Rocadragón gaztelua, Gaztelugatxeko Donieneko istmoan Game of Thrones telesailerako birsortu zena; Lagako hondartza, zeina Urdaibaiko Biosfera Erreserban baitago eta Akelarre filmerako kokaleku gisa balio izan baitzuen, edota Bilboko Mazarredo zumarkalea, non 007 agentea, Pierce Brosnan, bosgarren solairutik jaitsi zen Michael Apted zuzendariaren El mundo nunca es suficiente filmean, zeinean Guggenheim Museoa ageri baita. Film hori izan zen, hain zuzen ere, nazioarteko zinemaren munduak Bilbao Bizkaian izan zuen lehen esperientzietako bat.
Duela gutxi, Intimidad izeneko telesaila sortu zen, Itziar Ituño aktorearekin. Bigarren astean 30 milioi ikusle baino gehiago izan zituen Netflixen. Hala, ingelesezkoa ez den telesailik ikusiena bihurtu zen plataforma horretan, eta zortzigarrena mundu osoan. Hauexek dira lurraldea agertoki gisa izan duten beste lan batzuk: Gernika, Koldo Serrarena, El árbol de la sangre, Zeanurin grabatu zena, Cinco lobitos —zati bat Mundakan grabatu zen—, edo Irati, Paul Urkijo euskal zuzendariarena, zeina otsailaren 24an estreinatuko den.