Azaroak 14
-
Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkaritza batek lanerako topaketa bana izango du aste honetan Frankfurten eta Düsseldorfen.
-
Erakundeen ordezkariekin batera turismoaren sektorearekin loturiko hiribilduko eta lurraldeko hamahiru enpresa joango dira, aukera izango dutenak bertako bidaia-antolatzaile eta profesionalekin harremanak izateko.
-
2022ko udan gure hiribildura eta lurraldera bidaiari gehien bidali dituen atzerriko bigarren herrialdea da Alemania, eta bai Frankfurtek, bai Düsseldorfek hegaldi zuzenak dituzte Bilboko aireportura.
Aste honetan Bilbao Bizkaiak eskaintza turistikoa ezagutzera emango du Alemanian. Bertan roadshow bat egingo du, eta geldialdi bana egingo du merkatu tradizional horretako bi hiri garrantzitsutan . Bihar, asteartean, workshop bat egongo da Frankfurten. Ostegunean, berriz, beste lanerako topaketa bat egongo da Düsseldorfen.
Ekimena sustatu duten Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkaritza bat joango da Alemaniara, turismoaren sektoreari loturiko hiribilduko eta lurraldeko 13 enpresen ordezkariekin batera. Alemanian bertako bidaia-antolatzaile eta eragileekin bilduko dira, eta zuzen-zuzenean erakutsiko diete Bilbao Bizkaiaren eskaintza turistikoa. Gainera, aukera izango dute haiekin harreman zuzenak izateko.
Biharko Frankfurteko workshopa Oosten delakoan egingo da. Main ibaiaren ertzean kokatutako lokal gastronomiko bat da, portuko karga-garabi zahar bat baliatu duena gainean terraza jartzeko, hiriaren ikuspegi pribilegiatuak dituena. Ostegunean Düsseldorfeko beste lokal berezi batean bilduko dira, Seifenfabrikean, zeina xaboi-fabrika zahar batean kokatuta baitago. Bi kasuetan jardunaldiak bukatzeko Bizkaiko txakolinez uztartutako euskal gastronomia-dastaketa egingo da, euskal musika tradizionalez girotutakoa.
Workshop horiek egitearekin batera, zeinak hiribilduko eta lurraldeko enpresen eta Alemaniako profesionalen arteko B2B ereduko negozio-saioak izango baitira, topaketak antolatuko dira turismoan espezializatutako Alemaniako prentsarekin. Topaketa horietan, errealitate birtualeko betaurrekoen bidez, 360º-ko formatuko aurkezpenak egingo dira bertako kazetariei Bilbao Bizkaiaren xarma handiko elementu nagusietako batzuk erakusteko, murgiltze-esperientzia baten bidez haietaz gozatzeko aukera izan dezaten.
Roadshow horren helburua Alemaniako turismoaren industriarekin dagoen harremana indartzea da, Bilbao Bizkaiaren kasuan lehentasuneko merkatu bat baita, joan den udako datuek frogatzen duten moduan. Ekaina eta iraila bitartean 30.731 pertsona iritsi ziren Alemaniatik hiribildura eta lurraldera. Hau da, denbora-tarte horretan bisitatu gintuzten atzerriko herrialdeetatik etorritako pertsonen % 10,1 izan ziren. Frantziak baino ez du gainditu portzentaje hori. Horretarako, bi hiritan jarri da arreta: Frankfurt eta Düsseldorf. Biek dituzte milioi erdi bat biztanle baino gehiago eta hegaldi zuzenak Bilboko aireportura.
PROMOZIO-EGUTEGI BETE-BETEA
Alemanian zehar egingo den bidaia hori Bilbao Bizkaia helmugaren kanpoko promozioari dagokionez bete-beteta datorren udazken honen barruan dago. Hala, urrian Kopenhagen beste workshop bat egin ostean, hiribilduak eta lurraldeak nazioarteko ekitaldietara hurbildu dute eskaintza turistikoa, hala nola Global European Marketplace delakora eta World Travel Marketera, biak Londresen, baita Stockholmeko Travel News Marketera ere. Gainera, azaroaren 17an, ostegunean, eta 20an, igandean, Bilbao Bizkaia Valladolid hiriko Intur Azokan izango da, zeina barne-turismoan espezializatuta baitago. Abenduaren 5etik 8ra Cannesko ILTMn izango da, luxuzko bidaien industriaren topaketa nagusian.
Europatik kanpo, eta data berberetan, zehazki abenduaren 7an, beste workshop bat egongo da Los Angelesen (AEBn). Hori guztia begi bistatik galdu gabe Madrilgo nazioarteko azoka den FITURen dugun urteroko agerraldia, urtarrilean izango dena.