Bilbok CGLUren munduko kontseiluan parte hartuko du, eta hiri adimendun gisa duen eredua partekatuko du

Azaroak 16

  • 2021eko CGLUren Munduko Kontseilua azaroaren 16tik 18ra bitartean egingo da Bartzelonan, Smart City Expo World Congress-en barruan, “Hiri eta lurralde adimendunak, agenda komunaren zutabeak” izenburupean.

  • Bilboko Udalaren ordezkaria Xabier Ochandiano izango da, Ekonomi Garapen, Merkataritza eta Enpleguko zinegotzia, eta CGLUren Munduko Kontseiluaren eztabaida politikoan eta estatutuen bilkuran parte hartuko du. Bertan, Bilboko Udalak gidatutako Smart Cities Study edizio berriaren argitalpenaren berri emango du ofizialki.

  • Gainera, Herritarren Arretako eta Partaidetzako eta Nazioarteko Gaietako zinegotzi Oihane Agirregoitiak parte hartuko du CGLUk antolatutako gai honi buruzko elkarrizketa politikoan: “Hiri eta lurralde adimendunak, agenda komunaren zutabeak”.

Gaur hasita eta datorren azaroaren 18ra arte, CGLUren (Hiri eta Tokiko Gobernu Batuak) Munduko Kontseilua egingo da, eta Bilbok era aktiboan parte hartuko du. Edizio hau Bartzelonako Smart City Expo World Congress-en barruan egingo da, “Hiri eta lurralde adimendunak, agenda komunaren zutabeak” izenburupean.

Bilboko Udalaren ordezkaria Ekonomi Garapen, Merkataritza eta Enpleguko zinegotzi Xabier Ochandiano izango da azaroaren 17an. Hark, ofizialki, CGLUren Munduko Kontseiluko kideei emango die Smart Cities Study 2021en laugarren edizioaren argitalpenaren berri. CGLUren Hiri Digitalen Praktika Komunitateak egin du, Bilbo Hiriaren gidaritzapean.

Smart City Expo World Congressekin lankidetzan CGLU erakundeak antolatutako jardueren barruan, Herritarren Arretako eta Partaidetzako eta Nazioarteko Gaietako zinegotzi Oihane Agirregoitiak parte hartuko du “Hiri eta lurralde adimendunak, agenda komunaren zutabeak” eztabaida politikoan. Eztabaida horretan, hiri-garaian hiri eta lurralde adimendunak garatzeak zer esan nahi duen aztertuko da; horretarako, hiri- eta landa-eremuaren arteko aldea murrizteko beharretik abiatu behar da, teknologia gure herriei mesede egingo dien baliabide baten modura eratuko da, eta horrek Agenda Komuneko erronken pare egoteko aukera emango digu.

SMART CITIES STUDY 2021

Bilboko Udalak gidatu du Smart Cities Study 2021aren laugarren edizioa, eta CGLUren Munduko Kontseilu honetan aurkeztu da. Azterlan honen helburua da hirien pandemiaren aurreko egoeraren berri izatea, digitalizazio-maila eta zituen “Smart” erako baliabideak eta tresnak identifikatuz. Pandemiak tokiko gobernantzaren eremu guztietan izan zuen eragina aztertzen da, bai eta sortu ziren ondorio negatiboei aurre zer “Smart” neurri edo tresna berri erabili ziren ere.

Azkenik, honako hau ere aztertzen da: era honetako jarduketek zenbat balio izan duten hirien erresilientzia areagotzeko, eta etorkizuneko krisiei aurre egiteko neurri eta tresna berrien erabilgarritasunari buruzko balorazioa egiteko. Azterlan honetan parte hartu dute 20 herrialdetako 35 hirik.

Informazio gehiago: http://www.uclg-digitalcities.org/smart-cities-study/edicion-2021/

LOCAL4 ACTION HUB BILBAO: BALIOEN HIRIA, HIRIAK GIDATUTAKO EKIMENA

Bilboko Udalak gidatzen du “Local4Action Hub Bilbao: Balioen Hiria” ekimena, eta haren helburua da balioetan oinarritutako gobernantza-sistema bat sortzea, hiriaren eta bertako herritarren balioen ezagutza sistemikoaren bidez, balio partekatuak kontsultatuz eta kapitalizatuz. Mundu-mailako programekiko loturak indartzeko lana da, 17 baliotan oinarritzen da, eta garapen jasangarriko 17 helburu adierazten dituzte.

Hub hau Bilbok gidatzen du eta munduko beste hiri batzuek ere parte hartzen dute: Valongo (Portugal), Toulouse (Frantzia), Caracas (Venezuela), Glasgow (Eskozia), Lille (Frantzia), Montevideo (Uruguai), Liv (Ukraina), Lusaka (Zambia) eta ICLD (Swedish International Centre of Local Democracy).

“Local4Action HUB” CGLUren ekimen nagusia da, kideen praktika eta esperientzien artean garapen jasangarriari buruzko estrategia sendotzeko. Beste aukera bat ematen du esperientzia baliotsuak konektatzeko eta toki-mailan garatzen diren irtenbideen zabalkunde handiagorako bidea irekitzeko.

Urriaren 19an, Hub-aren lehen lan-saioa izan zen, Balioen Hiria izan zuen ardatz, eta galdera hauen gainean aritu ziren: Balioen Hiria, “zer da?”, “zergatik?” eta “zertarako?”, eta Balioen Hiriaren Manifestuaren oinarria lantzeko baterako gogoeta batekin amaituko da.

Informazio gehiago: https://local4actionhubs.uclg.org/

BILBO, CGLU-N

Bilbo CGLUko kide aktiboa da 2004an sortu zenetik, eta 2013an sartu zen haren Munduko Kontseiluan. Gaur egun, Bilboko alkateak hainbat kargu ditu erakundean:

  • CGLUren Munduko Kontseiluko kide da.
  • Kontseilari Politikoaren kargua du “Guztiontzako aukerak, Kultura eta Hirien Diplomazia” izeneko kontseilu politikoan
  • Kultura Batzordeko presidenteordea da.

Gainera, Bilbo “Hiri Digitalen” Praktika Komunitatearen buru da, Smart Cities Study 2021eko laugarren edizioa prestatu du, eta Local4Action Hub Bilbao Cities of Values ekimenaren bidez, mundu osoan balioen gaineko hausnarketa eta ekintza sustatzea bilatzen du, Bilboko inspirazio-jardueratik abiatuta.