Bilbok hamar postu egin du gora eta munduko hamalugarren hiririk erakargarri eta jasangarriena da, GDS indizearen arabera

Urriak 18

  • Bilbo estatuko lehen hiria da beste behin Global Destination Sustainability (GDS) nazioarteko sailkapenean; zerrenda horrek gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-jasangarritasunerako baterako estrategiak sortzeko konpromisorik handiena duten 100 hiriak sailkatzen ditu.

  • Iaz 24. postua lortu ondoren, hiriak sekulako jauzia eman du eta 14. postuan sailkatu da; hala, Paris, Berlin eta Dublin hiriburuak aurreratu ditu, besteak beste, eta Europa erdialdeko eta hegoaldeko hirugarren hiria da Bordele eta Zurichen atzetik.

  • Kontxi Claver, Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Enplegu eta Turismo Zinegotzia: “Albiste bikaina da gure hiriarentzat bilerak, hitzaldiak eta kongresuak egiteko helmuga iraunkor gisa“.

Bilbok hamalaugarren postua lortu du 2024ko Global Destination Sustainability (GDS) nazioarteko sailkapenean; horiek horrela, azken urtean hamar postu egin du gora, 2023ko urrian 24. postuan geratu ostean. Aste honetan Brujasen egin duten 2024ko GDS Foroan ezagutzera emandako emaitza horri esker, Bilbo Estatuko lehenengo hiri gisa sailkatu da beste behin sailkapen honetan, non gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-jasangarritasunerako baterako estrategiak sortzeko konpromisoa hartu duten mundu osoko ehun hirik baino gehiagok parte hartzen duten.

“Aparteko lorpen honen bidez, Bilbok Paris, Berlin eta Dublin hiriburuak aurreratu ditu besteak bestebaita Bartzelona hiria ere”, baloratu du Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Enplegu eta Turismo Zinegotzi Kontxi Claverrek. Sailkapena eskualdeka banatuz gero, Bilbok Europa erdialdeko eta hegoaldeko hirugarren postua eskuratu du, eta Bordele eta Zurich baino ez ditu aurretik.

Sailkapeneko puntuazioak emateko kontuan hartu da hiriek zenbait alderditan egindako ahaleginak, hala nola mugikortasun jasangarrian, emisioen murrizketan, uraren kudeaketan edo gizarte-ongizatean eta inklusioan egindakoak, bai eta turismo-sektoreko ekimen espezifikoak ere, esaterako, hotel-establezimenduei eta jatetxeei zuzendutako hondakinak gaika biltzeko programa berria.

Helsinki, Göteborg, Kopenhage, Bergen, Aarhus, Bordele, Singapur, Oslo, Belfast, Sydney, Aalborg, Glasgow eta Zurichek lortu dituzte lehen hamahiru postuak 2024ko sailkapenean, zeinak aipatutako alderdiei lotutako 75 itemen bidez hiriak ebaluatu dituen. Aurtengo emaitzak jauzi handia dakarkio Bilbori 2021ean lortutako 42. postuarekiko, urte horretan Global Destination Sustainabilityrekin bat egin baitzuen.

Indize horretan parte hartzeak, Bilboko Udalaren bidez eta Bilbao Convention Bureauren (BiCB) eskutik, helburu du garapen jasangarria hobetzeko dinamika bat ezartzea eta tokiko eragileek jasangarritasunaren arloan egiten duten lana aintzatestea.

GDS ETA GJH

Global Destination Sustainability indizeak, hain zuzen ere bilerak, pizgarri-bidaiak, hitzaldiak eta erakustaldiak (MICE) egiteko helmuga jasangarrien nazioarteko sailkapena egiten duenak, funtsezkotzat jotzen du 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) bat egitea, 71 itemen bidez.

Bilbao Convention Bureau Garapen Jasangarriaren Helburuen (GJH) alde ari da lanean 2021etik, Bilbao Arima Berdea lan-batzordea abian jarri zenetik. Batzorde hori gizarte-eragileek, enpresek, unibertsitateek eta erakundeek osatzen dute, eta Bilboko ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-jasangarritasunaren alde batera lan egitea dute xede. Era berean, BiCBk ziurtapen-programa bat du abian elkartekideentzat, Biosphere-ren bidez. Turismoaren sektoreko nazioarteko erreferentea da, eta GJHen aldeko ekintzekin enpresa, erakunde edo helmugek duten konpromisoa ikuskatzen du. Entitateak berak maiatzean lortu zuen ziurtagiria, eta Bilboko MICE sektorearen eragin positiboa optimizatuko duen legatu-proiektu bat garatzen ari da.

GDS indizea, Nazioarteko Kongresu eta Konbentzioen Elkarteak (ICCA), IMEX Groupek, European Cities Marketingek (ECM) eta MCI Groupek elkarlanean prestatutakoa, helmuga jasangarrien mugimenduan biltzen da, zeinak sektoreko profesionalak elkarrekin lotzen dituen gizartearekiko, ekonomiarekiko eta ingurumenarekiko leku jasangarriagoak izan daitezen lortzeko estrategiak sortzeko.

SARE SOZIALAK: