Sortzearen Abentura proiektuaren bosgarren edizioarekin, Bilbok kultura ekintzailea sustatuko du bigarren hezkuntzako ikasleen artean

Maiatzak 6

  • Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia den Xabier Ochandiano eta Herritarren Arretako eta Partaidetza Saileko zinegotzia den Oihane Agirregoitia gaur goizean egon dira proiektuaren azken ekitaldian, zeinaren bitartez ekintzaile izateko beharrezkoak diren ezagutzak, gaitasunak eta jarrerak garatu nahi diren Bilboko gazteen artean.

  • Ekitaldia Zabalguneko Eraikinean egin da, eta ikasleek elkarrekin egin dute lan, taldean, Bilboko Balioen Agiriaren eta, zehazki, gazteentzako baliorik garrantzitsuenak identifikatzeko erronkaren inguruko sormenezko irtenbide berritzaileak diseinatzeko, bai eta definitzeko eta gazte gehiagorengana heltzeko estrategiak lortzeko ere.

  • Azken hilabeteetan Sortzearen Abentura ekimenaren 2021/2022ko edizioa Bilboko hamar ikastetxetan garatu da ekintzailetzaren, sormenaren eta taldean lan egitearen balioa sustatzeko, beste gaitasun batzuen artean.

Bilboko Udalak, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez, hiriko ikasle gazteen artean kultura ekintzailea bultzatzeko apustua sendotu du, Sortzearen Abentura proiektuaren bosgarren edizioa martxan jarriz.

Ekimena Zabalguneko eraikinean antolatu da gaur goizean, eta bertan izan dira ikastetxe parte-hartzaileetako ikasleak, Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia den Xabier Ochandiano eta Herritarren Arretako eta Partaidetza Saileko zinegotzia den Oihane Agirregoitia.

Azken ekitaldi horretan, azken asteetan landu eta diseinatu dituzten soluzioak aurkeztu dituzte ikasleek, zeinak abiapuntu izan dituzten aldez aurretik ikasgeletan egindako saioetan landu dituzten edukiak eta metodologiak. Soluzio guztiek sormenezkoak eta berritzaileak izan behar dute, eta Bilboko Udalaren Balioen Agiria hiriko herritarrei hurbiltzeko erronkari erantzun. Soluzio guztiak aurkeztu ondoren, ebaluazio-batzorde bat arduratuko da talde irabazlea hautatzeaz.

EKINTZAILETZA GAZTEEN ARTEAN BULTZATZEA

Sortzearen Abentura ekimenaren xede nagusia espiritu ekintzailea sustatzea da, baina 14 eta 16 urte bitarteko gazteen artean esperientzia praktikoa oinarri hartuta. Gazteek ekintzailetzari lotutako oinarrizko kontzeptu eta balioak barneratzea lortu nahi da, besteak beste, sormena, taldean lan egitea, arazoak konpontzea, komunikazioa, benetako inguru batean inplikatzea, garapen pertsonala eta autoezagutza, sormen-gaitasuna eta jarrera ekintzailea.

Horretarako, benetako erronka zehatzei erantzuteko irtenbideak diseinatzeko proposamena egin die ekimeneko ikasle parte-hartzaileei. Aurtengo edizioan, erronka hau proposatu da Bilboko Balioen Gutunaren inguruan: gazteentzako baliorik garrantzitsuenak identifikatzea, definitzea eta gazte gehiagorengana iristeko estrategiak diseinatzea.

Sortzearen Abentura bi fasetan gauzatu da. Lehenengoa, hain zuzen ere, ikastetxeetan bertan landu da azken hilabeteetan, irakasleen inplikazioarekin. Haiek ere prestakuntza-prozesu bat bete behar izan dute aldez aurretik. Bigarren fasea azken fase honen bitartez gauzatu da; hau da, emandako irtenbideak aurkeztu eta irabazlea hautatu da.

HAMAR IKASTETXEK HARTU DUTE PARTE BOSGARREN EDIZIOAN

Aurtengo ikasturtean, hiriko hamar ikastetxe hauetan ari dira Sortzearen Abentura ekimenaren bostgarren edizioa jorratzen: La Salle, Salestarrak, Eskolapioak, Harrobia Ikastola, Pagasarrabide Ikastetxea, San Pedro Apostol Ikastetxea, Kirikiño Ikastola, Zabalburu Ikastetxea, Ángeles Custodios Ikastetxea, Hijas de la Caridad / Nuestra Señora de Begoña Ikastetxea.

Ekintzailetza eta berrikuntzaren gainean sentsibilizatzeko helburua duen proiektu hau eskola-orduetan gauzatu da, eta funtsean praktikoa izan da. Ekimenaren bitartez, udalak irakasle eta ikasleak beren inguruarekin inplikatzea eta tokiko enpresa, elkarte nahiz eragileekin harremanetan jartzea lortu nahi du.

Bost edizioetan zehar, Bilboko 16 ikastetxetara, 71 lerrotara eta 1.500 ikastetxe baino gehiagorengana iritsi da Sortzearen Abentura.