Bilbao Mentoring Conference ekimenak erreferentzia handiak bilduko ditu mentoretzaren inguruko esperientziak jorratzeko

Azaroak 29

  • Ostegunean, abenduaren 1ean, Bilboko Udalak topaketa bat antolatu du mentoring delakoak hiribilduko saltokien eta ETE-en lehiakortasuna hobetzeko tresna gisa duen balioa azpimarratzeko helburuarekin.

  • Bilbao Ekintzako zuzendari nagusia den Javier Garcinuñok emango dio hasiera (09:30ean) ekimenaren bosgarren edizioari, eta ekitaldi hori Euskalduna Jauregian izango da.

  • Conor Neill lidergoko aditu ospetsuak, YouTubeko kanalean 280.000 harpidedun dituenak, emango du hitzaldi nagusia, Elkarrizketaren bidez konfiantza sortzen izenekoa, Horrez gain, egunean zehar mahai-inguruak egongo dira enpresa eta entitate ospetsuetako zenbait profesionalekin.

  • Kongresua Mentoring Bilbao programaren barruan kokatzen da, zeina Bilboko Udalak Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bidez bultzatzen baitu. Egun, programak banakako laguntza ematen die hiribilduko 24 enpresari beste hainbeste mentoreren bidez.

Ostegunean, Bilbao Ekintza udal-sozietateko zuzendari nagusiak, Javier Garcinuñok,, hasiera emango dio Bilbao Mentoring Conferencen V. edizioari. Mentoretzaren inguruko esperientziak trukatzeko foroa da hori, Bilboko Udalak antolatutakoa.

Ekimenaren bidez lortu nahi da mentoring delakoak Bilboko eta bere inguruko saltokien eta ETE-en lehiakortasuna hobetzeko tresna gisa duen balioa azpimarratzea.

Euskalduna Jauregia izango da topaketaren egoitza. Aurten berriz antolatu da, 2020an eta 2021ean pandemiak eragindako etenaren ostean. Bilbao Mentoring Conference mentoreei, giza baliabideetako eta aholkularitzako profesionalei, unibertsitateetako eta beste prestakuntza-erakunde batzuetako langileei eta, oro har, mentoretza-programak garatzen dituzten erakundeei zuzenduta dago. Kongresuak enpresa-kudeaketaren zenbait esparrutako izen handiko hamar profesional inguru bilduko ditu, egunean zehar egingo diren hitzaldi eta mahai-inguruetan beren ezagutzak eta esperientzia publikoarekin partekatzeko.

Ekitaldia Javier Garcinuñok jarriko du martxan (09:30ean), eta, horren ostean, Escuela de Mentoring zentroko zuzendari exekutiboa eta estatu osoan European Mentoring & Coaching Council-eko presidenteordea den Mª Luisa de Miguelek agerraldia egingo du.

Bilbao Mentoring Conferencek hasieratik ezarritako ildoari eutsi dio, eta aurten ere mentoringaren dimentsioa eta potentzialtasuna ulertzen laguntzen duten nazioarteko zenbait aditu bilduko ditu. Edizio honetako hitzaldi nagusia Conor Neillen esku geratuko da. CEOen coachingean punta-puntako enpresa den Vistageko presidentea da. Irlandan jaioa, IESE Business School delakoan irakaslea da gainera, lidergoan espezializatutakoa. Neill ospe handiko hizlaria da hizpide dugun gaian, eta YouTubeko kanalean 280.000 harpidedun eta 23 milioi ikustaldi inguru ditu. Euskalduna Jauregiko ekitaldian Elkarrizketaren bidez konfiantza sortzen izeneko hitzaldia emango du ingelesez.

Horren ostean, eguneko lehen mahai-ingurua antolatuko da, Mentoring-a enpresan izenburukoa, giza baliabideetako hiru profesional bilduko dituena. Ricardo Bacchini, Volkswagen Group España Distribución enpresako Giza Baliabideen eta Antolakuntzaren zuzendaria; Paloma Sierralta, Gold Fields enpresako Ameriketako eskualdetako Talentu Kudeaketako gerenteordea, eta Adela Ureta, Saint-Gobainen Giza Baliabideetako zuzendari orokorra Espainian, Portugalen, Marokon eta Aljerian. Horiek izango dira Wolters Kluwer-en Capital Humano aldizkariko argitaratzaileen burua den Mercedes de la Rosak moderatutako eztabaidan parte hartuko dutenak.

Kongresuak tokiko esperientzietan ere jarriko du arreta, hala nola Bilboko Udalak Bilbao Ekintzaren bidez sustatutako Mentoring Dual Digital programan. Javier Garcinuñok 2021ean hasitako proiektu horren gakoak azalduko ditu. Bertan, espezializatutako start-up enpresek mentoretza ematen diete hiribilduko ETE eta saltokiei, beren eraldaketa digitala errazteko.

Eguna bukatzeko, beste mahai-inguru bat antolatuko da, Ekintzaileentzako eta enpresarientzako mentoring gaian zentratutakoa. Eztabaidaren moderatzailea Estibalitz Ortiz izango da, IESE Business School-eko Coaching Unitatearen zuzendari exekutiboa, eta parte hartuko dute José Ignacio Rodríguezek, Centro Internacional Santander Emprendimiento (CISE) zentroko Berrikuntza eta Sentsibilizazio Arloetako zuzendaria eta Kantabrian AMCESeko ordezkaria denak; Guillermo Simarrok, ekintzailetzan eta familia-enpresen kudeaketan espezializatutako mentorea denak, eta Pedro Pardok, Fundación Aragón Emprende fundazioaren zuzendari-kudeatzaileak.

Izena emateko epea zabalik dago esteka honetan.

MENTORING BILBAO PROGRAMAREN MARKOAN

Mentoring Bilbao ekimenaren barruan kokatzen da Bilbao Mentoring Conference. Ekimen hori Bilboko Udalak jarri zuen martxan Bilbao Ekintzaren bidez, eta helburu nagusia enpresen eta saltokien trebakuntza eta gaitasunak hobetzen laguntzea du, baita epe luzerako ikuspegia eta enpresa-erabakiak hartzeko erraztasunak ematea ere. Joan den urrian hasi zen programa honen XIV. edizioa, eta, horri esker, hiribilduko 24 saltokik eta ETEk banakako laguntza izango dute beste hainbeste mentorerekin, profesional entzutetsuekin. Horiek, datorren ekainera arte, merkatuaren ezagutza eta esperientzia altruista emango diete, nork bere enpresa-estrategiak sendotzeko. Mentoring Bilbao 2008an martxan jarri zenetik, ehun bat mentorek eta 200 enpresa eta saltoki inguruk hartu dute parte proiektuan.

Bilbao Mentoring Conference ekitaldiaren bosgarren edizio honek jarduera osagarri bat du programatuta ostiralean, abenduaren 2an, Azkuna Zentroan. Bertan, Conor Neillek, topaketaren hizlari nagusiak, Master Class bat emango du, Mentoring Bilbao programan mentoretza-lanak egiten dituzten profesionalei eta aurreko eguneko kongresuan parte hartu zuten hizlariei zuzendua.

Bai Bilbao Mentoring Conference, bai Mentoring Bilbao ekimena, Bilboko Udalak enpresa-proiektu berriak sustatzeko eta era askotako sektoreetako profesionalek garapen-maila gorena lortzeko tresna eraginkor gisa mentoretzaren alde egindako apustu irmoaren parte dira.

SARE SOZIALAK: