Azaroak 18
-
Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako roadshow-ean parte hartu duten Bizkaiko 14 enpresek egiaztatu dute gure destinoak interes handia pizten duela Frankfurt eta Düsseldorf hirietan, eta harremanak izateko eta topaketetara joan diren eragile turistiko germaniarrekin akordioak lortzeko aukera izan dute.
-
Ekimen hori sustatu duten bi erakundeek ere interes hori antzeman dute, batez ere landa-eskaintzagatik eta gastronomiagatik, eta roadshow-ean parte hartu duten agente germaniarren kalitate bikaina azpimarratu dute.
-
Hedabide espezializatuen arteko sustapena errealitate birtualeko betaurrekoekin murgildutako esperientzien bidez egin da, eta datozen hilabeteetan Bilbo-Bizkaira bidaiatzeko akordioak ixtea ahalbidetu du, gure destinoari buruzko erreportajeak egiteko eta, horrela, Alemanian sustatzen jarraitzeko.
Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Alemanian antolatutako roadshow-ari esker, lan-bilerak egin dira Bilbao Bizkaiko ordezkaritza osatzen zuten lurraldeko 14 enpresen eta 78 agentzia germaniarren artean. Topaketa horietan egiaztatu da gure destinoak interes handia duela Frankfurt eta Düsseldorfen. Hala berretsi dute parte hartu duten enpresek, aukera izan baitute harremanetan jartzeko eta workshop-etara joan diren agente alemaniarrekin akordioak lortzeko. Eta halaxe ikusi dute Bilboko Udalak eta Foru Erakundeak ere. Bi hirietan egindako saioetan Germaniako agentzien kalitate bikaina azpimarratu dute, eta adierazi dute beren ordezkariak harrituta agertu direla landa-eskaintza dela-eta, eta interes handia dutela Bizkaiko gastronomian.
Lan-bilera horiekin batera, Bilbo-Bizkaiko 360º formatuko aurkezpenak ere egin zaizkie turismo-gaietan espezializatutako komunikabideei, errealitate birtualeko betaurrekoak erabiliz murgiltze-esperientzia baten bidez. Aurkezpen horietan 36 kazetarik hartu dute parte, eta horiekin akordioak egin dira datozen hilabeteetan gure lurraldera bidaiatzeko, gure destinoari buruzko erreportajeak egiteko eta, horrela, destino hori Alemanian sustatzen jarraitzeko.
Emaitza horiekin, parte hartu duten enpresek, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak oso balorazio positiboa egin dute roadshow-ari buruz; izan ere, Alemaniako turismo-industriarekiko harremana sendotzen lagundu du, Bilbo-Bizkairako lehentasunezko merkatua baita, joan den udako datuek erakusten dutenez. Ekainetik irailera bitartean 30.731 pertsona sartu dira Alemaniatik gure hiribildura eta gure lurraldera. Hori aldi horretan bisitatu gaituzten atzerriko herrialdeetatik etorritako pertsona guztien % 10,1 da, Frantziak bakarrik gainditzen du ehuneko hori. Horregatik, milioi erdi biztanle baino askoz gehiago dituzten eta, gainera, Bilbokoarekin lotura zuzena duten aireportuak dituzten bi hiritan arreta jartzea erabaki zen.