Maiatzak 14
-
Ekonomia Sustatzeko foru-diputatua den Ainara Basurko eta Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia den Xabier Ochandiano elkarrekin joan dira FITUR azokarekin duten urteko hitzordura. Oraingoan, erakargarri tradizionalak eta turismo-produktu berriak eraman dituzte.
-
Helburu nagusia sektorea berraktibatzea da, baina segurtasunez eta osasuna babestuz. Horrez gain, tokiko eskaria bultzatu nahi da eta estatuko merkatua suspertu, bai eta turismoaren industria babestu ere, enpresei zein enpleguei eutsi ahal izateko.
-
Lau jarduera berri hauek aurkeztu dituzte: Athletic esperientzia, familia-turismoa, turismo inklusiborako web-atari berria eta landa-eskaintza.
Bilbao BizkaiaFITUR azokara itzuli da turismo-eskaintza bertan aurkezteko, sektorea berraktibatzea da asmoa, eta, horretarako, lau turismo-produktu berri aukeratu ditu: Athletic Experience, familia-turismoa, turismo inklusiboa eta landa-turismoa. Pandemiak ekarri digun urte gogorraren ostean, eta turismoa sektorerik kaltetuenetako bat izan dela kontuan hartuta, Bilbao Bizkaiaren eskaintzan hazkunde inklusibo eta iraunkorra bermatu nahi dira, betiere, osasuna eta segurtasuna babestuz.
Ekonomia Sustatzeko foru diputatua den Ainara Basurko eta Bilboko Udaleko Garapen Ekonomikoa, Merkataritza eta Enplegua Saileko zinegotzia den Xabier Ochandiano izango dira hitzorduan, eta hiriaren zein lurraldearen turismo-erakargarritasunak nabarmentzeaz gain, Europako turismo-azoka garrantzitsuenetako batean tokiko industria, enpleguak eta lekuaren garapena babesten egoteak duen garrantzia azpimarratuko dute. Xede nagusia tokiko eskaria sustatzea eta estatuko merkatua suspertzea dira.
Bilbok eta Bizkaiak maiatzaren 19tik 23ra antolatu den FITURen aurtengo edizioan aurkeztuko dituzten berritasunei dagokienez, pandemia-garaian eskuratutako ohitura berrietatik sortu diren bisitarien profil berriak aztertuz prestatu dira, hiriaren zein lurraldearen turismo-azpiegituren eta -baliabideen garrantzia azpimarratzeko eta hurbileko eskaria epe laburrean sustatzeko.
BILBAO BIZKAIA ZURI-GORRI ETA FAMILIAREKIN
Hori horrela, Athletic Experience gida editatu da, non Athletic esperientzia bizitzeko gonbidapena egiten den, Bilbo eta Bizkaiko turismo-ikono bat den aldetik. Eskaintza zuri-gorriaren bitartez, milaka zalek mundu osoan partekatzen duten kirol ospetsuenaren pasioa eta San Mameseko futbol-zelaia uztartzen dira, zeina munduko kirol-eraikinik onena izendatu zuten 2015. urtean. Bestalde, Athletic Club Museoa dago bertan, Bizkaiko hirugarren museorik bisitatuena (atzerriko bisitariak: % 70), bai eta MICE espazio bat ere, mota guztietan ekitaldi profesionalak antolatzeko erabiltzen dena.
Familia-turismoa, batez ere, udan egiteko, baina oso ugaria Aste Santuan ere bai. Batez beste, bost eguneko egonaldiak egiten dira, eta sektorea berraktibatzeko aukera nagusietako bat da. Familientzako prestatutako liburuxkan, oinez zein bizikletaz egiteko askotariko ibilbideak jaso dira hiribildua, kostaldeko lekurik esanguratsuenak eta Bizkaiko barrualdea oso-osorik ezagutzeko, bai eta euskal gastronomiaren errezetarik gozoenak eta euskal esentzia osatzen duten elementuak ere, hala nola euskara, folklorea edo herri-kirolak.
Bi gida prestatu dira, eta eskuragarri egongo dira hemen: bilbaoturismo.net eta visitbiscay.eus
TURISMO INKLUSIBOA
Bilbao Bizkaian, halaber, premia bereziak dituzten pertsonak turismo-esperientziaren epizentroan egotea lortu nahi da. Askotariko desgaitasunak edo mugikortasun- zein komunikazio-arazoak dituzten pertsonek eskaintza zehatz bat eskatzen dute, zeinaren bitartez honako zerbitzu hauek baloratu ahal izango dituzten, baina norberak bizi duen egoera oinarri hartuta: ostatuak, garraioak, jarduerak, turismo-erakargarritasunak, informazio-bulegoak eta abar.
Horretarako, bidaiatzeko orduan sor daitezkeen premia nagusiak konpontzeko hiru atal dituen webgune bat jarri da martxan. Hauek dira gaiak: ostatuak, ibilbideak eta espazioak. Webgunean informazioa zehatza eskaini da, eta, horren bitartez, 77 hoteletako, 32 espazio interesgarritako eta 35 ibilbidetako zerbitzuen eta azpiegituren irisgarritasun-maila baloratu daiteke. Gaur egun, beste 92 landetxe eta basetxe eta 9 espazio interesgarri daude ebaluazio-prozesuan.
LANDA-TURISMOA
FITURen azken apustua Bilbok eta Bizkaiak landa-turismoan eskaintzen dituzten ontasunak nabarmentzea da, pandemia hasi zenetik interes handiagoa erakutsi baita mota horretako turismoan. Turisten profil berriak eragin du landa-turismoaren eskaintza suspertzeko eta eskarirako produktu erakargarriak diseinatzeko premia, masifikazioa ekidin eta ongizate fisiko zein mentala lortu nahia, bai eta distantzia laburreko bidaia gehiago egitea eta benetako esperientzia pertsonalizatuak nahi izatea ere.
Gaur egun, bereizten gaituzten elementuetan oinarritzen den turismo-produktu lehiakor bat landu nahi da, bereizgarri hauek aintzat hartuta: landa-nortasuna, kultura, euskara, paisaia, artisautza eta betiko lanbideak, enogastronomia, tradizioa, lehen sektorea eta baserria, euskal landa-inguruaren bizitza islatzen duen unitate integratzaile eta elementu nagusi gisa.
FITUR, EUROPAKO TURISMO-AZOKARIK GARRANTZITSUENETAKO BAT
FITUR turismoaren profesionalak biltzeko topagune globala da, bai eta Iberoamerikako merkatu hartzaile eta igorleentzako azokarik garrantzitsuena ere. Orain arte urtarrilean egiten zen azoka, baina aurtengo edizioan datak aldatu dira, eta maiatzaren 19tik 23ra antolatuko da, hitzordu honek turismo-industrian duen nazioarteko eragin handia kontuan hartuta. Horrela, munduko turismo-jarduerarako hain beharrezkoa den bultzada lortu eta enpresa, herrialde zein lekuetako topaketa profesionalak erraztuko dira.