Urtarrila 23
-
Lehentasunezko helburua da zailtasun handiak dituzten eta kalteberatasun-egoeran dauden pertsonak prestatzea, gaitzea, eta enplegua eskuratzea eta mantentzea erraztea.
-
Oraingo honetan, Plan Bereziek 18 proiektu zehatz biltzen dituzte, Bilboko 270 pertsonari zuzenduak, 12 gizarte-entitateren, prestakuntza-entitateren eta enpresaren lankidetzarekin.
-
1,1 milioi eurotik gorako aurrekontua dute, eta Bilboko Udalak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak arazo bereziak dituzten pertsona eta auzoetara iristeko daukaten estrategiaren parte dira.
Bilboko Udalak Prestakuntza eta Enplegu Plan Berezien edizio berri bat jarri du abian. Programa berezia da, bai lehentasunezko helburuei dagokienez, bai edukiari dagokionez. Udalak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak elkarrekin finantzatzen dute, eta lanpostu bat lortzeko edo mantentzeko zailtasun handienak dituzten langabeei eta landunei zuzenduta dago, alegia: emakumeei, laneratzeko premia espezifikoak dituzten gazteei, 45 urtetik gorakoei, iraupen luzeko langabeei, desgaitasuna duten pertsonei, migratzaileei, langabeei, atzerrian bizi diren eta itzultzeko borondatea duten landun pertsonei, besteak beste.
Oraingoan, enplegua lortzeko arazo bereziak dituzten kolektibo eta auzo horiengana zuzenago iristeko, 18 proiektu zehatz prestatu dira, Bilboko 270 pertsonentzat.
12 gizarte-entitatek, prestakuntza-entitatek eta enpresak Udalarekin lankidetzan jardungo dute parte-hartzaileen gaitasun pertsonal eta profesionalak indartzeko edo hobetzeko. Hartara, lan-merkatuan irteera profesionala eta eskaria dituen prestakuntza eskainiko diete. Prestakuntza horren bidez, gainera, lan-aukera gehiago izateko tresna eta gaitasunetan trebatuko dira.
PRESTAKUNTZA JASOTZEKO ETA LAN EGITEKO IBILBIDE BEREZIAK
Guztira, 1,1 milioi euroko aurrekontua dute 18 proiektuek, eta kolektibo horien neurrira egindako planak jasotzen dituzte, haien prestakuntza- eta enplegu-beharrei erantzunez hainbat jardueratan, hala nola jarduera sozio-sanitarioetan, instalazio fotovoltaikoen instalazio eta mantentze-lanetan, zuntz optikoan, komunikazio-sistemetako operadoreetan, girotzeko eta aireztatzeko nahiz airea erauzteko zerbitzuen muntaketan eta mantentze-lanetan, elektro-soldaduran eta TIG soldaduran, ostalaritza eta turismoan, garbiketan, eko-industriako pinturan, eta abar.
Hamabi entitate hauek hartu dute parte:
- Bagabiltza Fundazioa-Fundación Bagabiltza.
- Gardabera S.L.
- Centro formativo Otxarkoaga (EPO).
- Asociación Sociocultural Tendel.
- Fundación ITAKA Escolapios-Itaka Eskolapioak Fundazioa.
- Gaztaroa Sartu Kooperatiba Elkartea.
- Peñascal S. Koop.
- Fundación EDE-EDE Fundazioa.
- Ikhazi Formación S.L.
- Maristak Zalla Ikastetxea.
- Gizakia Fundazioa.
- Claret Enea Sozial Fondoa.
Udal-arduradunentzat, entitate eta eragileekiko lankidetza “funtsezkoa eta ezinbestekoa da pertsona bakoitzaren kasuistika ulertzeko eta haien bizipenak eta kezkak hurbiltasunetik kontuan hartu ahal izateko, auzo guztietara iritsiz. Gainera, plan bereziek desabantaila-egoeran dauden kolektiboen beharrak lan-merkatu lehiakorraren eskariekin lotzen dituzte, bien arteko elkarlan hobea eskainiz.
Ekintza horiek beste tresna bat dira, Bilborentzat 2023-2024 aldirako diseinatutako enplegu-planen osagarri. 547 lanpostu berri sortuko dituzte Bilbon, 11,4 milioi euroko aurrekontuarekin.
SARE SOZIALAK: