Bilbao Bizkaiak kirol anitzeko 2022ko Europako Triatloi Txapelketa aurkeztu du

Otsailak 4

  • Bilbao Bizkaiak Kirol Anitzeko Europako Txapelketa hartuko du 2022ko denboraldian; hori baino lehen, 2021eko Distantzia Erdiko Espainiako Triatloi Txapelketa antolatuko, 2022an egingo diren nazioarteko txapelketen atariko gisa.

  • Hamar egunez, Bilbok eta Bizkaiak 30 herrialdetako 3.000 kirolari eta 5.000 laguntzaile baino gehiago hartuko dituzte, kirol anitzeko ekitaldi garrantzitsu honen baitan.

  • Bilbao Bizkaiarentzat 10 milioi euroko eragin ekonomikoa aurreikusten da.

Kirol Anitzeko Europako Triatloi Txapelketak sei Europako Txapelketa barne hartzen ditu: duatloia, duatloi krosa, akuatloia, triatloi krosa, distantzia erdiko triatloia eta aquabike. Europako tituluak jokoan izango dira, bai eliteen kategorian, bai adin-taldeen kategorian, hamar egunez Bilbon eta Bizkaiko hainbat tokitan egingo diren probetan: itsasadarrean zehar Getxorantz, Bermeon, Urdaibaiko Biosfera Erreserban eta Enkarterri eskualdean.

Horrez gain, ezin baita beste era batera izan, paratriatletek ere parte hartuko dute, batzorde antolatzaileak eta Espainiako Triatloi Federazioak inklusioarekiko duten konpromisoaren baitan.

Hainbat agintari bertaratu dira nazioarteko ekitaldiaren aurkezpenera, besteak beste: Bilboko alkatea, Juan Mari Aburto, eta Bizkaiko Ekonomia Sustatzeko diputatua, Ainara Basurko. Kirolaren arlotik, ondokoak izan dira: Espainiako Triatloi Federazioko presidentea, José Hidalgo; Europako Federazioaren ordezkaria, Alicia García, eta Euskal Triatloi Federazioko presidentea, Ibán Pérez.

EKITALDI GLOBALA: KIROLA, TURISMOA, KULTURA…

Kirol Anitzeko Europako Triatloi Txapelketa kirol-ekitaldi bat baino gehiago da. Kirolak osatzen duen ardatz nagusitik abiatuta, ekitaldi global honek funtsezko bost oinarri ditu: kirola, turismoa, kultura, gastronomia eta jasangarritasuna.

Horiek horrela, gutxienez 30 herrialdetatik etorritako 3.000 kirolari eta 5.000 laguntzaile baino gehiagok esperientzia paregabe bat biziko dute Bilbon eta Bizkaian, non herri honen balio tradizionalak kirolarekin eta ingurunearekin uztartzen diren, hiru ardatz natural hauek oinarri: kostaldea, itsasadarra eta mendiak eta parke naturalak. Horrez gain, tokiko ekonomian 10 milioi euroko eragin ekonomikoa sortzea espero da.

Hiru ardatz horietan paisaien aniztasuna eta edertasuna islatzen da, izan ere, zaila izaten da paisaia horiek bata bestearengandik hain hurbil ikustea. Ardatz horien bidez, eta lurraldeko hiriburua den Bilborekin batera, Bizkaiko historia eta nortasuna ulertzeko eta ezagutzeko aukera izango dute. Proiektu osoa ingurumenarekiko jasangarritasunean oinarrituko da. Halaber, Bilbao Bizkaian egingo den Kirol Anitzeko 2022ko Europako Triatloi Txapelketa honek aukera kultural, gastronomiko eta turistiko zabala eskainiko du.

JUAN MARI ABURTO, BILBOKO ALKATEA

Alkateak, Juan Mari Aburtok, azaldu duenez “Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia etengabe aritu gara COVID-19ak eragindako egoera honetatik lehenbailehen irteteko eta oinarriak finkatzeko formulak bilatzen. Prest egon nahi dugu biltzarrei, ekitaldiei, turismoari eta, bereziki, sektore horiek dakarten jarduera ekonomikoari eta enpleguari ateak irekiko dizkiegunerako”.

“Hain zuzen ere, gaur aurkeztu dugun ekitaldia lan horren emaitza da —azaldu du—, zehazki, joan den irailean, Bilboko Triatloia egin ostean, aukera izan genuen federazioaren interesak, presidentea buru zuela, gure interesekin uztartzeko. Hiru erakundeek bat egin dugu 2022an kirol anitzeko nazioarteko ekitaldi hau egin ahal izateko. Horri esker, ekitaldiak egiteko hiri aproposen erakustokian kokatuko dugu gure burua beste behin. Izan ere, txapelketa honen bidez, ondo pasatzeaz gain, bisitariak hartzeko aukera izango dugu, horrek dakarren eragin ekonomikoarekin eta irudi onarekin. Oso harro gaude kirol-festa handi honi ateak zabaltzeaz”.

“Bilbok eta Bizkaiak lanean jarraituko dugu maila handiko ekitaldi garrantzitsuak gurera erakartzeko. Munduan erreferente bat gara, baita helmuga oso erakargarria ere. Eta are gehiago izan nahi dugu pandemia amaitzen denean. Horregatik, jakizue gaurkoan aurkeztu dugun ekitaldia ekonomia eta enplegua sustatzeko eta Bilbo eta Bizkaia nazioartean kokatzeko sortuko edo erakarriko ditugun ekitaldietan lehenengoa baino ez dela”.

AINARA BASURKO, EKONOMIA SUSTATZEKO DIPUTATUA

Ekonomia Sustatzeko diputatu Ainara Basurkok Bizkaiaren dibertsitatea nabarmendu du, bai eta mota guztietako ekitaldiak hartzeko lurraldeak eskaintzen duen potentzial ikaragarria ere. «Hainbeste erakunderen konpromisoa eta lankidetza gabe, ezingo genuke halako tamainako hitzordu bat egin; handia da, zehazki, haren iraupenagatik eta lokalizazio ugarirengatik, bai eta parte-hartzaileen zein bisitarien kopuruagatik eta lurraldearentzat izango duen proiekzioagatik ere». Diputatuak adierazi duenez, milaka pertsona mugituko dira Bizkaia ezagutzeko: Bilbotik Enkarterrira, itsasadarraren alde bietatik igarota, gure natura-altxorretako bateraino, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaraino.

«Ekitaldi honek eutsi egiten dio Bizkaiaren hiru ardatzen inguruan, hau da, itsasadarraren, kostaren eta mendien inguruan turismoa garatzen jarraitzeko erronkari. Eta, gainera, turismoaren sektorearentzat aurrera begirako optimismo-mezu bat da, sektorea bereziki jasaten ari baita pandemiaren ondorioak», adierazi du Ainara Basurkok, amaitzeko.

JOSÉ HIDALGO, ESPAINIAKO TRIATLOI FEDERAZIOKO PRESIDENTEA

José Hidalgoren ustez, “Bilbao Bizkaia Triatloi kirol-proiektu bat baino gehiago izango da. Noski, kirol-ekitaldi europar bat izango da, kirolak mugiarazten gaituelako. Baina, 2022an kirola baino gehiago izan dadin nahi dugu: ekonomia, ostalaritza eta turismoa dinamizatzeko ekitaldi bat izatea nahi dugu eta, ingurumenarekin eta jasangarritasunarekin konprometitutako erakundea garen aldetik, baita jardunbide egokien erreferentea ere. Funtsezko arlo horrekin daukagun konpromisoagatik, etorkizunean erreferentea izan nahi dugu Europako eta mundu osoko antolatzaileentzat”.

“Europako Kirol Anitzeko Triatloi Txapelketa honi esker, Europako triatloiaren erreferente bilakatuko dira Bilbao, Bizkaia eta bere altxor naturalak. 2022ko kirol-ekitaldi hau aurkeztearekin batera hasiera emango diogu Espainiako eta Euskadiko Triatloi Federazioek Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Bilboko Udalarekin batera egin nahi dugun bideari, zeinaren bidez datozen urteetan Bilbo Bizkaia triatloiaren munduko erreferente bihurtu nahi dugun”.