Azaroak 9
-
Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotziak, Xabier Ochandianok, Biotip proiektua aurkeztuko du, tresna teknologikoen aldeko eta Bilbo jomuga turistiko inteligentea bihurtzeko Udalaren apustua.
Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotziak, Xabier Ochandianok, TIS – Tourism Innovation Summit 2021 kongresuan parte hartuko du. Azaroaren 10etik 12ra arte Sevillan egongo den Berrikuntzaren, Turismoaren eta Teknologiaren goi-bilera da. Foro honen bigarren edizioa da, eta jarduera turistikoa berrabiarazteko eta berritzaileagoak, eraginkorragoak eta jasangarriagoak diren negozio eredu berriak eratzeko helburuarekin sortu zen.
Ostiraleko saioa (azaroaren 12koa) “Europako hirietako turismoaren berrikuntza eta gobernantza” deitzen da. Bertan, sektore turistikoaren egungo egoera eta teknologiak sektoreari eskaintzen dizkion aukerak aztertuko dira.
Horrela, Bilbok, tresna teknologikoen eta hiribildua helmuga turistiko adimendun eta jasangarri bilakatzearen aldeko apustuan, bertaratuei ezagutaraziko die Biotip proiektua eta baita proiektu hori hainbat eragile ekonomikotan integratzeko modua ere, hala nola merkataritzan, kulturan eta ostalaritzan. Gainera, aukera ezin hobea izango da Bilboren irudia indartzeko, besteak beste, kultura eskaintza zabala, gastronomia paregabea edo kalitatezko hotel eskaintza duen bikaintasuneko helmuga gisa.
Europako hirien berrikuntzan oinarritutako kudeaketa turistiko eraginkorrari buruzko saio horretan, Bilbok gidatuko du eztabaida, non Almudena Maíllo del Vallek (Madrilgo Udaleko Turismo zinegotziak) eta Xavier Marcék (Bartzelonako Udaleko Turismo eta Industria Sortzaileen zinegotziak) parte hartuko duten eta hirietako egungo kudeaketa turistikoari buruzko haien ikuspuntu estrategikoa partekatuko duten.
TIS2021: 3 KONGRESU EGUN, 5.000 BISITARI BAINO GEHIAGO ETA TURISMOKO 400 LIDER
Tourism Innovation Summit kongresuko hiru eguneko agendak turismo industriako egungo erronkak aztertuko ditu, eta aurtengo leloa “Restart, the news ways of travel” izango da. Bezeroa estrategien erdigunean kokatuko da, eta teknologia izango da sektore hori berritzeko tresna. Erronka horiei era bateratuan eta globalean aurre egiteko, TIS2021 kongresuak mundu osoko 5.000 bisitari bildu nahi ditu. Gainera, bertan izango dira turismo sektoreko 400 lider baino gehiago, nazioarteko ordezkariak eta industriaren erreferenteak diren administrazio publikoak, elkarteak eta erakundeak.