Abenduak 1
Azkuna Zentroak Bilbao European Encounters Nazioarteko elkarrizketen zazpigarren edizioa hartuko du abenduaren 3tik aurrera.
Datorren ostegunean, abenduaren 3an, Bilbao European Encounters delakoaren zazpigarren edizioa abiaraziko da Bilbon (online formatuan), hau da, Globernance Gobernantza Demokratikoaren Institutuak Bilboko Udalaren lankidetzarekin antolatzen duen hitzaldien ziklo bat. Biltzarraren inaugurazioan Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enpleguko zinegotzia den Xabier Ochandianok parte hartuko du.
Jardunaldien helburua da abenduaren 3an, 10ean eta 17an, arratsaldeko 18:30etik 20:00etara, herritarrei helaraztea pandemiak planteatutako erronka nagusien analisia, eta, hain zuzen ere, nazioarteko adituen ikuspegiaren eta euskal ikuspegiaren bitartez egin nahi da hori.
Besteak beste, nabarmentzekoa da nazioarteko aditu hauen parte hartzea: Lina Gálvez, eurodiputatua eta Sevillako Unibertsitateko Historiako katedraduna; Alberto Alemanno, EBren politika publikoen analisian aditu ezaguna; Joseph Lacey, Dublingo University College-eko irakaslea eta teoria demokratikoan eta europar politika konparatuan aditua, eta Nadia Urbinati, Columbia Unibertsitateko ikerlaria eta pentsamendu moderno eta garaikidean eta tradizio demokratiko eta antidemokratikoetan espezializatua. Horrez gain, tokiko erakundeetako arduradunek ere parte hartuko dute, esaterako, Miren Gotzone Sagarduik, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak.