Financial Times egunkariak dio Bilbo atzerriko inbertsioa erakartzeko tamaina handiko hiririk onenen top 10ean sartu dela

Martxoak 15

  • fDi Intelligence aldizkariaren European Cities and Regions of the Future 2022-2023 izeneko sailkapenaren edizio honetan, Bilbo Europako 370 hiriren artean baloratu dute indar ekonomikoagatik, enpresa-ehunagatik eta finantza-ahalmenagatik, eta tamaina handiko hiritzat hartu dute.

  • Financial Times nazioarteko liderra da informazio ekonomikoari dagokionez eta bere aintzatespenak kalitate-zigilu bat dira horiek jasotzen dituzten hirientzat.

  • Gainera, fDi Intelligence aldizkariak Euskadi seigarren postuan kokatu du Top 10 Mid-Sized European Regions Of The Future 2023 – fDi Strategy izeneko sailkapenean.

Financial Times egunkari ospetsuak argitaratzen duen fDi Intelligence aldizkariak adierazi du Bilbo atzerriko inbertsio zuzena erakartzeko Europako tamaina handiko hamargarren hiririk onena dela.

fDi Intelligence aldizkariak argitaratutako European cities and regions of the future 2022- 2023 sailkapenaren edizio honetan, kuantitatiboki eta kualitatiboki baloratu dute Europako beste 370 hiriren artean.

Sailkapena egiteko, Europako hainbat eskualde eta hiritako sendotasun ekonomikoa, enpresa-ehuna eta gaitasun finantzarioak aztertzen dituzte.

Orain arte aldizkariak egindako sailkapenetan, Bilbo hiri ertain gisa sartu da; hortaz, aurten hiri handi gisa sartu izanak aurrerapausoak dakartza, bai Bilbok inbertsioetarako erakargune gisa duen nazioarteko aitortzan, bai hiribilduaren lehiakortasunerako eta gizarte-ongizaterako talentua erakartzeko eta finkatzeko duen garrantzian.

Izan ere, gaur egun, Zorrotzaurreko irla Bilbon eta lurralde osoan atzerriko inbertsioa eta talentua erakartzen jarraitzeko adierazle nagusia da, Berrikuntzako Hiri Barrutia den aldetik.

Hala, Bilbo da sailkapenean agertu den estatu osoko hiri handi bakarra, eta Europako zenbait hirirekin lehian dago, hala nola Porto (Portugal), Birmingham, Glasgow eta Manchester (Erresuma Batua), Anberes (Belgika) eta Göteborg (Suedia).

Horrez gain, fDi Intelligence aldizkariak Euskadi seigarren postuan kokatu du Top 10 Mid-Sized European Regions Of The Future 2023 – fDi Strategy izeneko sailkapenean. Lehenengo hiru postuetan Ipar Irlanda, Toscana eta Zürich daude, hurrenez hurren.

BILBO, EUROPAKO HIRI NABARMENA FINANCIAL TIMES-EN ARABERA

Financial Times taldea 2016. urtean hasi zen Bilbori aintzatespenak egiten. Hain zuzen ere, 2016an, hiribilduak bi sari jaso zituen fDi Strategy Awards sarietan: Smart City eta Education Cluster kategorietan, hiri-adimendunaren ereduan aurrera egiteko eta ezagutzan oinarritutako garapena sustatzeko egindako apustuari esker.

Argitalpena Atzerriko Inbertsio Zuzenaren mundu osoko fluxuak eta joerak aztertzen dituen nazioarteko aldizkaririk garrantzitsuena da. Financial Times nazioarteko liderra da informazio ekonomikoari dagokionez eta bere aintzatespenak kalitate-zigilu bat dira horiek jasotzen dituzten hirientzat.

SARE SOZIALAK: