Urriak 17
-
Kongresu honen estreinako edizioa Fira Barcelona-n egingo da, 2022ko urriaren 19tik 21era, eta 7.000 profesional eta 250 enpresa joatea espero da.
-
Bilbok bere standa edukiko du, eta bertatik emango du jakitera Zorrotzaurreko uhartearen hiri-garapeneko proiektuaren potentziala, eskala globaleko kapitaleko eta inbertsioko merkatuen ordezkarien aurrean. Halaber, ekitaldiaren sarietan, “Higiezin-inbertsioko destino onenaren” kategorian finalista da Zorrotzaurreko irla.
Bilbok The District Show-ren lehenengo edizioan parte hartuko du. Nazioarteko topaketa hau erreferentziazkoa da higiezinen sektorearentzat. Urriaren 19tik 21era egingo da Fira Barcelona-ko erakusketa-pabiloian.
Invest in Bilbao markarekin, hiriaren hurrengo hirigintza-proiektuak ezagutzera emango ditugu Europako higiezin-sektoreko nazioarteko erreferenteen eta inbertsio-enpresen aurrean. Arreta berezia jarriko dugu Zorrotzaurreko irlaren hiri-garapeneko proiektuaren potentzialean.
Hain zuzen ere, Bilbok, Zorrotzaurreko irlarekin, “Higiezin-inbertsioko destino onenaren” kategorian finalista da, ekitaldiaren antolatzaileek urriaren 20an emango dituzten sarietan.
SEKTOREAN PISU HANDIA DUTEN 7.000 PROFESIONAL ETA 250 ENPRESATIK GORA
The District Show jaio da, Europako higiezin-sektoreko ekimen profesional nagusietako bat bihurtzeko helburuarekin. Sektoreko nazioarteko milaka erreferente biltzeaz gain, The District Show-k inbertsio-joera nagusiak erakusten ditu, nazioartean hirien eta barrutien egungo eraldaketa gidatzen ari diren etorkizuneko estrategiak definitzen ditu, eta hiri-garapeneko balio handiko proiektuak ezagutzera ematen ditu mundu osoko inbertitzaileen aurrean.
Lehen edizio honetan, sektorearen egoera kapital- eta inbertsio-merkatuen ikuspegitik aztertuko da, inbertsio-funtsak, sustapen-enpresak, higiezin-kudeatzaileak eta funts burujabeak barne.
Lehenbiziko hitzordu honetara 7.000 profesional eta 250 enpresatik gora etortzea espero da. Sektoreko enpresa garrantzitsuenak bertan izango dira: AEDAS Homes, Anticipa, CBRE, JLL, NEINOR Homes, Servihabitat eta beste batzuk. Foro honetan elkartuko diren profesionalen laurdena inbertsio- eta kapital-funtsen mundutik dator.
Ekitaldia Nebext-en eskutik dator: enpresa horrek elikaduraren teknologia eta berrikuntzari buruzko Food 4 Future nazioarteko gailurra antolatzen du, Bilbon dagoeneko bi edizio egin dituena.
AUKERA BIKAINA BILBOREN POTENTZIALA EZAGUTZERA EMATEKO
Bilbok city partner gisa parte hartuko du The District Show-ren inaugurazio-edizio honetan, nazioarteko higiezin-sektoreko adituei eta inbertsio-enpresei hiriaren hirigintza-proiektu berriak erakusteko.
The District Show-k erakusketa-zona bat dauka, sektorearen balio-proposamen berritzaileenak aurkezteko balio duena. Bilbok bere standa izango du erakusketen pabiloian. Bertan, Zorrotzaurreko irlaren hiri-garapeneko proiektua aurkeztuko du.
Horrela, Bilbok bat egingo du Bartzelona, Madril, Lisboa, Londres, Melbourne eta beste hiri batzuekin, ekitaldi honen aldeko apustua eginez, hiri-garapenari buruzko elkarrizketan sakontzeko eta balizko inbertitzaileak erakartzeko aukera delakoan.
Higiezin-sektorean lan egiten duten hainbat euskal enpresa joango dira ekitaldira, eta Invest in Bilbao postuan espazio bat izango dute, ikusgarritasuna izateko eta Bilboren potentzial handia parte-hartzaile guztiei erakusteko.
THE DISTRICT WORLD SUMMIT 2022: KAPITAL-ITURRI GUZTIEI BURUZKO EUROPAKO BILTZARRIK HANDIENA
The District Show-k, gainera, The District World Summit 2022 programan higiezinen alorreko Europako biltzarrik luzeena dauka: 270 ordu hitzalditan, 380 hizlarirekin, 6 aretotan. Horrez gain, 5 foro eskaintzen ditu industriaren intereseko gaiak jorratzeko (ondarea eta zorra, adimen artifiziala, deskarbonizazioa, joera berriak, …).
Biltzar honek mundu osoko ondasun higiezinen enpresa garrantzitsuenak erakartzen ditu, besteak beste Blackstone, Brookfield eta Stoneshield. Enpresa horiek gaur egun kapitalarentzat kezkagarriak diren joerak aztertuko dituzte, eta teknologia berriek eta ESG irizpideek sektorerako dakarten balio erantsian sakonduko dute.
Bilbok, bestalde, bere espazioa izango du The District World Summit 2022-an Zorrotzaurreko proiektua jendaurrean aurkezteko.
SARE SOZIALAK: