Bilbao Bizkaiak merkatu berrietara zabaldu eta 2023rako bere sustapen planean garatuko dituen ekintzen intentsitatea mailakatu du

Otsailak 9

  • Herbehereak eta Estatu Batuak lehentasunezko merkatu gisa sartzen dira, lehenengoaren kasuan azken urteotan herrialde horretako bisitari gehiago izan ditugulako eta, bigarrenaren kasuan, Asiako ezegonkortasun turistikoaren ondorioz Europan turista estatubatuarren kopuruak gora egin duelako.

  • Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak intentsitate maila ezberdinak ezarri dituzte merkatuetan jarduketak garatzeko; merkatu horien artean Irlanda eta Suitza nabarmentzen dira, bietan programatutako ekintzen intentsitate handiagatik.

  • Europako hiru merkatu berri aztertuko dira: Baltikoko herrialdeak, Europako ekialdea eta Grezia; eta hegazkin-konpainiekin lankidetzan Turkia, Ekialde Ertaina eta Asiako urruneko merkatuak indartuko dira.

  • Urtero egiten den marketin digitaleko kanpaina Erresuma Batura, Alemaniara, Belgikara eta Danimarkara zuzenduko da aurten.

  • Sustapen-ekintza hauek eta Bilbao Bizkaia 2030 Turismo Estrategiaren garapenari lotutako beste batzuk gaur aurkeztu dira BECen lurraldeko turismo-sektoreko 300 ordezkarik baino gehiagorekin egin den ekitaldian.

Bilbao Bizkaiak aurten nazioarteko merkatu berriak sustatzeko bere urteko plana ireki du eta planaren xede diren merkatu guztietan garatuko dituen marketin-ekintzen intentsitatea mailakatu du. Estrategia honen helburua eskaria suspertzea eta, horrela, datozen hilabeteetan hiriko eta lurraldeko turismo-ekonomian eragina izatea da.

Zehatzago esanda merkatu berriak honako hauek dira: Herbehereak, Estatu Batuak, Eskandinaviako eta Baltikoko herrialdeak, Turkia, Ekialde Ertaina, Grezia, Polonia eta Txekiar Errepublika. Jarduketa hauek eta Bilbao Bizkaia 2030 Turismo Estrategiaren hedapenarekin lotutako beste batzuk gaur aurkeztu dira BECeko Luxua Aretoan lurraldeko turismo-sektoreko 300 ordezkari baino gehiagorekin egin den ekitaldian.

Turismoa sustatzeko plangintzan sartzen diren merkatu hauek lehentasun-maila desberdinak dituzte euren ezaugarrien arabera, eta azken urteetan lantzen ari diren beste merkatu batzuen osagarri dira. Horrela Herbehereak eta Ameriketako Estatu Batuak lehentasunezko merkatutzat hartzen dira, lehenengoaren kasuan azken urteotan herrialde horretako bisitari gehiago izan ditugulako eta, bigarrenaren kasuan, Asiako ezegonkortasun turistikoaren ondorioz Europan turista estatubatuarren kopuruak gora egin duelako.

Eskandinaviako eta Baltikoko herrialdeak aukera-merkatuak dira, Air Baltic airelineak Rigan duen eta Finlandia, Letonia, Estonia eta Lituaniarekin konektatzen duen Baltikoko HUBari esker duen konektibitate berriagatik. Eta Turkia, Ekialde Ertaina, Grezia, Polonia eta Txekiar Errepublika merkatu taktikoen artean daude, Turkish Airlinesekin konektibitatea eta lan-esparrua berreskuratu direlako, eta azken urtean turista greziarren kopuruak gora egin duelako eta pixkanaka Europa ekialdetik datozen bisitarien kopuruak gora egin duelako.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak merkatu hauetan eta beste batzuetan gure destinoa sustatzeko egingo dituzten ahaleginak mailakatu egingo dira eta, horrela, ekintzak garatzeko intentsitatea bost aldagaik markatuko dute:

  • Merkatu bakoitzak Bilbao Bizkaiari ematen dion bisitari-bolumena, termino absolututan.
  • Merkatu horretako sarreren eta gaualdien hazkundea urtean zehar.
  • Herrialde guztiekiko konektibitatea handitzea, bai maiztasunari dagokionez, bai plaza-kopuruari dagokionez.
  • Merkatu horien guztien errentagarritasuna aztertzea, herrialde bakoitzeko turistek duten erosteko ahalmenari eta gure lurraldean egiten duten batez besteko gastuari lotuta.
  • Eta azken urteetan ezarritako harreman komertzial edo instituzionaletan hautemandako aukerak, baita gai makroekonomikoetan oinarritutakoak ere.

Horrela 2023an Estatu Batuak, Herbehereak, Irlanda eta Suitza izango dira jarduketa-intentsitate handiko merkatuak. Estatuan, Frantzian, Alemanian, Erresuma Batuan, Italian, Portugalen eta Belgikan intentsitate ertaineko ekintzak egingo dira, eta intentsitate baxuagoarekin jardungo da Argentinan, Mexikon, Danimarkan, Norvegian, Suedian, Finlandian, Herrialde Baltikoetan, Europako ekialdean, Turkian, Ekialde Ertainean, Asian eta Grezian.

40 MARKETIN-EKINTZA BAINO GEHIAGO

Merkatuen lehentasun-maila eta merkatu bakoitzerako ezarri den intentsitatea kontuan hartuta, foru erakundeak eta udalak marketin-plana egin dute 2023rako. Plan honetan berrogei ekintza baino gehiago jaso dira, publiko orokorrari, sektoreko profesionalei eta enpresei eta herrialde horietan espezializatutako komunikabideei zuzenduak.

Horrela GastroXperience Bilbao Bizkaia, gastronomia eta Bilbao Bizkaiaren erakargarritasun nagusien bisita birtuala batzen dituen murgiltze esperientziaren ekitaldi berriak garatuko dira Hanburgo, Londres eta Bruselan apirilean zehar, eta Madrilen ekainean. Gainera, ekitaldi horiekin batera, Londresen eta Hanburgon workshop bana egingo da, sektoreko profesionalen arteko lan-topaketak; mota horretako bilera horiek egingo dira, halaber, Zurichen (urrian), Dublinen (maiatzean), Anberesen (azaroan) eta New Yorken (abenduan).

Dublinen (maiatza), Lisboan (iraila), Erroman (iraila), Oslon (iraila), Bordelen (iraila), Zurichen (urria), New Yorken (abendua), Bostonen (abendua) eta Toronton (abendua) ere 360Xperience Bilbao Bizkaia ekitaldiak egingo dira. Esperientzia horietan errealitate birtualeko betaurrekoak erabiltzen dira jarduera murgiltzaile baten bidez Bilbao Bizkaia ezagutzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak ezarritako planak turismo-sektoreko profesionalek eta bitarteko espezializatuek Los Angeles, Kopenhage, Düsseldorf eta Frankfurtera -joan den urtean workshopak garatu ziren tokietara- eta Portugalera bidaiak egitea aurreikusten du.

Era berean aurreikusita dago marketin digitaleko kanpaina berri bat garatzea, kasu honetan Erresuma Batuko, Alemaniako, Belgikako, Irlandako eta Danimarkako merkatuetara bideratua, eta comarketing intentsiboko kanpainak egitea Vueling eta Volotearekin. Aurten, gainera, Bilbao Bizkaia sustatzeko lankidetza-ildo horri jarraiki, hitzarmenak sinatuko dira besteak beste Air Baltic, Turkish Airlines eta Wizz Air airelineekin.

NAZIOARTEKO EKITALDI NAGUSIAK

Horren guztiaren osagarri Bilbao Bizkaiak turismoari lotutako nazioarteko azoka eta ekitaldi nagusietan parte hartzeko apustuari eusten dio, eta horien artean daude Londresko World Travel Market, Berlingo ITB edo Fitur, eta baita beti parte hartzen duen beste batzuetara joateko ohiturari ere, besteak beste aire-konektibitateko foroak (adibidez Connect edo Routes), premium segmentukoak (ILTM Cannes), LGBTI (IGLTA Puerto Ricon eta Proud Experiences Los Angelesen) edo itsas bidaietakoak (Sea Trade, Miamin).

Kanpo sustapeneko jarduketa horiekin batera Bilbao Bizkaiak bisitariak erakartzeko balio duten ekitaldi sorta garrantzitsua du. Ildo horretatik aurtengo erakargarritasun nagusien artean FRANTZIAKO TOURRAREN GRAND DÉPART nabarmentzen da, nazioartean proiekzio eta inpaktu gehien duen kirol-ekitaldietako bat. Txirrindularitzaren zaleentzako hitzordu handi honen 110. edizioa Bilbotik abiatuko da 2023ko uztailaren 1ean eta lurraldeko hainbat leku zeharkatuko ditu.

Nazioarteko mailako musika eta zinema jaialdiak, Bilbao BBK Live, uztailak 6-8, edo Zinegoak bezalakoak; LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdia; Aste Nagusia moduko jaiak; Durangoko Azokaren gisako kulturarekiko hitzorduak; eta Laboral Kutxa Punta Galea Challenge moduko kirol probak Bilbao Bizkaiak 2023an duen ekitaldi eskaintza osoaren lagin txikia baino ez dira.

Sustapen-ekintza eta ekitaldi hauekin batera Bilbao Bizkaia 2030 Turismo Estrategiaren barruan aurten ere adimen turistikoko sistema garatzeko eta estrategia hori gauzatzeko ardatzari lotutako sektoreari laguntzeko dekretuak sendotzeko lanean jarraitzen dugu.

EKITALDIA SEKTOREAREKIN BEC-EN

Destinoa sustatzeko jarduketen egutegia gaur aurkeztu da lurraldeko turismo-sektoreko 300 ordezkari baino gehiagoren aurrean –harrera-agentziak, ostatuen ordezkariak, ekitaldien antolatzaileak, landa-ostatuak, turismo-sektoreko enpresa-elkarteak, kudeaketa-erakundeak, turismo-bulegoak, udalak… – BECeko Luxua aretoan egin den ekitaldian.

Fokus On lelopean eta Bilbao Bizkaia 2030 Turismo Estrategia irudikatzen duen itsasargi baten irudia erreferentziatzat hartuta, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak pandemiari aurre egiteko hartutako neurriak eta jasangarritasun ekonomiko, sozial, kultural eta ingurumenekoari dagokionez turismoaren hazkundea sendotzeko ekitaldi honetan zehar garatuko diren ekintzak zehaztu dituzte.

Fokus On - Bilbao Bizkaia 2030 Turismo Estrategia