Urriak 2
-
Eurocities Europako metropoli sareak 38 herrialdetako 200 hiri baino gehiagoko 130 milioi pertsona ordezkatzen ditu, eta sare horrek Bizkaiko hiriburua hautatu du datorren urteko Garapen Ekonomikorako Foroa egiteko.
-
Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko zinegotziaren ustez, “berri bikaina da, berriro ere nazioarteko fokuan jartzen gaituena, etorkizuneko erronka handiak zehaztuko dituen topaketa baten lidergoa hartzeko“.
Bilbo Eurocities sarearen Garapen Ekonomikorako Foroaren egoitza ofiziala izango da 2024ko urriaren 23an, 24an eta 25ean. Foro horretan, Europako hiri nagusietako alkateak eta liderrak bilduko dira, bai eta Europar Batasuneko arduradun eta funtzionario ugari ere, erronka global handiei aurre egiteko hirien berrikuntzarekin eta paperarekin lotutako hainbat gai eztabaidatzeko.
Garapen Ekonomikorako Foroa urtero egiten den topaketa bat da, besteak beste hiri-garapenaren, tokiko politika ekonomikoen, berrikuntzaren eta ekintzailetzaren eta nazioarteko harreman ekonomikoen arloko ideiak eta jardunbide egokiak elkarrekin trukatzeko plataforma gisa balio duena. Helburua da hiriak eragile nagusi gisa kokatzea arlo ekonomikoan, era horretan bermatu ahal izan ditzaten herritarren ongizatea, berdintasuna, kohesio soziala eta abar.
Xabier Ochandiano Udaleko Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko zinegotziak adierazi du Bilbo topaketa horren egoitza izateko hautatzea “berri bikaina dela, berriro ere nazioarteko fokuan jarriko gaituelako, ditugun erronka handien aurrean etorkizuna aurreikusteko eztabaidetan lidergoa hartzeko“.
Eurocities sarearen Garapen Ekonomikorako Foroa Europako beste hiri batzuetan ere egin da lehenago; esaterako, Helsinki, Mannheim, Oulu edo Munich hirietan, eta hiru lantalde hartzen ditu ardaztzat:
- Bidezko Trantsizioaren finantzaketa: azpiegitura klimatiko, energetiko, digital eta sozialetan tokiko inbertsioa mobilizatzean oinarritzen da.
- Berrikuntza eta Ekintzailetza: hainbat gaitan interesa duten hiriak biltzen ditu. Gai horien artean daude berrikuntza-ekosistemak, laborategi bizidunak eta proba-bankuak, gaikuntza-estrategiak, inkubazioa eta abar. Bilbon egin zen lantalde horren topaketa 2022ko urrian.
- Hiriaren branding-a eta nazioarteko harreman ekonomikoak: enpresak eta talentua erakartzeko branding-estrategiekin, turismo jasangarriarekin, hiriguneak berroneratzearekin eta abarrekin lotutako gaiak ardaztzat hartzen ditu.
EUROCITIES, EUROPAKO HIRI HANDIEN KOMUNITATEA
Xabier Ochandiano zinegotziak azaldu duenez, hogeita hamazortzi herrialdetako berrehun hiri baino gehiago daude sare horretan, eta hiri horietan ehun eta hogeita hamar milioi herritar baino gehiago bizi dira. “Bilboren kasuan —esan du—, badira hogei urte baino gehiago Hiria Eurocities erkidegoaren parte dela.
Eurocities hiriek bertako biztanleen bizi-kalitatea hobetzeko egiten dute lan. Herritarren ongizateari zuzenean eragiten dioten gaiei buruzko ezagutza eta jardunbideak trukatzen dituzte elkarrekin; esaterako, klima-aldaketari, egokitzapen energetikoari, mugikortasun jasangarriari, hiri-zahartzeari, lankidetzari edo migrazioari eta integrazioari buruzko gaien inguruan.
Eurocities sareak tokiko gobernuei ere laguntzen die Europar Batasunak aldarrikatzen dituen politikak praktikan jartzen, eta Europar Batasunak eskaintzen dituen finantzaketa-aukerak lantzen ditu.
SARE SOZIALAK: