Abenduak 1
-
Bilbao Ekintza udal-sozietateko zuzendari nagusiak, Javier Garcinuñok, hasiera eman dio Bilboko Udalak antolatutako ekimen horren bosgarren edizioari.
-
Mentoring delako esparruaren zenbait erreferente handi bildu dira Euskalduna jauregian tresna horri buruzko esperientziak trukatzeko, zeina Udalak hiribilduko saltokien eta ETEen lehiakortasuna hobetzeko baliabide gisa bultzatu nahi baitu.
-
Conor Neill irlandarrak eman du hitzaldi nagusia. Lidergoaren arloko aditu ospetsua da, eta 280.000 harpidedun ditu YouTubeko kanalean. Egunean zehar mahai-inguruak eta kasu arrakastatsuei buruzko hitzaldiak ere egon dira.
-
Kongresua Mentoring Bilbao programaren barruan kokatzen da, zeina Bilboko Udalak Bilbao Ekintzaren bidez bultzatzen baitu hiribilduko zenbait enpresei mentoreen bidez banakako laguntza emateko.
Gaur, osteguna, abenduak 1, Bilbao Ekintza udal-sozietateko zuzendari nagusiak, Javier Garcinuñok, hasiera eman dio Bilbao Mentoring Conference kongresuaren V. edizioari. Mentoretzaren inguruko esperientziak trukatzeko foro bat da, Bilboko Udalak antolatutakoa.
Topaketa Euskalduna Jauregian antolatu da, eta bertan bildu dira mentoring delakoaren hamar bat erreferente handi tresna horri buruzko esperientziak trukatzeko, zeina Udalak hiribilduko eta bere inguruko saltokien eta ETEen lehiakortasuna hobetzeko baliabide gisa bultzatu nahi baitu.
Hasiera instituzionala Javier Garcinuñok egin du, eta, horren ostean, Escuela de Mentoring zentroko zuzendari exekutiboa eta estatu osoan European Mentoring & Coaching Council-eko presidenteordea den Mª Luisa de Miguelek hartu du hitza Conor Neillen hitzaldi nagusiaren preludioa egiteko. Elkarrizketaren bidez konfiantza sortzen izeneko hitzaldian, CEOen coachingean punta-puntako enpresa den Vistageko Espainiako presidentea denak enpresa-arloko lidergoaren inguruan hausnartu du. Izan ere, arlo horretako irakasle eta hizlari entzutetsua da. Hala frogatzen dute YouTubeko kanalean dituen 280.000 harpidedunek eta 23 milioi ikustaldiek.
Jarraian, Mentoring-a enpresan izenburuko mahai-inguru bat antolatu da, eta honako hauek hartu dute parte eztabaidan: Ricardo Bacchini, Volkswagen Group España Distribución enpresako Giza Baliabideen eta Antolakuntzaren zuzendaria; Paloma Sierralta, Gold Fields enpresako Ameriketako eskualdetako Talentu Kudeaketako gerenteordea, eta Adela Ureta, Saint-Gobain enpresako Giza Baliabideetako zuzendari orokorra Espainian, Portugalen, Marokon eta Aljerian. Eztabaida Wolters Kluwer-en Capital Humano aldizkariko argitaratzaileen burua den Mercedes de la Rosak moderatu du.
Arreta jarri da baita ere bertako zenbait kasu arrakastatsuetan, hala nola Mentoring Dual Digital programan, zeina Bilboko Udalak Bilbao Ekintzaren bidez sustatu baitu. Javier Garcinuñok 2021ean hasitako proiektu horren xehetasunak azaldu ditu. Bertan, espezializatutako start-up enpresek mentoretza ematen diete hiribilduko ETE eta saltokiei, horien eraldaketa digitala errazteko.
Eguna bukatzeko, beste mahai-inguru bat antolatu da, Ekintzaileentzako eta enpresarientzako mentoring gaiari buruzkoa. Eztabaidaren moderatzailea Estibalitz Ortiz izan da, IESE Business School-eko Coaching Unitatearen zuzendari exekutiboa, eta parte hartu dute José Ignacio Rodríguezek, Centro Internacional Santander Emprendimiento (CISE) zentroko Berrikuntza eta Sentsibilizazio Arloetako zuzendaria eta Kantabrian AMCESeko ordezkaria denak; Guillermo Simarrok, ekintzailetzan eta familia-enpresen kudeaketan espezializatutako mentorea denak, eta Pedro Pardok, Fundación Aragón Emprende fundazioaren zuzendari-kudeatzaileak. Estatuko beste toki batzuetako esperientzien berri eman digute.
MENTORING BILBAO PROGRAMAREN ESPARRUAN
Bilbao Mentoring Conference Mentoring Bilbao ekimenaren esparruan kokatuta dago. Bilboko Udalak Bilbao Ekintzaren bidez martxan jarritako ekimen bat da hori, helburu gisa duena hiribilduko enpresa eta saltokiei beren trebakuntzarekin eta gaitasunekin laguntzea. Horretarako, beren merkatu-ezagutza eta esperientzia modu altruistan partekatzen dituzten profesional entzutetsuen banakako laguntza jasotzen dute. Mentoring Bilbaoren hamalau edizioetan zehar, ehun bat mentorek eta 200 enpresa eta saltoki inguruk hartu dute parte proiektuan.
Bilbao Mentoring Conference ekitaldiaren bosgarren edizio honek jarduera osagarri bat du programatuta bihar, ostiralean, abenduaren 2an, Azkuna Zentroan. Bertan, Conor Neillek, topaketaren hizlari nagusiak, Master Class bat emango du, Mentoring Bilbao programan mentoretza-lanak egiten dituzten profesionalei eta aurreko eguneko kongresuan parte hartu zuten hizlariei zuzendua.
SARE SOZIALAK: