Ekainak 9
-
Ronnie Baker Brooks, Dana Fuchs, Fantastic Negrito, Raimundo Amador, Shemekia Copeland, Wax & Boogie feat Drew Davies, Noa & The Hell Drinkers, Blues Triumvirate, Flamingo Tours, Micky & The Buzz eta Travellin’ Brothers taldeak gehitu dira Bob Stroger legendarioa zegoen zerrendara, zeina Kim Johnson eta beste interprete batzuekin arituko den aldi baterako Chicago All Stars taldearekin.
-
Bilboko Udalak bultzatu duen jaialdiaren lehenengo edizioa uztailaren 29an, 30ean eta 31n antolatuko da Areatzan eta Guggenheim Museoan, eta, bestalde, blues generoko diva eta aitzindari afro-amerikarrei buruzko hitzaldi bat, boogie woogie eskolak eta haurrentzako kontzertu pedagogikoak antolatuko dira TopARTE programaren barruan.
-
Ekitaldi handi honetan, 15 kontzertu eta jarduera eskainiko dira ERABAT DOAN, eta, horren bitartez, hiribilduaren kultura dinamizatu nahi da, bai eta munduko musika-ikuspegiaren topaketarik garrantzitsuenetako bat izatea lortu ere.
Izarrez betetako kartela. Hala iragarri dute gaur Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia den Xabier Ochandianok eta “Bilbao Blues Festival” jaialdiaren lehenengo deialdiaren zuzendari eta musika-sustatzailea den Carlos Mallesek. Hitzordu oso berezia izango da komunikabideen aurrean, eta, gainera, Travellin’ Brothers tokiko taldearen musikarekin girotuko da udaletxean bertan.
Hauxe azaldu du zinegotziak: «Benetan merezi du; izan ere, hirian antolatuko den lehenengo blues jaialdia dugu, errepertorio bikainarekin eta doako kontzertu eta jarduerekin. Horrela, musika paregabez bete nahi dugu hiribildua, eta mundu guztiarengana iritsi». Honako hau gehitu du: «Udako ekitaldi bat da, eta, horren bidez, blues generoaren munduko zirkuituan sartu nahi dugu».
Hasiera emango dion edizio honek hiru egun iraungo du, uztailaren 29tik 31ra, eta interes handiko ezaugarriak izango ditu: figura garrantzitsuak, aire zabalean egitea, doan… Gainera, Bilbo erdigunean antolatuko da: Areatza eta Guggenheim Museoa.
Carlos Mallesen hitzetan. «askotariko egitaraua du jaialdiak; izan ere, jendeari blues generoaren barruan dauden estilo guztiak helarazi nahi dizkiogu. Horrela, blues klasikoaz, Chicagokoaz, Blues Rock delakoaz eta antzeko beste estilo batzuez gozatu ahal izango dute, hala nola boogie woogie, swing edo Rock and Roll klasikoa. Flamenkoaren ukitu bat ere izango da bertan, Raimundo Amador artistaren eskutik, BB King delakoarekin batera jotzen ibili den Espainiako gitarra-jole bakarra».
Helburu bikoitza du Bilbao Blues Festival jaialdiaren I. edizioak: zaleei Europako biretan parte hartu ohi ez duten artistez gozatzeko aukera ematea, eta ondo ezagutzen ez dutenei beste estilo batzuen oinarri ere baden (rock, pop, indie, soul…, esaterako) generoa deskubritzeko aukera ematea. «Jendeak musika-estiloa ezagutzea nahi dugu. Mundu guztiari gustatzen zaio blues kontzertu bat, nahiz eta generoaren ohiko kontsumitzaile izan ez. Ez da musikagatik bakarrik, sortzen duen giroagatik da», adierazi du Mallesek.
Travellin’ Brothers tokiko taldeak bere errepertorioko “Someone to love”, “Oh my river” eta “Coming Home” abestiak interpretatu ditu aurkezpenak iraun bitartean. Ibilbide luzearekin, 1.200 kontzertu eta 10 disko, hain zuzen ere, Travellin’ Brothers taldea izan zen European Blues Challenge 2015eko irabazlea Bruselan (Europako bandarik onena), eta, gainera, International Blues Challenge 2015eko finalistak izan ziren Memphis hirian (munduko 8 onenak). Bestalde, “backing band” izan da ospe handiko artisten bira eta kontzertu berezietan, besteak beste, Ian Siegal, Sugaray Rayford, Andy J. Forest, Earl Thomas, Raphael Wresnig, J.T. Lauritsen, Julian Maeso eta Ina Forsman artistekin ibili baita. Taldea Europa osoko klub eta aretoetan ibili da jotzen, eta AEBetatik egin dituen biretan ospe handiko lokaletan jo du, honako hauetan, esaterako: BMC edo Bluenile (New Orleansko Frenchmen Street kalean) edo BB King Club, 152 Club, New Daisy Theatre (Memphis hiriko Beale Street kalean), Memphiseko Orpheum Theatre handian edo Mississippiko Clarcksdale hiriko Reds Juke Joint delakoan.
MAILA GORENEKO ARTISTAK ETA BERTOKO TALDEAK SUSTATZEA
Bete da Bilbao Blues Festival jaialdiaren lehenengo ediziorako kartela, eta honako artista ospetsu hauek izango dira bertan: Ronnie Baker Brooks, Dana Fuchs, Raimundo Amador, Shemekia Copeland, Fantastic Negrito, Wax & Boogie feat Drew Davies, Noa & The Hell Drinkers, Flamingo Tours, Blues Triumvirate, Micky & The Buzz eta Travellin’ Brothers tokikoak. Generoaren figura handi horiek bat egingo dute aldez aurretik iragarritako artisten multzoarekin, non Bob Stroger dugun kide, zeina Kim Johnson artistarekin eta beste interprete batzuekin igoko den agertokira, aldi baterako Chicago All Stars banda sortuta.
Bilbao Blues Festival jaialdiaren I. edizioa uztailaren 29tik 31ra antolatuko da Areatzako eta Guggenheim Bilbao Museoko espazioetan, eta hiribilduko udalak egin duen kultura-apustu oso garrantzitsua da. Hiria dinamizatzeko eta Euskadin inoiz antolatu ez den ekitaldi hau mundu osora proiektatzeko asmoarekin egin da. Hiribilduaren erdigunea blues talderik ospetsuenen erritmora mugituko da, bai eta bertako zenbait talderen erritmora ere, zeinak ezagutzera emateko tranpolin gisa erabili ahal izango duten hitzordua.
ZAZPI KALEAK NEW ORLEANSEKO GIROAN
Ekitaldiari dagokionez, DOAN eskainiko diren HAMABOST KONTZERTU ETA JARDUERA baino gehiago antolatu dira. Kontzertuen agertokiak Areatzako PASEALEKUA ETA KIOSKOA izango badira ere, non boogie-woogie estiloko dantzaren eskolak doan eskainiko diren, musika-generoa ez da hor geldituko, eta ALDE ZAHARRERA iritsiko da, New Orleans hiriko estiloarekin, dixie band Granujas taldeak erritmo bizian egingo duen kalejirari esker. Kaleetan ibiltzen den musika-talde ibiltaria da, eta Jack eta Elwood bi anaien (izen bera duen film ezaguneko protagonistak) txotxongilo erraldoiekin batera ibiliko da kaleetan zehar. Errepertorioa Blues Brothers direlakoen eta generoaren beste klasiko batzuen lanekin osatuko dute.
BLUES GENEROAREN EMAKUMEEN ETA AITZINDARI AFRO-AMERIKARREN INGURUKO HITZALDIA ETA KONTZERTU DIDAKTIKOAK GUGGENHEIM MUSEOAN
Lehenengo edizioa Guggenheim Bilbao Museoaren auditoriumean programatu da, TopARTE programa eta pinakotekaren 25. urteurrenaren barruan, eta haurrentzako kontzertu pedagogikoak doan eskainiko dira blues estiloa belaunaldi berriengana hurbiltzeko. Diablues ta Bluezifer bikotea izango da jarduera didaktiko honetan parte hartuko duen taldea, eta Nagore Sanz kontrabaxu-jolearekin eta EiTBko Oihan Vega aurkezlearekin batera egingo dute. Euskarazko proiekzioak egongo dira.
Museoan, halaber, emakumearen eta blues generoaren inguruko hitzaldi bat antolatuko da: Divas y luchadoras: La mujer en la historia del blues (Diva eta borrokalariak: Emakumea blues-aren historian). Manuel López Poy kazetari eta idazlea izango da hizlaria, musika afro-amerikarrarekin eta blues generoarekin zerikusia duten zenbait libururen egilea eta Bartzelonako Societat de Blues delakoak argitaratzen duen urtekariaren zuzendaria. Kontakizunarekin batera, musika entzun ahal izango dugu zuzenean, Kataluniako Miriam Aparicio pianistaren eskutik, hau da, Big Mama Montse & Sister Marion taldeko kide, blues generoko Big Mama Montse abeslari kataluniar ospetsuarekin, eta TotaBlues Band taldeko kide izan dena. Aparicio, halaber, Bartzelonako Societat de Blues sozietateko kidea izan da.
Hitzaldian blues generoko dama handien bizitzari eta lanari lotutako irudiak eta gertaerak proiektatuko dira, honako hauenak, besteak beste: Ma Rainey, Bessie Smith, Mamie Smith, Ethel Waters, Memphis Minnie, Gladys Bentley edo Ida Cox. Aldi berean, emakume afro-amerikarrak omenduko dira argazkien bitartez. Horrela, askatasunaren alde borroka egin zuten emakume esklaboen ibilbide historikoa erakutsiko da, bai eta lehenengo feminista beltzena zein negozio-, hezkuntza-, arte- eta industria-aitzindariena ere.
Besteak beste, honako hauen ibilbideak azalduko dira: Harriet Tubman esklaboa, zeinak esklaboen ihesaldi bat antolatu zuen eta, gainera, armada nordistako espioia eta lehenengo emakume beltzetako bat izan zen; Frances Ellen Watkins Harper, eleberri bat idatzi zuen lehenengo emakume afro-amerikarra; Madam C.J. Walker, esklaboen alaba eta edertasun-produktuei esker lehenengo emakume beltz milioiduna izan zena, Bessie Coleman, lehenengo hegazkinlari afro-amerikarra 20ko hamarkadan; Ruby Bridges Hall, sei urte zituela zurientzat baino ez lehen Lehen Hezkuntzako ikastetxe batera, eskoltatuta, joan zen lehenengo neskatila, eta Angela Davis Pantera Beltzen aktibista.
BOB STROGER: BILBAO BLUES FESTIVAL SARIA
Bob Stroger (Haiti, Missouri, 1939) blues generoaren legendak, baxu-jotzaile eta abeslaria ere badenak, jasoko du Bilbao Blues Festival Sariaren txapela. Ibilbide luzean, XX. mendeko bigarren erdialdeko talderik garrantzitsuenetako kide izan zen Stroger: Ottis Rush, Jimmy Rogers, Sunnyland Slim, Willie Mabon, Snooky Pryor, Eddie Taylor, Pinetop Perkins…
70eko eta 80ko hamarkadetan, American Folk Blues Festival jaialdiko biren sekzio erritmikoa osatu zuen Oddie Payne artistarekin batera, eta beste batzuekin ibili zen, Carey Bell, Lousianna Red eta Jimmy Rogers kideekin, bestek beste. 90eko hamarkadan bere taldea zuzentzen hasi zen, eta mundu osoan kontzertuak eman zituen.
NAZIOARTEAN OSPETSUA DEN ERAKUNDE BAT
Jaialdiaren sustatzaileek, Crazy Blues, nazioarteko saririk garrantzitsuenak dituzte musika-generoa bultzatzeari dagokionez: BBSA saria, sustatzailea onenarena (Blues Behind the Scenes Award), Azoreetan European Blues Union delakoak emana, 2019. urtean, eta K.B.A. saria, nazioarteko jaialdi baten antolaketarik onenari (Keeping the Blues Alive), 2015. urtean emana, munduko aintzatespenik handiena, Memphis hiriko Blues Foundation-ek emana.